Kontserbazio biologia
Kontserbazio biologia bioaniztasunaren krisiari aurre egiteko 1980. urtean finkatu zen diziplina anitzeko zientzia da. Bere helburua biodibertsitatearen galeraren zergatiak aztertzean datza, eta halabeharrez, kausa horiek murrizteko erak aurkitzean. Diziplina hau Lurreko natura eta biodibertsitatearen kudeaketaz arduratzen da, bertako espezieak, eta hauen habitat eta ekosistemak desagerpenetik edota bestelako bizidunek eragindako kalteetatik babestuz. Horretarako, natura eta gizarte zientzietan oinarrituriko hainbat adarren ekarpenak bateratzen ditu; esaterako, ekologia, genetika, biogeografia, zientzia politikoak, soziologia eta antropologia.
Deskribapena
aldatuFuntsean, kontserbazio biologiak bi helburu nagusi ditu: bata, gizakiok eta beste izaki bizidunek dibertsitate biologikoan dugun eragina ebaluatzea, eta bestea, espezieen desagerpena saihestu ahal izateko estrategia praktikoak garatzea[1]. Honetarako, zientzia honek biodibertsitatearen mantenuan, galeran eta berriztapenean eragina duen fenomeno oro aztertzen du. Era berean, genetikaren, populazioaren, espezieen eta ekosistemen dibertsitatea bermatzen duten prozesu ebolutiboak ikertzen ditu. Gainera, alor zientifikoa alde batera utziz, arazoaren gizarteratzea, aldarrikapena eta kontzientziazioa ere diziplina anitzeko zientzia honen jomuga dela azpimarratu behar da.
Lurrean dauden sistema biologikoen gainbehera azkarra dela eta, maiz kontzerbazio biologia “epemugadun diziplina”[2] gisa bereizi ohi da. Izan ere, azken baliospenek diotenez datozen 50 urteetan gure planetako espezie kopuru totalaren %50 desagertuko da, eta estimazio horretatik dator nagusiki kontserbazio biologiak konpondu nahi duen egungo arazoa; honek biodibertsitatean hondamendi ikaragarria ekartzeaz gain, eboluzioaren bilakaeran ere aldaketak eragingo bailituzke.
Bestalde, kontserbazio biologia hertsiki erlazionaturik dago ekologiarekin, biek espezie arraroen edo extinzio arriskuan daudenen populazio ekologia aztertzen baitute (dispertsioa, migrazioa, demografia, depresio endogamikoa, populazio minimoaren bideragarritasuna). Baita gizarte zientziekin ere, biodibertsitatea kontserbatzea eta bereziki honen garrantzia gizarteratzea lehentasunezko kudeaketa publikoko gaia baita.
Kontserbazio biologoek bulegoan eta landan lan egin dezakete: gobernuan, unibertsitateetan, irabazirik gabeko erakundeetan edo industrian. Beraien ikerketa gaiak anitzak dira, hainbat diziplina barnebiltzen dituen zientzia baita kontserbazio biologia. Kausa hau bultzatzen dutenek egungo biodibertsitatearen krisisarentzat erantzun global bat ikertzen dute, behar moraletan, etikan eta arrazonamendu zientifikoan oinarrituta egongo dena.
Jatorria
aldatuKontserbazio biologia kontzeptua F. Dasmann-ek (1968)[3] eta D. Ehrenfeld-el (1970)[4] sortu zuten. Baina, izena eta esanahia ofizialki kontserbazio biologiako ikerketaren lehen konferentzia internazionalean finkatu zuten. Batzar hau La Jolla herrian izan zen, Kaliforniako unibertsitatean, Bruce A. Wilcox eta Michael E. Soulé biologoek zuzendua, beste hainbat kontserbazionista, ikerlari akademiko eta zoologoekin batera, esaterako, Kurt Benirschke, Otto Frankel, Thomas Lovejoy eta Jared Diamond. Horretaz gain, Michael E. Soulé-ren eta Bruce A. Wilcox-ren Evolutionary Ecological Perspective (1980)[1] argitalpenak diziplina honen garapenean asko lagundu zuen. Honen bidez, hurrengo sei urteetan zientzilari askok haien buruak kontserbazio biologo gisa aurkezten hasi ziren. Gainera, Conservation Biology: The Science of Scarcity and Diversity[2]liburua argitaratu, Kontsebazio Biologia Elkartea sortu eta Conservation Biology aldizkaria sortu ziren. Faktore guzti hauek ekarpen ikaragarria egin zioten eta egiten diote alor honen garapenari. Bestalde, J. Diamond (1989)[5] naturako sistema guztiak "Evil Quartet" deiturikoagatik kaltetuak izaten ari zirela konturatu zen; alegia, habitat galera eta banaketagatik, gehiegizko uztagatik, gizakiok jarritako harrapakari eta lehiakideengatik, eta mehatxu hauek elkarrekintza ekologikoetan eragindako ondorioengatik.
Kontserbazio biologiaz gain, beste alor bakar bat ere ez zen gai izan dibertsitate biologikoaren arazo larria aitortzeko, ez faunaren kudeaketa alorra, ez nekazaritza edo laborantza, ez basogintza eta ezta arrantza ere[6]. Gainera, diziplina hauek sarritan balio ekonomiko edo estetikorik ez zuten espezieen arazoak ez zituzten aintzat hartzen. Bestalde, komunitate ekologiako, irlen biogeografiako[7] eta populazio ekologiako ikerketa ugari hasi ziren egiten 1960 eta 1970 urteen artean, eta gai hauek lotura zuzena zutenez kontserbazio biologiak aztertzen zituen gaiekin espezieak euren ingurune naturaletan ere aztertu zituzten, betiere giza jardueraren eraginik gabe.
Historia
aldatuNaturako baliabideen kontserbazioa
aldatuMundu-mailako bioaniztasuna mantzentzeko eta zaintzeko ahaleginak egungo kontua dira, aurretiaz ez baitzitzaien behar hauei behar adina erreparatzen[8]. Hala ere, antzinako gizakiak baliabide naturalak kontserbatzearen garrantziaz kontziente ziren, baina ez inguruneren zaintzaren ikuspegitik, banakoaren beharretan pentsatuta baizik. Izan ere, baliabide naturalen erabilera zentzuduna premiatik sortu zen, garai hartako natura eta gizakiaren arteko elkarrekintza zuzena zela eta. Ingurunearen ustiapenerako erregulazioa, kudeaketa eraginkor eta jasangarria lortu ahal izateko ezarri zen, pertsona orok behar zuena soilik har zezan, bestela gizarte osoaren biziraupena arriskuan egongo bailitzateke[8].
Naturak eskaintzen dituen baliabideen kudeaketa zentzudun eta jasangarri hau kultura askotan erabiltzen da. Esaterako, Tingit eta Haida tribuetan pertsona adindunak euren jakinduriaz eta esperientziaz baliatuz, inguruko ibaien ustiaketa kontrolatzen dute, herriaren ongizate eta biziraupenerako mesedegarriena izango den sistema ezartzen dutelarik[9][10].
Bestalde, kontserbazioaren etikaren inguruko testuak izkribu erlijioso eta filosofiko zaharretan ere aurkitu izan dira. Honelako adibide anitz daude taoismoan, shintoismoan, hinduismoan, islamean eta budismoan. Antzinako Grezian Platonek ere artzaintza-lurren narridura aitortzen zuen: “Orain geratzen dena gaixotasunak jo duenaren hondakin hutsa da: lur aberatsa eta leuna joan da, eta bere ordez distrituko marko biluztua soilik nabari da"[11]. Biblian ere Jainkoak Moisesi zera esan zion: “Lurrak zazpi urtetan behin atseden hartu beharko du, Kristo gure jaunaren omenez”[12]. Halere, XVIII.mendea baino lehen Europako kultura gehienetan naturarenganako mirespena paganismo kontsideratzen zen eta bizimodu basatia gutxiesten zen, baina hala eta guztiz ere, nekazaritzako garapenak arrakasta handia izan zuen. Zorionez ordea, K. a. 680. urtean San Cuthbert gotzainak Farne irlatan bizitza basatiaren omenezko santutegi bat egin zuen.
