Kultura ondarea Euskal Herrian
Kultura ondarea Euskal Herrian, kultur ondasunek osatzen duten multzoa da. Kultura ondarea, gizarte batentzat kulturalki esanguratsua den ondarea da.
Figura legala
aldatuKultura ondare kontzeptua abstraktua da, baina baita konkretua ere, instituzio publikoek legeen eta beste neurrien bidez babestutakoa. Figura juridiko bat bilakatu da nazioarte mailan, zein estatuen mailan eta tokiko unitate administratibo txikiagotan. Euskal Herrian, hiru lurralde administratiboetan eragiten duten hainbat lege babesten dute ondarea.
Mundu osoan Kultura ondare maila gorena aitortzen duen izendapena UNESCOren Gizateriaren Ondare titulua da. Hori baino maila bat beherago daude, estatuek aitortzen dituzten izendapenak, Kultura Intereseko Ondasun Espainian, eta Monumentu Historikoa Frantzian. Horietaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan euren legeak garatu dituzte bere lurraldeko ondarea babesteko. Udalek, bestalde, euren zerrendak izaten dituzte herritarrentzat interes kultural-historikoa izan dezaketen ondasunak kontuan hartzeko.
Kultura-ondasunak Euskal Autonomia Erkidegoan ikuspuntu legaletik
aldatuLege zaharra
aldatuEuskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondareari buruzko 7/1990 legeak[1] ondarearen hiru kategoria edo mota bereizten zituen eta bi babes-maila:
Kategoriak
aldatu- Monumentua: honelakotzat, bana-banan hartuta, nolabaiteko kultura-interesa duten ondasun higigarri zein higiezineko guztiak jotzen dira. EAEko Monumentu izendapena duten ondasun gehienak eraikinak dira: Gasteizko Santa María Katedrala eta Eskoriatza Eskibel jauregia, eta beste.
- Monumentu Multzoa: honelakotzat, kultura-batasuna osatzen duten ondasun higigarri zein higiezineko multzo guztiak jotzen dira. Bergarako kasko historikoa eta Aguraingoa, edo Armañongo Estazio Megalitikoa, adibidez, Monumentu Multzo kategoria dute.
- Kulturagunea:[oh 1] honelakotzat, iraganeko izan eta Euskal Herriaren kultura eta bizikera-adierazgarri nabariei atxikiriko toki, ekintza, sorkuntza, sinesmen, tradizio eta gertakariek osatutakoa jotzen zen.
Babes-mailak
aldatuAipatutako legeak, halaber, bi babes-maila nagusi ezarri zituen ondasunetan: Kultura Ondasun Inbentariatua (edo zerrendatutakoa) eta Kultura Ondasun Sailkatua (zermugatua[1] edo kalifikatua); azken hori zen gorena.[2]
Egungo legea
aldatuEuskal Autonomia Erkidegoak lege berria argitaratu zuen 2019an: 6/2019 legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena[3]. Bertan hauen artean bereizten du: ondare higiezinak, higigarriak eta immaterialak, eta kategoria eta babesteko hemeretzi kategoria bereizten dira, lehen zeuden hirurak izan beharrean: sei ondasun higiezinen kasuan, bi ondasun higigarrien kasuan eta hamaika ondasun immaterialei dagokienez[3]:
Kategoriak eta azpikategoriak
aldatuOndare higiezinak
aldatuHigiezinen kasuan honela definitzen da kategoria bakoitza:
- Monumentua: giza jarduerak sortutako eraikina edo obra materiala, unitate berezia osatzen duena.
- Monumentu-multzoa: lege honetan babesten diren balioetako batzuk dituztelako kultura-unitate bat osatzen duten ondasun higiezinen multzoa, modu jarraituan zein ez-jarraituan; ez da nahitaezkoa izango osagai diren elementuek banaka garrantzirik edo kultura-baliorik izatea.
- Eremu arkeologikoa edo paleontologikoa: interesa duten aztarna arkeologiko edo paleontologiko egiaztatuak dituen gunea.
- Lorategi historikoa: gizakiak diseinatutako eta zedarritutako gunea, kultura- eta natura-balioak eta -berezitasunak dituena.
