Larraondoko zerrategia

Larraondoko zerrategia Zeraingo eraikina da, XIX. mendearen azken hamarkadan Higinio eta Santiago Alustizak eraikia[1]. 1960. urtearen inguruan utzi zioten zerrategia erabiltzeari.[2]

Larraondoko zerrategia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaZerain
Koordenatuak43°01′N 2°17′W / 43.01°N 2.29°W / 43.01; -2.29
Map
Arkitektura
Ondarea

2011ko uztailaren 19an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[3].

Deskribapena aldatu

Larraondo zerrategia Zerainen dago, Larraondo baserritik metro gutxira. Zerrategia eraikin txiki batean dago eta, bertara iristeko, Lasurrategiko ubidearen paraleloan dagoen bidea hartu behar da mendebalderantz. Antapara pixka bat gorago dago. Antaparak errekako ura jasotzen du, bai eta errekarekin bat egiten duen errekasto baten ura ere.

Eraikin txiki bat da zerrategia; erreka gainean dago eraikita, bi isurkitako teilatua du, mendi-hegalaren kontra eraikitako harri-horma du euskarri eskuinaldean, eta gainerako hormak zurezkoak dira. Aurrealdean, zerrategiaren behealdean, etxetxo bat dago, isurki bakarreko estalkia duena. Bertan dago, hain zuzen ere, turbina txikia. Turbina handia zerrategi barruan dago, behealdean. Turbina handiak mugiarazten ditu makinaren uhalak. Zerrategitik gora, metro batzuetara, antapararekin -hots, ur-biltegiarekin- topo egingo dugu. Hodien bitartez, ura turbinetara eramaten da. Uraren indarrak birarazten ditu turbinak. Ura albotik sartzen da eta erdialdeari loturiko hodietatik ateratzen.

Uhate batetik sartzen da ura ur-biltegira. Ur-biltegia harlangaitzez eginda dago eta hormigoiz sendotuta; hor ubidea estua den arren, zabaldu egiten da poliki-poliki. Antapararen hasieran, hiru maila daude hondoan, eskailera-maila gisara eraikita, uretan dauden adarrak eta bestelako objektuak aurrealdera igaro ez daitezen. Antaparak gainezkabide bat du errekarantz eta aurrealdean metalezko sare bat. Sare horrek irazi egiten du ura, hostorik eta antzekorik igaro ez dadin hodietara, hots, ura turbinetara daramaten hodietara. Giltza-sistema bati esker, ur-jarioa eten daiteke, garbiketa-lanak edo bestelako lanak egiteko.

Zerrategiko etxetxoko turbina txikiak abiarazten du dinamoa. Dirudienez, sortutako elektrizitatea argitarako erabiltzen zen zerrategian, bai eta baserrian ere; izan ere, kontrapisu- eta kable-sistema baten bidez, baserritik abiaraz zitekeen sistema.

Zerrategi behealdeko turbina handiak abiarazten du makina mugiarazten duen uhal- eta polea-sistema. Lekukotasunen arabera, garai batean 14 makina izan zituen zerrategiak. Gaur egun, hiru uhalek abiarazten dituzte erreminta hauen mekanismoak:

a) 1. uhala:

  • Tornua: bira egiten duen tresna; besteak beste, erreminten kirtenak eta altzarien hankak egiteko erabiltzen da.
  • Arrabota: hortzak dituen erreminta; mihiztadura egiteko eta zura leuntzeko erabiltzen da.
  • Esmerila: tresnak zorrozteko harri txikia: esate baterako, zerrak.
  • Leuntzeko makina: leuntzeko eta zurari azken ukituak emateko tresna.
  • Zulatzeko makina: zuloak egiteko erreminta.

b) 2. uhala:

  • Zerra zirkularra: hainbat tamainatan mozten du zura, luzetara eta zabaletara.

c) 3. uhala:

  • Zinta-zerra: zuhaitzen enborretatik oholak eta habeak lortzeko erabiltzen zen. Enborrak erraildun gurdi batean jartzen ziren. Gurdiaren mekanismoaren bidez doitzen zen moztu beharreko oholaren lodiera.

Zerrategian, sutegi bat eta ingude txiki bat ere badaude. Sutegiak sua zirikatzeko balio du eta aireztapen-sistema du. Ingudea, berriz, metalezko tresnak konpontzeko erabiltzen zen. Horrez gainera, erreminta eta tresna txiki asko jaso ditugu. Zerrategiko lanetarako erabiltzen ziren erreminta eta tresna horiek.

Industriaurrean eta lehenengo industrializazioan, energia hidraulikoaz ibiltzen ziren instalazio asko eraiki zituzten. Instalazio horiek hainbat eta hainbat gauzatarako erabiltzen ziren. Instalazio horien adibide da Larraondo zerrategia. Instalazio txikia izan arren, Larraondo zerrategia baserriarekin eta baserriko lanekin lotuta dago. Biak oso ondo zainduta daude; garai bateko makinak ia osorik daude eta martxan ikus daitezke.

1890 inguruan jarri zuten abian zerrategia eta 1960ra arte erabili. Dena den, baserrian argia izateko erabili zuten 1970eko urteetan. Gero, baztertuta utzi zuten 1993ra arte. Urte hartan, zortzi hilabetez zaharberritze-lanak egin ondoren, jendearentzat zabaldu zuten. Zaharberritze-lanetarako, zerrategiko materiala erabili zuten; zerrategian bertan eta inguruko bordetan aurkitu zutena, hain zuzen ere. Instalazio txiki hori ondare historikoa da; XIX. mendean eta XX. mende hasieran nola lan egiten zuten erakusten digu. Gaur egun, zaharberritze-lanei esker, kontserbazio-egoera onean dago. Interes kulturaleko hainbat elementuk agerian jarri dute Zerainen balioa; besteak beste, Aizpeako meategiek eta museoak. Zerrategia elementu horietako bat da.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa