Lankidetzazko ikaskuntza

Ikasketa kooperatibo» orritik birbideratua)

Ikasketa kooperatiboa, lankidetzazko ikaskuntza, ikaskuntza kooperatiboa edo irakaskuntza kooperatiboa[1] deitzen zaio mundu akademikoan taldeka ikasteko hainbat proposamen didaktikori. Ikasleek ikasketa prozesua bakarka egin dezakete edo taldeka. Ikasleak taldeka ondo antolatuz gero hainbat abantaila lor daitezke baldin eta ikasleek elkarri laguntzen badiote. Irakasleek taldeei erronka edo proiektuak proposatu eta taldeak eratu egin behar dituzte. Ikasleek haien artean koordinatu eta norberak taldeari bere ekarpenak eginez erronkari eutsi edo proiektua aurrera ateratzeko bidean jarriko dute.

Ikasleak konpetentzia gehiago landuko dituzte talde elkarreragileetan lan eginez gero bakarka baino. (Kopuru optimoa omen da lau pertsonetako taldea).
Ikasketa kooperatiboan taldeka lan egiten da. Taldeetanan heterogeneotasuna egotea aholkatu ohi da.

Lankidetzazko ikaskuntza, ikaskuntza kooperatiboa eta ikaskuntza kolaboratiboa begirada ezberdinetatik ulertu izan dira eta maila teorikoan desberdintzeko ahaleginak egon dira eta haien arteko aldeak eta ñabardurak azpimarratu dituzte teoriko batzuek. Artikulu honetan orokorrean erabiliko dugu lankidetzazko ikaskuntza, nahiz eta agian ikaskuntza kooperatibo edo kolaboratiboa terminoak erabiliagoak eta zabalduagoak egon. Pedagogia garaikideko autore gehienentzat oso garrantzitsua da lankidetzarako aukerak sustatzea. Adibidez, modu autonomoan, ikasleak bere ikaskideekin, lankidetzan aritzeko jarduerak sortuz, kolaborazioa bultzatzen duten baliabideak erabiliz (wikiak, horma kolaboratiboak…). Egile horien ustez, garrantzitsua da modu kontzientean ikasleei aukera ematea besteengandik ikasteko eta beraz, ezagutza talde lanean eraikitzeko (elkarri feedbacka emanez). Gainera, gaitasun edo konpetentzia batzuk nekez garatuko dira talde lanean ikasten ez bada.

Ikasleak horrela antolatuta oinarrizko hainbat konpetentzia garatuko dituzte. Teoriko askoren ustetan lanean bakarka baino konpetentzia gehiago landuko dira talde elkarreragileetan lan eginez gero.

Zer landuAldatu

Edozein kontzeptu-eduki landu daiteke teknika kooperatiboak erabiliz, baina teknika hauetan prozedura-edukiak bereziki lantzeko sortu ziren. Edozein alor edo irakasgaitan erabil daitezkeen teknikak daude, baita lehen hurbilketan bakarka lantzeko kontuak lantzeko ere, irakurketa lantzeko[2], esate baterako.

Konpetentzia guztien garapenean laguntzeko proposamenak egon badaude[3].

Zergatik ikaskuntza taldean, lankidetza giroanAldatu

Lankidetzazko ikaskuntzaren oinarria da taldean ikasleek ezagutza elkar-trukatzea eta elkarrekin eraikitzea helburu zehatz batekin edo batzuekin. Ikasle taldeek erronka bati aurre egin beharko diote, problema bati aurre egin beharko. Ezagutza eraikitzeko, ordea, beharrezkoa izango da ikasleek erantzunak zalantzan jartzea, irakaslearenak barne, eta parte hartze aktiboaren bidez lanketara heltzea. Ikasle taldeak aplikatu beharreko gaitasunen artean daude ideia propioak argudiatzea, entzute aktiboa, gatazken kudeaketa eta negoziazioa.

Gaur egungo pedagogo askoren ustez, ikasleek, teknika hauekin, konpetentzia gehiago eta hobeto garatzen dituzte.

  • Luzaroago gogoratzen dute ikasitakoa.
  • Goi mailako arrazoitzea eta pentsamendu kritikoa garatzen dute.
  • Beren buruak eta besteek onartuago sentitzen dira.
  • Taldean bakarrik garatzen diren konpetentzia batzuk garatzen dituzte.
  • Beren emozioak ikaste prozesuan lantzen dituzte, eta horrek ikasten asko laguntzen du.
  • Etorkizunean taldean lan egiteko entrenamendua hezkuntza sisteman jasoz gero, hobe.

Lankidetzazko ikaskuntzaren bidez ikaslea ikaste-komunitate baten partaide sentitu behar du, bere ekarpenak kontuan hartzen direla sentitu behar du. Taldekidea dela sentitu behar du. Horrela bada, ikasleak ikaskuntza propioaren eta taldekideen ikaskuntzaren ardura hartzen du. Lankidetza giroan, ikaslearen auto-konfiantza eta autoestimua areagotzen dira, entzute aktiboa gertatzen da eta ikasleek besteen ekarpenak onartzen ikasten dute. Ikaskuntza eredu honek modu kritiko eta gogoetatsu batean pentsatzera daramatza ikasleak, euren ikaskuntza prozesuaren protagonismoa hartzera daramatza.

Ondorioz, pentsatzeko modu askotarikoak onartzen dituzte, besteenak ulertu eta bakoitzarenak argudiatzeko gaitasuna garatzen dute, sormena erabiltzen dute irtenbideak bilatzeko, nork bere ikuspuntuen berrikuspena egiten du eta galdera kritikoak formulatzen dituzte. Ezagutza, ulermena eta gaitasunak ere modu egokian komunikatzen dituzte, nork bere ideiak eta kontzeptuak besteei azalduz, frogak eginez eta asertiboa baina malgua izanez besteekin batera ezagutza sortzeko.