- Kultura-ibilbidea: biztanlegune, eskualde eta herrialde ezberdinen arteko truke eta elkarrizketarekin lotutako kultura-esanahia duen komunikazio-bidea.
- Kultura-espazioa: esanahi desberdinak, ukigarri zein ukiezinak, identifikatzen diren esparru naturala, lurrekoa, itsasertzekoa, ibaietakoa, landa gunekoa, hirigunekoa edo hiri-ingurukoa.
Ondare higigarriak
aldatuBi azpikategoria daude:
- Ondasun higigarri banakakoa
- Ondasun higigarrien multzoa
Liburuak, mapak, argazkiak, grabaketak eta bestelako dokumentuak, ondare mota honen barruan dagoela ulertu daiteke, baina oro har, objektu horientzat propio egindako legeek babesten dituzte.[4]
Kultura-ondare immateriala
aldatuHamaika azpikategoria daude:
- Kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak; hizkuntza barne, kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik, eta toponimia.
- Bertsolaritza.
- Musika.
- Dantza.
- Emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak.
- Usadio sozialak.
- Gastronomia.
- Kirola.
- Jai-ekitaldiak.
- Naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak.
- Eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak
Babes mailak
aldatuKategoria guzti horietan hiru babes-maila daude, ondasunak dituen kultura-balioen garrantziaren arabera: oinarrizkoa, ertaina eta berezia. Babes bereziko eta ertaineko kultura-ondasunak Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan[5] inskribatzen dira; oinarrizko babeseko kultura-ondasunak, berriz, propio sortutako Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroan inskribatzen dira[6].
Bestalde, aurreko legearen arabera EAEko kultura-ondareko ondasun kalifikatuei edo inbentariatuei egiten zaizkien erreferentziak babes berezia eta babes ertaina duten ondasunei dagozkiela ulertzen da 2019ko legearekin.
Sailkatutako elementu higiezinak lurraldeka
aldatu- Zerrenda:Arabako Kultura Ondasunak
- Zerrenda:Bizkaiko kultura ondasunak
- Zerrenda:Gipuzkoako kultura ondasunak
Lege zaharraren eta berriaren arteko baliozkotasunak, babes mailari dagokionez
aldatu7/1990 legea aurretik | 7/1990 legearen arabera | 6/2019 legearen arabera |
---|---|---|
Ondasun higigarri eta higiezin kalifikatuak
(Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erregistroan sartuak) |
Babes bereziko kultura-ondare, higigarri ala higiezin | |
Ondasun higigarri eta higiezin inbentariatua
(Euskal Kultura Ondasunaren EAEko Inbentario Orokorrean sartuak) |
Babes ertaineko kultura-ondasun, higigarri ala higiezin | |
Kultura-intereseko ondasun deklaratutako higigarri eta higiezin | Babes bereziko kultura-ondasun, higigarri ala higiezin |
Kultura-ondasunak Nafarroako Foru Erkidegoan ikuspuntu legaletik
aldatuNafarroako Gobernuak, kultura ondasun higiezinak, higigarriak eta ondasun immaterialak bereizten ditu ere eta erregistro bat mantentzen du, Internet bidez kontsulta daitekeena[7]. Nafarroa Garaiaren kultura ondarea babesten eta arautzen duen legea 14/2005 Foru Legea da[8][9].
Babes-mailak
aldatuNafarroa Garaiko kultur ondarea osatzen duten ondasunak, babesari dagokionez, honako babes-maila hauetako batean sartuko dira legearen arabera[10]:
- Interes kulturaleko ondasunak (KIO edo BRL[oh 2]/BIN). (Lehen mailako ondasun babestua)
- Ondasun inbentariatuak (IO edo KO/BIN)[oh 2]. (2. mailako ondasun babestua)[11]
- Garrantzi lokaleko ondasunak. (3. mailako ondasun babestua)
- Gainerako kultur ondasunak.