Lehenengo naturalistak
aldatuNaturaren egoera makala kezka handia izan zen XVIII.mendean, eta espedizio eta erakustaldi ugari antolatu zituzten Europa eta Ipar Amerikan arazoaren garrantziaz gizartea jakinarazteko. Prozesu honi jarraipena emanez, 1900.urtean Alemanian 150 museo zeuden naturaren historia azaltzen zutenak, Britainia Handian 250, Estatu batuetan beste 250 eta 300 Frantzian[13]. Sentimentu kontserbazionistak XVIII.mendearen bukaeran eta XX.mendeko hasieran hasi ziren agertzen.
Charles Darwinek aurkakoa egiaztatu baino lehen, espezieen sorreraren ostean hauek aldaketarik izaten ez zutelaren ustea zegoen, kreazionismoaren teoriak bultzatutako ideia, hain zuzen[14]. George Louis Leclerc izan zen iritzi hau zalantzan jarri zuen lehen naturalista, eta L’Histoire Naturelle, générale et particulière, avec la description du Cabinet du Roi[15] argitalpenean espezieek inguruneko eraginarengatik eboluzionatzen zutela adierazi zuen.
Erasmus Darwin ere, Charles Darwinen aitona, eboluzionismoaren lehenetariko defendatzaile sutsua izan zen; espezie batzuk jada erabilgarri ez zaien egitura anatomikoak dituztela esan zuen, baina hauek aurretiaz erabilera jakin bat zutela[14]. XVIII.mendeko naturalista hauen pentsaerak, eboluzioaren inguruko ideia eta iritziak erabat birmoldatu zituzten.
XIX.mende hasieran Alexander von Humboldt, Charles Lyell eta Charles Darwinen eginahalei esker biogeografia diziplina eratu zen[16]. XIX.mendean historia naturalarekiko mirespen handia zegoen eta hau zela eta, espezie arraroak kolekzionatzearen zaletasuna hedatu zen, honek hainbat espezie arriskuan jarri zituelarik. Tamalez, nahiz eta XVIII. eta XIX.mendeko naturalisten lanek naturarenganako jakin-mina sustatu, hauen izkribuek, espezieen kontserbazioarekiko sentikortasunik eza ere erakusten zuten, euren kolekzioetarako ehundaka banako hil baitzituzten[13].
Iraultza ekologikoa
aldatuZehazki kontserbazio biologiak XVIII.mendeko ilustrazioaren garaian du erroa, bereziki Ingalaterra eta Eskozian[16]. Hainbat pentsalarik, Lord Monboddo adibide, natura zaintzearen garrantzia kaleratu zuten, eta honek kristau teologian izan zuen jatorria[17].
Historian lehen aldiz Indian aplikatu ziren kontserbazio biologiaren printzipioak. Garai hartako kontserbazioaren etikak hiru ikuspuntu nagusi zituen: giza jarduerak ingurunea kaltetzen ari zirela, etorkizuneko belaunaldientzako ingurunea zaintzeko betebeharra zegoela eta oinarri enpirikodun metodo zientifikoak erabili behar zirela aldaketa hau gertatzen zela bermatzeko. Sir James Ranald Martinek ideologia honen sustapenean asko lagundu zuen, basoen egoera larria azaltzen zuten txosten anitz argitaratu baitzituen. Honen mesedez, basoko kontserbazio jarduerak instituzionalizatu ziren Indian[18].
1842an Indiako hegoaldeko Madras herrian Alexander Gibson botaniko profesionalak naturaren kontserbaziorako lehen ahaleginak egin zituen[19]. Honetarako, printzipio zientifikoetan oinarrituriko egitasmo bat disenatu zuen, basoen kontserbazioan lagunduko zuena. Hau bera izan zen basoen zaintzarako diseinatutako lehen estatu kudeaketa. Bestalde, James Broun-Ramsay gobernatzaileak ezarri zuen lehen baso-kontserbaziorako egitarau permanentea 1855an.[20] Neurri hauek azkar hedatu ziren eta 1872.urtean Estatu Batuetako Yellowstone herrian munduko lehen parke nazionala sortu zuten[21].
“Kontserbazio” hitza XIX.mende bukaeran zabaldu zen, baina ez zuen egun duen esanahi bera. Gainera, garai hartan kontserbazioari buruzko lehen legedia onartu zen eta naturaren kontserbazioa helburu zuten lehen erakundeak sortu ziren. Itsas txorien babeserako legea onartu zen Britainia Handian [22] (naturaren kontserbazioa bultzatzen zuen lehen legea onartu zutelarik) Alfred newton ornitologo ospetxuaren eskutik. [23]Newtonek ere oso paper garrantzitsua izan zuen 1872ko ehiza-animalien legearen eztabaidan, animaliak euren ugaltze garaian babesteko egin zena, espeziearen desagerpen arriskua txikitzeko[24].