Konpetentzien garapenean, lankidetzazko ikaskuntzaren ekarpenakAldatu

Ikasketa kooperatiboari esker, honako hau lortzen da:

  • Ikasle guztien parte hartzea. Taldeak, erronka baten aurrean, kohesioa bilatuko du eta dinamika positibo batzuk sortu beharko dira erronkari aurre egiteko.
  • Interdependentzia positiboa. Taldean sortuko diren dinamiketan, ikusiko da batzuek ekarpen mota batzuk egiten hobeak direla besteak baino, eta beste horiek, ziur aski, bere ekarpenekin aurrekoen ekarpenen mailako ekarpenak egiten saiatuko dira.
  • Elkarreragina. Taldean lan eginez gero, gizarte harremanetan ezinbestekoak diren gaitasun batzuk garatuko dira.

Lankidetzazko ikaskuntza eta horrek dakarren onurak sortzeko beharrezkoa da, talde barruan, eta ikaskuntza prozesuak irauten duen bitartean, hainbat baldintza betetzea.

  • Partaideen arteko interdependentzia positiboa.
  • Interakzio pertsonal aberatsak.
  • Partaide bakoitzaren ardura indibiduala.
  • Elkarkidetzan bakarrik garatu daitezkeen konpetentzian sozialen lanketa.
  • Ikasle taldearen auto-gogoeta.

TaldeakAldatu

 
Ikasketa kooperatiboan talde elkarreragile heterogeneoak antolatzeko kontsigna egoten da. Irudiko taldeetan aniztasuna bilatu eta lortu omen da, baina taldeak handiegiak dira eta talde kopuru bakoitiak saihestu beharko lituzkete irakasleek.
 
Lau pertsonez osatutako talde heterogeneoak.

Teoriko gehienek talde heterogeneoak[4] sortzea hobesten dute. Partaide guztiak oso antzekoak izanik taldean antzekoak diren elementuen batuketa sortuko da. Partaideen artean dibertsitatea[5] egonez gero, taldean aukera gehiago sortuko dira.

Taldeetan berdinkideen, "paraleloen", arteko tutoretzarako aukera gehiago sortzen omen dira taldeetan aniztasuna egonez gero. Taldekatze irizpideei dagokienez, gaitasun maila askotarikoak konbinatzeaz gain, irakasleek bermatu beharko lukete taldeek gutxieneko kohesioa izatea .

Taldearen tamainaAldatu

Tamainari dagokionez, kopuru ideala 4 ikaslez osatutako taldea omen da. Kontua aztertu duten batzuen ustetan[6], zenbaki bikoitia izateak saihesten du partaide bat kanpoan uztea, eta erabakiak errazegi, bozketa baten bidez hartzea. Taldeak eraginkorrak izan daitezen, baina, betiere ingurune ireki eta konfiantzazkoak eratu behar dira.

Bikotea izan daiteke talderik txikiena. Badaude hainbat proposamen ikasketa kooperatiboa bikoteka egiteko[7].

BibliografiaAldatu

  • (Gaztelaniaz) GRUP DE TREBALL EDUCACIÓ INCLUSIVA. Cooperar para aprender/Aprender a cooperar (Programaren webgunea. Barcelona: CIFE (Centre D’Innovació i Formació Educativa) Universitat de Vic. (Ikusi "Componentes" atala; hortxe taldearen argitalpen guztiak ikus daitezke).
  • (Gaztelaniaz) PUJOLÁS MASET, PERE. El aprendizaje cooperativo. Colección: 9 ideas clave. Barcelona: GRAO, 2008.
  • (Gaztelaniaz) DE LA CERDA TOLEDO, M. Carmen. Por una pedagogía de ayuda entre iguales. Reflexiones y prácticas. Barcelona: GRAO, 2013.

ErreferentziakAldatu

  1. «Unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibentzako diru-laguntzak (2018).» www.euskadi.eus 2018-09-06 . Noiz kontsultatua: 2018-12-20.
  2. Irene González Mendizabal. «Ikasketa kooperatiboa: irakurtzeko estrategiak lantzeko baliabide - Irakurtzeko gaitasuna garatzeko bideak» sites.google.com . Noiz kontsultatua: 2019-01-16.
  3. (Gaztelaniaz) «Tutoría entre iguales» www.educaixa.com . Noiz kontsultatua: 2019-05-02.
  4. «IKASKUNTZA_KOOPERATIBOA (1)» Vic-eko unibertsitatea. Psikopedagogia laborategia. P. Pujolàs eta J.R. Lago (koordinatzaileak) PAK: IK/KI programa «Ikasteko kooperatu / Kooperatzen ikasi» taldean ikasten irakasteko . Noiz kontsultatua: 2018-12-18.
  5. Irene González Mendizabal. (2011-10-28). Ikasketa kooperatiboa: Ikasten Ikasteko tresna lagungarria (BH). . Noiz kontsultatua: 2018-12-18.
  6. (Ingelesez) Joritz-Nakagawa, Jane. «Spencer Kagan's Cooperative Learning Structures - an article by Jane Joritz-Nakagawa» hosted.jalt.org . Noiz kontsultatua: 2020-11-12.
  7. (Katalanez) «Notícies Grup de Recerca sobre Aprenentatge entre Iguals (GRAI)» aprenentatgeentreiguals.blogspot.com . Noiz kontsultatua: 2019-05-02.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu