Landare intsektujale

Landare intsektujalea edo landare karniboroalandare intsektiboroa edo landare haragijalea ere deitua— intsektuak edo bestelako ornogabe txikiak harrapatzeko moldaerak dituen landarea da,[1] era horretan bere elikatze-beharren zati bat lortzen duena. Landare horiek elikagai urriko lurzoruetan hazi ohi dira, hala nola padura, zohikaztegi eta eremu harritsuetan. Harrapakinak erakarri, harrapatu eta digeritzen dituzten 600 bat landare-espezie aurkitu dira, 6 familia eta 14 generotan banatuak. Horietaz gain, 300 espezie protokarniboro ezagutzen dira.[2]

Nepenthes lowii pitxar-landare tropikala.

Lehenengo aldiz horrelako landare bat deskribatu eta marraztu zuena Rembert Dodoens alemaniarra izan zen. 1554. urtean drosera deritzon landarea deskribatu eta sendagarria zela aipatu zuen; biriketako gaitzen eta eztularen aurkako sendagarritzat erabiltzea gomendatzen omen zuen. Hala ere, ez zuen intsektujale zenik aipatu eta, geroago, Linneo bera ere ez zen landare horien haragijale-izaeraz ohartu. Ondorioz, XIX. mendearen hasiera arte ez zen landare intsektujaleen deskribapen sakonik egin. Charles Darwinek idatzi zuen landare karniboroei buruzko lehenbiziko tratatua, 1875ean.[2]

Harrapatze sistemakAldatu

Intsektuak harrapatzeko sistema ezberdin ugari dituzte landareek. Baina, orokorrean, tranpa-motaren arabera hiru taldetan sailkatu ahal ditugu landareak: tranpa aktibodunak, erdiaktibodunak eta pasibodunak.

Tranpa aktiboakAldatu

Ezagunenak dira, landarea mugitzen ikus daitekeelako. Horiek, ordea, bi motatakoak izan daitezke: baraila antzeko tranpak eta xurgatze-tranpak.

Baraila antzeko tranpak dituzten generoak bi dira, Dionaea eta Aldrovanda. Guztiontzako ezagunena Dionaea generoarena da. Bere tranpak maskor ireki baten itxura du eta bere ertz guztia hagin antzeko 15-20 luzapenez dago inguratuta. Intsektua, landareak jariatzen duen nektar gozoak erakarrita, barrura sartzen bada, "kusku" barruan dauden ile batzuk kitzikatuko ditu. Ile horiek "kuskua" ixteko seinalea eman eta 1/30 segundotan itxiko da tranpa. Baina, intsektua barruan mugitzeko gai izango da oraindik. Mugitzen jarraituz gero, bigarren ile-mota kitzikatuko du eta "kuskua" guztiz itxiko da.[2]

Orduan, intsektua hil eta landareak digestio-entzimak jariatuko ditu, apurka-apurka elikagaiak xurgatzen hasteko. Halabeharrez, barrura intsektua ez den beste zerbait jausten bada, adibidez, euri-tanta bat edo hosto-zati bat, bigarren ile-mota kitzikatu gabe geratuko da eta tranpa berriro irekiko da. Bi ile-mota izatea ezinbestekoa da, tranpa itxi eta zabaltzea gastu izugarria baita landarearentzako eta tranpa bakoitza gehienez 5 aldiz itxi eta zabaltzen baita. Dionaea generoaren barruan espezie bakarra dago, Estatu Batuetako Ipar Karolina estatuan bakarrik hazten dena eta babestutako espeziea da. Aldrovanda generoa, aldiz, urtarra da eta Europa eta Asia osoan banatzen da. Harrapaketa-sistema bera erabiltzen du, baina tranpa txikiago eta ugariagoak ditu. Tranpek 1/500 eta 1/1000 segundo bitartean behar dute ixteko.[2]

Xurgatze-tranpak, berriz, Utricularia generoan bakarrik agertzen dira. 221 espezie sartzen dira talde horretan, eta mundu osoan daude sakabanatuta. Landare urtarrak dira denak. Horien harrapatze sistema ere oso ikusgarria den arren, tranpa oso txikiak dira eta behatzeko zailak. Tranpak poltsa biribil baten itxura dauka, eta irekidura bat du –operkulua– bere estalkiarekin batera. Poltsa hustuta dagoenean, airerik ez duen globo baten itxura hartzen du.[2]

Ur-arkakusoren bat irekidura ingurura hurbilduz gero, iletxo batzuk kitzikatuko ditu. Ile horiek operkulua irekitzeko seinalea emango diote tranpari eta, irekitzearekin batera, ura eta parean suertatzen dena xurgatuko du. Mekanismo hori oso azkarra da, 1/500 segundotan betetzen baita poltsa. Gero, ordu-erdi baten buruan, xurgatutako ur dena kanporatuko du eta harrapakina digeritzen hasiko da.[2]

Tranpa erdiaktiboakAldatu

 
Pinguicula conzattii eta harrapakinak.

Tranpa erdiaktiboak, aldiz, likido itsaskorrez bustitako tentakuludun hostoak dira. Intsektuak hosto horietan pausatuz gero, erdi itsatsita geratzen dira eta, askatzeko ahaleginak egin arren, ezingo dira askatu. Intsektua ondo itsatsi eta ihesik egin ez dezan, tentakuludun hostoa animaliaren aldera okertuko du landareak, eta kasu batzuetan guztiz bildu. Tranpa hori erabiltzen duten generoak Drosera eta Pinguicula dira.[2]

Drosera generoko espezie batzuen tranpak oso sentikorrak dira: 0,000822 miligramoko ile batek ukituz gero, tranpa aktibatu egiten dela frogatu da. Hasieran aipatu bezala, deskribatu zen lehen landare karniboroa da eta, bere deskribatzaileak esan bezala, krisi asmatikoen aurkako sendagai gisa erabilia izan da, kromoglikato disodikoa baitauka bere baitan, antiinflamatorioa. Pinguicula generoaren kasuan, aldiz, tentakuluak ez dira hain ikusgarriak eta urrunetik hosto arruntak dirudite. Zientzialariak harrituta dituen ezaugarria daukate gainera: inolako nektar, usain edo kolore berezirik izan gabe, intsektua hosto itsaskorretara hurbildu eta, ia ziurtasun osoz, harrapatuko du animalia.[2]

Aipatutako bi genero horien antzeko sistema erabiltzen dute Byblis eta Drosophillum generoek ere. Ile itsaskorrez inguratutako hostoak dituzten arren, mugiezinak dira, ez dira intsektuaren inguruan bilduko. Beraz, tranpa pasibotzat hartzen da sistema hori. Intsektua bertan hil eta deskonposatzean hasiko da landarea elikagaiak xurgatzen. Bi generoetan espezie bana dago, eta Drosopyllum-aren kasua nahiko berezia da, klima lehorrera moldatu den intsektujale bakarra baita. Espeziearen izena Drosophyllum lusitanicum da, eta hego-mendebaldeko Espainiako eta Portugalgo espezie endemikoa da.[2]

Tranpa pasiboakAldatu

Ingelesez "pitcher plant" deritzenak dira, pitxar-itxurako tranpak dituzten landareak. Bost genero sartzen dira talde horretan: Darlingtonia, Heliamphora, Sarracenia, Nepenthes eta Cephalotus. Lehen hirurek estalki gabeko pitxarrak dituzte. Kolore bizikoak dira eta usain gozoko nektarra jariatzen dute intsektuak erakartzeko. Intsektua pitxarraren ahoan pausatzen bada, nektar labainkorrak barrurantz jausaraziko du animalia. Igotzen saiatuz gero, beherantz zuzenduta dituzten ileek galarazi egingo dio ihesa. Azkenean pitxarraren barrenean dagoen "zopara" jausiko da eta bertan ito. "Zopa" hori euri-urak eta digestio entzimek osatzen dute eta, intsektua digeritutakoan, landareak "zopa" elikagarria xurgatuko du.[2]

Beste bi generoen pitxarrak, aldiz, estalkidunak dira. Intsektua barrura sartuko da nektarrak erakarrita eta barneratzean estalkia ukituko du ezinbestean. Horrela, landareak estalkia ixteko seinalea jasoko du. Nepenthes generoko espezie batzuk 20 zentimetroko pitxarrak izan ditzakete, eta diotenez, eskorpioiak, txoriak eta narrasti txikiak ere aurkitu izan dira pitxar horien barruan.[2]

Digestioa landare guztietan antzera egiten da. Harrapakina tranpa barruan dagoen momentutik, digestio-entzimak lanean hasten dira. Ia kasu gehienetan, landareak berak jariatzen ditu entzimak tranpara, eta hor gertatzen den erreakziotik sortutakoa xurgatzen du. Beste kasu batzuetan, landarearekin sinbiosian bizi diren mikroorganismoak daudela aurkitu da. Mikroorganismoek digestio-prozesuan laguntzen diote landareari eta landareak mikroorganismo horiei bizileku babestua eskaintzen die. Harrigarria badirudi ere, pitxar-tranpa batzuetan, "zopan" bertan bizi diren intsektu-larbak ere topatu izan dira, Wyeomyia smithii eta Metriocnemus knabi eltxoen larbak hain zuzen ere. Landarearen digestio-entzimetatik nola babesten diren ez dakite oraindik.[2]

EkologiaAldatu

Landare intsektujale gehienak elikagai urriko hezeguneetan bizi dira, zohikaztegietan, zingiratan eta antzekoetan. Leku horietan, elikagaien kontzentrazioa oso baxua da, dauzkaten baldintza bereziak direla eta. Ur geldiak direnez, oxigeno-kontzentrazioa oso txikia da eta hildako materia organikoa usteldu gabe pilatzen da. Ez bada usteltzen, elikagai gutxi berritzen da.[2]

Gainera, ura asko azidotzen da, eta usteltzen lagundu beharko luketen mikroorganismoek ezin dute beren funtzioa bete. Horren guztiaren ondorioz, landareentzako elikagai erabilgarria asko murrizten da, eta moldaera bereziak behar dira lurzorutik hartu ezin daitezkeen elikagaiak lortzeko. Landare karniboroak ingurune zail eta estresagarri horietara moldatu dira, eta fotosintesia egiteaz gain, nitrogeno- eta fosfato-iturri aberats batera jo dute euren dieta.[2]

KontserbazioaAldatu

Zohikaztegiak eta antzeko habitatak mundu osoan murrizten ari dira gizakiaren presioa dela-eta. Gehienbat nekazaritza izan da eremu horiek galtzearen errudun, landa-lur berriak lortzeko putzuak sikatu eta landareak erre baitira leku askotan. Estatu Batuetan, esaterako, hezegune guztien % 95 hondatu da. Horregatik, lehenago ugariak ziren intsektujale-espezieak gero eta arraroago bilakatzen ari dira mundu osoan.[2]

Horretaz gain, urte batzuetatik hona, intsektujaleak etxean hazteko moda asko zabaldu da. Landare-saltzaile askorentzat negozio biribila dena, naturan arazo izugarria bilakatu da, askok eta askok zohikaztegietara jotzen baitute landare horiek batzeko. Baina landare horiek haztea oso korapilotsua da. Kondizio oso berezietan bizi dira naturan eta oso sentikorrak dira aldaketekiko. Hezetasun-maila eta tenperatura konstantea behar dituzte, klororik gabeko ura eta elikagai-kantitate txikia.[2]

HazkuntzaAldatu

Landare intsektujale gehienek euri-ura behar dute hazteko. Izan ere, etxeko iturriko ura erabiliz gero, ihartuko lirateke. Landare hauek hezeguneetan bizi dira, eta gehienak ezin dira leku lehorretan bizi edo hazi. Beraz, udan loreontziaren azpian urez betetako plater bat jarri behar da. Batzuk urte osoan bizi daitezke kanpoaldean. Esate baterako, Sarracenia generokoak 0 °C-tik beherako tenperaturak jasan ditzakete; Estatu Batuetako ekialdean bizi dira. Aitzitik, Nepenthes generokoek ezin dute halako tenperatura baxurik jasan, 20 °C eta 30 °C arteko tenperaturara egokituta baitaude.

ErreferentziakAldatu

  1. Euskalterm: Landare intsektiboro
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p Orobengoa, Olatz. Landare haragijaleen mundu ezezaguna. Elhuyar aldizkaria, 177. zenbakia, 2002ko ekainak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus . Noiz kontsultatua: 2020-5-7.

Kanpo estekakAldatu