14/2005 Foru Legearen 18. artikuluan zehazten da zer den, ondorio legaletarako kontuan hartzeko, zer den ondasun higiezin, zer ondasun higigarri eta zer ez-materialak. Ondasun higiezin dira, Nafarroako Foru Berriko 347.[12] legean halaxe kalifikatutakoez gain, eraikinetatik bereizezin diren elementu guztiak eta haien zati edo apaingarrien zati direnak, edo garai batean hala izan zirenak. Ondasun higigarri dira, Nafarroako Foru Berriko 347. legean halaxe kalifikatukoak eta balio historikoa, artistikoa, etnologikoa, arkeologikoa, bibliografikoa, dokumentala, teknologikoa edo zientifikoa izanik, garraiagarriak direnak eta higiezinen egiturari zorrozki lotuak ez daudenak, edozein delarik ere haien euskarri materiala. Azkenik, ondasun ez-material dira Nafarroako kulturaren adierazgarri diren, ezaupide, teknika, usadio eta jarduerak eta halaber hizkuntzak, Nafarroan dituzten tokian tokiko bereizitasunekin.[9]
Kategoriak
aldatuInteres kulturaleko ondasun higiezinak honako kategoria hauetakoren batean sartuko dira:
- Monumentuak: arkitektura edo ingeniaritza obrak diren ondasun higiezinak dira, edo eskultura lan erraldoiak, betiere historia, etnologia, arte, zientzia edo gizarte ikuspegitik interesgarriak direnak.
- Multzo historikoa: kokapen-batasun jarraitu nahiz barreiatua osatzen duten ondasun higiezinen multzoa da, giza talde baten bilakabidearen adierazgarri den egitura fisiko batek baldintzatua, haren kulturaren lekukotasuna ematen duelako edo gizartearentzat erabilpen eta gozamen balioa osatzen duelako. Multzo historikoa da, halaber, ezaugarri horiek dituen edozein higiezin gune banakatu, garbi zehazterik dagoen populazio batasun handiago batean sartua dagoena.
- Leku Historikoa: leku edo paraje naturala da, balio historikoa duten antzinako gertaera edo oroitzapenei, kultur edo natur sorkuntzei edo gizakiaren obrei loturikoa.
- Esparru arkeologikoa: leku edo paraje naturala da, metodologia arkeologikoz azter daitezkeen ondasun higigarri edo higiezinak dituena, bai atera direnean bai ateratzeko daudenean, dela lur azalean, dela lurpean edo urpean.
- Kultur paisaia: paraje natural, interes etnologikoko leku edo eraikin edo instalazioen multzoa da, Nafarroa Garaiko herriaren bizimoduari, kulturari edo tradiziozko jarduerei lotua.
- Bide historikoa: kultura, historia, etnologia edo teknika aldetik garrantzi nabarmena duen bidea da.
- Lorategi historikoa: eremu mugatu bat da, gizakiak elementu naturalak antolatu izanaren ondoriozkoa, batzuetan fabrikazko egiturak osagarri dituena eta interesgarritzat hartzen dena jatorriagatik edo iragan historikoagatik edo balio estetiko, zentzumenetako edo botanikoengatik.
Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Erregistroak herritarrek edukia telematikoki lor dezaten eraiki duen online bertsio irekian , kultura ondasunen lehen mailako bereizketa higiezinen, higigarrien eta ez-materialen artean egin da.[13]
Beste arlo batzuk
aldatuLegean bertan, beste arlo batzuk tipifikatzen eta garatzen dira edo propio garatuko diren beste arau batzuen menpe usten ditu: Ondare arkeologikoa, ondare etnologiko eta industriala, dokumentu ondarea, ondare bibliografiko eta ikus-entzunezkoa eta museoak.