Animalien babeserako lehenetariko erakundea 1889an sorturiko “Royal Society for the Protection of Birds” (RSPB) izan zen[25]. Honek nagusiki modaren industrian erabiltzen ziren hainbat materialen aurka borrokatu zuen, adibide gisa: animalien azalen, murgil handiaren eta antxeta hankabeltzaren lumen... erabileraren aurka. Talde honek ospe handia lortu zuen eta Azal eta Luma Elkartearekin bat egin zuen.
Estatu Batuetan Baso Erreserbaren Legeak (1891) bertako lehendakariari baso-erreserbak eta eremu publikoa ziren lurrak banantzeko baimena eman zion. John Muirrek 1892.urtean Sierra Club Erakundea sortu zuen eta hiru urte beranduago, Nueva Yorkeko Zoologia Elkartea eratu zen. Gainera, Theodore Roosevelt presidenteak makina bat baso erreserba nazional izendatu zituen 1901 eta 1909 artean[26].
XX.mendean Kanadar funtzionarioek, haien artean Charles Gordon Hewitt eta James Harkin, naturaren kontserbazioa bermatu nahi zuen mugimendua sortu zuten[27].
Kontserbaziorako mundu-mailako ahaleginak
aldatuXX.mendearen erdialdean, espezie indibidualen kontserbaziorako lehen ahaleginak egiten hasi ziren, zehazki Hego Amerikako felidoena Nueva Yorkeko Elkarte Zoologikoak zuzenduta. [28] Ildo beretik, elkarte honek asko lagundu zuen espezie askoren babesa bermatzeko erreserbak eraikitzean eta praktika hauen laguntzaren behar handiena zuten lekuak finkatzean. Esaterako, garai honetan Henry Fairfield Osborn Jr., Carl E.Akeley, Archie Carr eta bere seme Archie Carr III-en lana aipagarria izan zen[29]. Akeleyek, adibidez, Virunga mendietan zehar espedizioa gidatu eta mendiko gorilak behatu ostean, erabat ziur zegoen espezie honek zuen desagertze arriskuaz, eta halabeharrez, espezie eta bere habitata kontserbazioa zaintzeko jarduerentzat lehentasunezkoak zirela zabaldu zuen. Hau zela eta, Belgikako Albert I erregea konbentzitu zuen egun Congo den estatuan parke natural bat eraikitzeko[30].
1970.hamarkadan Estatu Batuetan, Canadan, Australian, Suedian eta Erresuma Batuan ehunkadaka egitasmo diseinatu ziren espezie zehatz batzuk babesteko. Bereziki, Nazio Batuek garrantzia kultural eta natural handia zuten lekuak zaintzeko ahaleginak egiten hasi ziren. Helburu hau betetzeko erantzukizuna UNESCOko batzar generalak hartu zuen 1972an, eta egitarau bat diseinatu zuen. Aipaturiko programak 830 leku "gizadiaren ondasun" izendatu zituen, 644 kultural eta 162 natural.
Garapen adierazgarri bat 1980.urteko hiritar kontserbaziorako mugimendua izan zen. Hasieran Birminghameko erakunde bakar batek bultzatu zuen mugimendua, baina berehala Erresuma Batuko beste hainbat hiritara zabaldu zen, eta ondoren, beste hainbat estatutara ere. Mugimendu honek, giza jarduerek ingurunearen kontserbazioan eragin kaltegarria zutela aldarrikatu zuen. Ikuspuntu hau hasieran erradikal gisa jo zen, baina egun joera kontserbazionistaren ideia errokoena bilakatu da.
1992.urtean Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena berretsi ondoren[31], munduko estatuen gehiengoak kontserbazio biologiaren printzipioekin konprometitu zen. Hainbat estatuk haien mugen barruan desagerpen arriskuan zeuden espezieen segurtasuna bermatzeko proiektuak jarri zituzten martxan. 1990.hamarkadaren amaieran sektore honen profesionaltasunean gorakada aipagarri bat egon zen, Ekologiaren eta Ingurune Kudeaketa Institutuaren eta Ingurunegiroaren Elkartearen garapena zela eta.
