Zohikaztegia zohikatza sortzen eta metatzen den hezegunea da. Lur zingiratsuak edota urez aseak izaten dira, maila freatikoa lur azaletik hurbil dutenak, eta tenperatura hotzekoak. Hezetasun handia dela eta, goroldioz estalirik egoten dira[1].

Mer Bleue Bog, Ontarioko ekialdean.
Haut de Mérelleko zohikaztegia (Gérardmer, Vosgeak).
Zohikaztegietako landaredia: Esfagnoak, Drosera rotundifolia eta Erica tetralix. .

Zohikaztegien eraketa

aldatu

Normalean zohikaztegiak maila freatikoa nahiko goian edukitzen duten aintzira-arroetan sortzen dira. Ur asetasunak ekartzen duen oxigeno kontzentrazio txikiak, klima hotzak eta uraren azidotasunak deskonposatzaileen (bakteria eta onddoak) jarduera murriztu egiten dute eta, horren ondorioz, materia organikoa usteldu gabe gelditzen da[2]. Horrela, zokogunea partzialki deskonposatutako landare materialez (zohikatzez) betetzen da.

Arroa emeki-emeki betez doan heinean, zohikaztegiaren alde batzuek galtzen dute kontaktu zuzena urarekin, lehortu egiten dira, eta zohikatza sortzeko prozesua gelditzen da.

Azken glaziazioaren ondotik (duela 12.000 bat urte) eratzen hasi ziren zohikaztegi gehienetan, zohikatz-geruzaren lodiera 50 cm eta 5-10m artekoa izaten da. Badira, hala ere, ohiz kanpoko pilaketak, hala nola, La Grande Pile (Vosgeak, Frantzia) 17 mko lodiera duena[3].

Banaketa

aldatu

Zohikaztegiek oso hedapen zabala dute klima hotz eta epeleko eskualdeetan, azpiartikoetan batez ere, eta mundu osoan 4 milioi km²ko azalera hartzen dute[4]. Munduko zohikaztegirik zabalenak Mendebaldeko Siberiako ordokian (Errusia) daude, milioi bat km²rekin. Ipar Amerikan eremu handiak hartzen dituzte, bereziki Hudson badiako ordokian eta Mackenzie ibaiaren arroan. Iparraldeko Europan ere esfagno-zohikaztegi ugari dago, baina askotan nekazaritzarako drainatu izan dira.

Zohikaztegia elikatzen duen urak duen jatorriaren arabera, bi mota nagusi bereizten dira[2]:

  • Zohikaztegi onbrotrofiko edo oligotrofikoek (ingelesez Bog) prezipitazioen ura baino ez dute jasotzen. Minerotrofikoak baino pobreagoak dira mantenugai mineraletan.
  • Zohikaztegi minerotrofiko edo eutrofikoek (ingelesez Fen) prezipitazio uraz gain, lur azpiko edo jariatze-urak ere jasotzen dituzte. Hori dela eta, mantenugai gehiago izaten dituzte.

Metatutako zohikatz-geruzaren lodierari erreparatzen badiogu, egiazko zohikaztegiak eta esfagnadiak bereizten dira. Azken hauetan, antzeko landaredia duten arren, ez dago zohikatzaren pilaketa nabarmenik[5].

Flora eta fauna

aldatu

Zohikaztegietako landaredia baldintza gogorretan (oxigeno urria, lurzoru azidoa eta elikagai mineral gutxi) bizitzeko ongi moldatutako espeziez osaturik dago. Sphagnum generoko goroldioak dira espezierik bereizgarrienak. Zohikatza urez asetutako kuxinak eratuz hazten diren goroldio hauen hondakinez osatzen da. Esfagnoen filidioetan bi zelula mota daude: klorozistoak eta hialozistoak. Azken hauetan ura metatzen dute eta, urarekin batera, katioiak ere bahitzen dituzte. Honen ondorioz, zohikaztegietako ura azido eta oligotrofiko bilakatzen da[2].

Lurzoru hauetan zenbait elikagai mineral (batez ere, fosforo eta nitrogenoa) arrunt urriak dira. Landare intsektiboroak (droserak, muki-belarrak,...) horrelako baldintzetan ongi moldatzen dira, nitrogeno premiak harrapatzen dituzten intsektuetatik asetzen dituztelako. Orkideak, berriz, onddoekin mikorrizak eratuz eskuratzen dituzte elikagaiak. Beste landare ohiko batzuk ezpata-belarrak (Carex), ihiak, Eriophorum angustifolium, Molinia caerulea eta erikazeoak (Erica, Calluna,...) dira. Euskal Herriko zenbait zohikaztegi eta esfagnaditan interes handiko espezieak aurki daitezke, hala nola, Menyanthes trifoliata, Pinguicula lusitanica, Spiranthes aestivalis[5] eta Rhynchospora fusca[6].

Zohikaztegietako flora

aldatu

Zohikaztegietako fauna

aldatu

Erabilerak

aldatu
 
Zohikatz-erauzte industriala Bielorrusian.

Lehortutako zohikatza aski erregai ona da eta, zohikaztegi ugari dagoen eskualdeetan, aspaldidanik erabili izan da. Irlanda, Finlandia, Bielorrusia, Errusia, Suedia eta Ukraina ekoizlerik handienak dira[7]. Nekazaritza eta lorezaintzan ere asko erabiltzen da substratu gisa. Xurgatzaile eta ongarri moduan oso preziatua da[8]. Whiski destilategi batzuetan, bereziki Islay uhartean (Eskozia), zohikatza baliatzen dute garagarra txigortzeko.

Zohikaztegien balioak

aldatu

Aspaldiko denboretan zohikaztegiak, hezegune gehienak bezala, ingurune osasungaitz eta arriskutsutzat hartzen ziren. Hori zela eta, osasun publikoaren onerako, drainatu eta agortu behar zirela uste zen. Gaur egun, ordea, balio ugari aitortzen zaizkie[9]:

  • Interes arkeologiko eta paleoklimatikoa. Zohikaztegietako baldintza anoxiko eta azidoei esker, bertan harrapatuak geratzen den materia organikoak (polena, egurrak, animalia eta landareen hondakinak...) denbora luzean egoera onean irauten du. Horri esker, beste garai batzuetako landarediaren konposizioa eta klimaren ezaugarriak ezagutzen ahal dira eta antzinako giza kulturei buruzko informazioa lor daiteke[2].
  • Zohikaztegiak eta uraren zikloa. Zohikaztegiak garrantzi handiko ur-biltegiak dira. Erresuma Batuko edateko uraren %70ak horrelako inguruneetan du jatorria. Ongi kontserbatutako zohikaztegiek kalitate oneko ura ematen dute[4].

Euskal Herriko zohikaztegiak

aldatu

Erlibe gogorra dela eta, zohikaztegiak ez dira oso ohikoak Euskal Herrian eta askotan, gehiegizko ustiapenaren ondorioz, oso gaizki daude. Hala ere, garrantzi bereziko batzuk daude:

Hauen garrantzia izan gabe badira beste esfagnadi txikiagoko batzuk gure mendietan (Irati, Jaizkibel, Murumendi, Andatza, Mendizorrotz...), guztiak garrantzi ekologiko handikoak.

Erreferentziak

aldatu
  1. Zohikaztegi Euskalterm
  2. a b c d Mikel ESTONBA MINTXERO: Euskal Herriko hezeguneak (V): barrualdeko hezeguneak: zohikaztegiak[Betiko hautsitako esteka] Zientzia.net
  3. Qu´est ce qu´une tourbière? Pole-tourbieres.org
  4. a b IUCN UK Commission of Inquiry on Peatlands Full Report, IUCN UK Peatland Programme
  5. a b I. ZENDOIA, M. GARTZIA, A. ALDEZABAL eta I. AIZPURU: Gipuzkoako kostaldeko esfagnadien kartografia, karakterizazioa eta kontserbazio-egoera. Munibe (Ciencias Naturales-Natur Zientziak), 54. zenbakia (2003), 5-20. ISSN 0214-7688
  6. Rhynchospora fusca Atlas y Libro Rojo de la Flora Vascular Amenazada de España
  7. 2007 Survey of Energy Resources Executive Summary World Energy Council, 2007
  8. Irati KORTABITARTE: Pinuaren ezpalak laborantza intentsiboan[Betiko hautsitako esteka] Zientzia.net
  9. Pourquoi faut-il protéger les tourbières? Pole-tourbieres.org

Kanpo estekak

aldatu