Sailkatutako elementu higiezinen zerrenda euskarazko Wikipedian
aldatuKultura-ondasunak Lapurdi, Behe-Nafarroan eta Zuberoan ikuspuntu legaletik
aldatuHiru lurralde hauetan, Frantziako Kultura Ministerioak kudeatzen duen Monumentu Historikoaren irudia zehazten du legeak. Frantziak izendatutako Monumentu Historikoen zerrendatik, 377 Pirinio Atlantikoak departamentuan daude; Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal lurraldeak barne dituelarik. Bi babes maila daude: monumentu bat izan daiteke Monumentu Historiko Sailkatua «classé» edo Monumentu Historiko Erregistratua «inscrit». Erregistratuta daudenak lurralde mailako interesa dute, sailkatuak, aldiz, nazio estatu mailakoa. Erregistratutako monumentu historiakoak bigarren mailako katalogo honetan jasotzen dira: "Inventaire Supplementaire des Monuments Historiques" (ISMH). Merimee datu basea, POP : la plateforme ouverte du patrimoine online web gunean kontsulta daitekeena, Frantziako kultura ondare higiezina jaso da. POP plataforman integratuta dago, eta bertan, higiezinak zein higigarriak eta dokumentuak jaso dira, eta horien baitan, bilduma bereziak. Argazkiek leku zabala dute eta plataforman gaikako talde batzuk eskaintzen dira, hala nola, emakume artisten koadroak edo bidaiekin lotutakoak.[14] Frantziako katalogo orokorrean ere, liburuen informazioaz gain (ondare bibliografikoa eta dokumentua dena) argazki, irudi, partitura originalak eta bestelako dokumentu asko jaso dira eta publiko orokorrak ikusteko moduan jarri dira online.[15]
Hauek dira sailkatutako elementuak lurraldeka:
Udalak
aldatuUdalek beren zerrendak edo erregistroak izaten dituzte, eta bertan, goreneko administrazio mailan izendatutako kultura ondasunen aldamenean, udal mailan nolabaiteko ezagutza edo babesa eman nahi zeien monumentuak ere jaso ohi dira. babes horren eraginkortasuna, udal araudiaren garpenaren menpe egoten da.
Europa
aldatuEuropako Batasunak, EBko kultura instituzioetatik materiala jasotzen du Europako ondare digitala zabaltzeko. Irudiak, testuak, soinuak, bideoak eta 3D objektuak jaso ditu, eta horiek arkeologia, artea, moda, kirola, industria, migrazioak eta bestelako gaiak islatzen dituzte, eta beraz, Euskal Herriko kultura ondare higigarri, higiezin eta ez-materialaren zati bat bertako dokumentuen bidez kontsulta daiteke.[16]
Oharrak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondareari buruzko 7/1990 legea, abuztuaren 6koa. [PDF]
- ↑ Ondareari buruzko artikulua Argia astekarian
- ↑ a b «"Euskal Kultura ondareari buruzko Legea", EHAA» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritza) 2017-03-28 (Noiz kontsultatua: 2020-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Memoria y patrimonio documental. (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
- ↑ «Gobernu Kontseiluak Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa arautzen duen dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2022-1-11)» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritza) 2022-01-11 (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- ↑ «Xedapen orokorrak, 3. artikulua, 2.d. puntua. 6/2019 LEGEA, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena.» EHAA in: Legegunea. Euskal Araudiaren Ataria (Eusko Jaurlaritza) 93 2019-05-25 (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- ↑ «Gobierno de Navarra / Nafarroako gobernua -» administracionelectronica.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ Nafarroako Foru Erkidegoko Kultur Ondareari buruzko legea
- ↑ a b «Wayback Machine» www.culturanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El Registro de Bienes del Patrimonio Cultural se puede consultar a través de la web de Cultura Navarra» Navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ «Izapideak» Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
- ↑ Nafarroako Parlamentua. (2023). FORU BERRIA eta NAFARROAKO LEGEDI ZIBILA. (Lehen argitalpen elektronikoa). , 153 or..
- ↑ «Gobierno de Navarra / Nafarroako gobernua - Registro de Bienes del Patrimonio Cultural de Navarra» administracionelectronica.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
- ↑ (Frantsesez) «POP - Plateforme Ouverte du Patrimoine - Ministère de la Culture» pop.culture.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
- ↑ (Frantsesez) «BnF Catalogue général» catalogue.bnf.fr (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
- ↑ (Ingelesez) «Discover Europe’s digital cultural heritage» www.europeana.eu (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Kultura Ondarearen Zentroa. Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. Eusko Jaurlaritza.
- Ondare Histoikoa. Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea. Nafarroako Gobernua.