Lacubegi

Uxuen agertutako aldare batean aipatutako jainko edo jainkosa

Lacubegi (agian Lcubeg) Uxuen agertu zen aldare bateko idazkunean aipatzen den jainko indigena bat da. Jainko edo jainkosa horren izena aldarearen inskripzioan dokumentatu da bakarrik.

Aldarea aldatu

Oinarri karratuko prisma zuzeneko pieza da. Erdiko gorputzean, inskripzioa du aurrealdean eta erliebeak alboetan.Inskripzioa oso ondo landuta dago karaktere erregularrekin, behar bezala lerrokatuta eta banatuta. Bi alboetan, aurrez ikusten den zezen baten burua irudikatzen da, diseinu erraz eta kontu handiz landua duena. Zokaloak eta erlaitzak moldurak dituzte, nahiz eta erlaitzaren aurrealdea moztuta dago. Bi ertzetan galerak izan dira, eta ezkerraldean ebaki nabarmena dago zezenaren irudian.

Testuak Coelite Telesphorosek, Festak eta Telesinusek, Lacubegiri, egindako eskaintzaren berri ematen digu. Aldarea hau antzeko beste baten ondoan dago, jatorri berekoa, baina alboko erlieberik gabea, Jupiterri subjektu berberek eskainia[1].

Idazkuna aldatu

  • Testuak honela dio: Coelii Te/sphoros / et Festa / et Telesi/nus Lacu/begi ex / voto
  • Tamaina:46 x 35 cm
  • Letren modulua: 4,5 cm
  • Letra mota: Letra maiuskula karratu monumentala. Letra erregularrak
  • Itzulpena: Coellii Telesphorosek eta Festak eta Telesinusek Lacubeg(i?)ri eskaintzen diote hau zin egin zutenez[oh 1].

Eskaintzaileak libertoak edo esklaboak izan daiteke, eskaintzaileetako batek bakarrik ditu bi izen (nomen eta cognomen) eta baliteke bera izatea pertsona libre bakarra aipatzen diren artean. Bestalde, Telesinus, Telesphoros cognomen bezala, greziar jatorrikoak dira, eta, kontuan hartuta, esklaboei izen grekoak eman ohi zitzaiela, bi gizon eta emakume horrek ere esklabo edo esklabo ohiak (libertoak) izatea.

Bestalde, kontuan hartu behar da, Lacubegi izenaren azken -i hori, latinaren datiboaren marka izan daitekeela. Horrela balitz, jainko edo jainkosaren izena bere forma nominatiboan, Lacubeg litzateke.

Zezen-burua aldatu

Lacubegi-ren inskripzioa duen aldarearen albo batean, gorago esan den bezala, zezen buru bat irudikatu zen erliebean. Batzuentzat jainko edo jainkosaren irudikapena litzateke eta beste batzuentzat, sakrifizioan eskainitako zezen baten oroitzapena, edo sakrifizioaren irudikapena bera. Azken finean, erromatar aldareetako albo bietan, arrunta zen sakrifizioetako objektuak paratzea, adibidez, zeremoniatan erabiltzen ziren pitxarrak likidoak jaurtitzeko, cochleare bat (koilara moduko bat)[oh 2], secéspita bat (labana), eta abar. Edonola ere Euskal Herriko beste leku dezentetan, eta gutxiago beste leku batzuetan agertu diren aldare taurobolikoekin[oh 3] lotu da Uxueko monumentua, adibidez, Amurrion aurkitutakoa. Alicia Maria Canto historialariak zezen-behi burua duten beste aldareekin erlazionatu du Uxuekoa eta ilargiarekin lotzen duen jainko-jainkosa beten gurtza Uxuen epizentroa zuela proposatu du[2][3].

Teonimoaren balizko esanahia aldatu

Aldarea Zuriako herri hustuko Andra Mariaren ermitan agertu zen, sakristian[4]. Handik hurbil Lakumulatu aurkintza dago, eta honen barrenean antzina herria izandako Laku ('toki urtsua', jatorriz) dermioa. Uxuetik gertuago jainko izenarekin eite izugarria duen Lakubeli-ko zokoa dago[5].

Izena bi osagai ditu: laku eta begi. Patxi Salaberrik dio laku, leku urtsua adierazteko erabiltzen dela[6].

« ....ulertzeko moduan erranen dut, J. Velazak (1995: 213) Lacubegi teonimoak iberiar itxura duela dio, nahiz lehenago Castillok (1992: 124) latineko lacu-k eta euskarazko begi-k osatutako hibridoa ikusi eta Lacu- ‘erreka’, ‘urgunea’, ‘putzua’ adierazten dituzten toponimoetan ohikoa dela erran. Gorro txategi (1995: 223-225) zalantzan dabil iberiartzat eman edo euskalduntzat; autore honen arabera lehen osagaiak paraleloak ditu Palamósko laku-arkis-en eta Saguntoko biu(r)-lakos-en, baina honek ez du erran nahi iberiar estratuko izena dela; bigarren osagaia, aldiz, euskarako begi-rekin lot daitekeela iruditzen zaio, lehenago Castillori bezala, edo behi-rekin, harrian behi burua ageri dela kontuan edukita. Núñezek (2004: 174), berriz, aurreko ikertzaile horien datuetan oinarri harturik apika, eta seguruenik idazkunen hizkuntzatik bestelako ondorioak atereaz, erraten du iberiera Uxue inguruan mintzatu zela. Hemen gogoan hartu behar da Lacubegi hori Laku izeneko dermio urtsuan aurkitu zela, hau Lakumulatu zabalagoaren barnean dela, Uxuen berean Lakubeli izeneko aurkintza ere badela eta laku euskal toponimian aski ugaria dela. Castillok ongi dioen bezala, gurean leku urtsuak izendatzen ditu, ez errekak eta putzuak, baina hidronimoa da betiere. »
Patxi Salaberri Zarategi

Jose Viccente Huartek ere laku eremu urtsua dela dio, latinetik hartutako mailegu goiztiarra, baina haratago doa eta azpimunduarekin eta emankortasunarekin lotzen du. Izenaren bigarren osagaia, "-begi", behiarekin edo begirekin lotu da[7][8].

Gaur egun, NafarroakoJose Vicente H museoan dago ikusgai. Oraindik ez da ezagutzen zein izan zen bere jatorrizko lekua[4].

Oharrak aldatu

  1. Wikilariak egindako itzulpena
  2. ikus patera artikulua
  3. Taurobolium, zezenaren sakrifizioa esan nahi du.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Red Digital de Colecciones de Museos de España - Museos» ceres.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  2. Canto, Alicia María. «Vascones: la Tierra del Toro» www.tierravascona.info (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).
  3. (Gaztelaniaz) Canto, Alicia María. (1997). «La tierra del toro. Ensayo de identificación de ciudades vasconas» Archivo Español De Arqueología (Madril Unibertsitate Autonomoa) 70(175-176): 31-70.  doi:https://doi.org/10.3989/aespa.1997.v70.256..
  4. a b «HispaniaEpigraphica Online Database - Resultado de la búsqueda» eda-bea.es (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  5. «Lakubegi - Pertsona-izenak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  6. Salaberri Zarategi, Patxi. (2011). «Pirinioetako euskal toponimoak: direnak eta diratekeenak» IKER (Nafarroako Unibertsitate Publikoa - Euskaltzaindia) 26: 1019-1047. ISBN 978-84-95438-76-8..
  7. Burgui, Mikel. (2008-10-19). «UXUE, UJUÉ ATALAYA DE NAVARRA.: Lacubegi. Dios precristiano propio de Uxue.» Uxue, Ujué atalaya de Navarra (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).
  8. Huarte Lerga, Jose Vicente. (1997). «Lacubegi eta Lacubeli» Fontes linguae vasconum: Studia et documenta 29 (76): 361–368. ISSN 0046-435X. (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).

Kanpo estekak aldatu