2000.urtetik aurrera paisaiaren kontserbazioari espezienei baina garrantzia gehiago eman izan zaie. Izan ere, kontserbazionista gehienek ikuspegi ekosistemikoa defendatzen dute, baina espezieen babesean lan egiten dutenek gai honen garrantzia aldarrikatzen jarraitzen dute.
Kontserbazio-biologiaren garrantzia
aldatuGaur egun Lurrean milioika espezie desberdin daude[32]: zientzialariek 1,8 milioi espezie deskribatu dituzte[33], aldiz, kontserbazionistek 5-15 milioi espezie inguru daudela munduan diote, hainbat organismo mota oraindik gutxi ikertu baitira. 15.000 espezie baino gehiago aztertzen dira urtero[32], eta espezie berriak eboluzionatuz joaten dira gure bizitzan zehar. Tamalez, egungo desagerpen tasa normala baino 100-1000 aldiz arinagoa da[34]. Gainera, krisi honek gure inguruko natura hondatzeaz gain, geure beharretan ere eragina du, izan ere, elikagaiak, sendagaiak eta produktu industrialak lortzeko, eta beste hainbat behar asetzetzeko natura erabiltzen baitugu.
Hau guztia dela eta, biologo askok seigarren iraungipen masiboa gertatzen ari dela diote. Azken iraungipen masiboa duela 65 milioi urte izan zen, Kretazikoaren amaieran eta bertan dinosauroak desagertu ziren. Naturaren Kontserbaziorako Elkarte Internazionalak dioenez, egun ugaztunen %22a, anfibioen %32a, hegaztien %14a eta gimnospermoen %32a iraungipen arriskuan daude [33]. Izan ere, 1000 espezie baino gehiago desagertu dira azken 400 urteotan. Adibidez, uso migratzaileak 1800.urtearen erdialdean 3 bilioitik 5 bilioiletara ziren[35], egun, ordea, ez da bat ere geratzen espeziea desagertu egin baita.
Zergatik kezkatu beharko ginateke bioaniztasun galeraz? Gaur egungo suntsipen-tasa Lurraren historian izan den handienetakoa da, eta urtez urte handitzen doa. Gainera, hasieran esan bezala, kontserbazio biologia epemugadun diziplina da, belaunaldi bakar bat geratzen baizaigu biodibertsitatearen zati handi bat kontserbatu nahi badugu. Tamalez, hondamendi honen kausa nagusia gizakion politikek eta ekintza indibidualek eragindako habitat nahastea da. Eta honen ondorioz, Lurraren historian lehen aldiz espezie bakar bat da ustezko iraungipen masibo honen eragilea, homo sapiens-a hain zuzen ere, eta iraungipen masibo horrek berak gizakion desagerpena ere ekar dezake.
Bioaniztasunaren kontserbazioarentzako mehatxu nagusiak
aldatuBiodibertsitatearentzako mehatxu nagusiak habitat galera eta zatiketa, habitat narridura, ekosistemetan era artifizialean gehituriko espezieak eta gehiegizko uzta dira.
Habitat galera eta zatiketa gizakiok geure erosotasunerako eta entretenimendurako egindako aldaketek eragin dute, adibidez: nekazaritzako garapen eta lur garbitze prozesuekin, ur dibertimentuekin eta baso-ustiapenarekin. Habitata galtzen den heinean, gelditzen diren azken zatiak txikiagotu egiten dira eta elkarrengandik geroz eta isolatuago geratzen dira. Honen ondorioz, espezie asko haien habitat zatian geratzen dira isolaturik eta honek, dibertsitate genetikoaren gainbehera ekar dezake.
Bestalde, habitat degrazadazioa lurzoruan edo uretan gehitutako toxinek eta higadura handiek eragiten dute. Halere, narriduraren eragile nagusiak kutsadura eta gizakiok eraikitako errepideak eta bestelako aisirako eraikinak dira. Tamalez, prozesu honen ondorioak habitat galera baino gutxiago nabaritzen direnez, maiz ez zaie behar adina erreparatzen.
Ekosistemetan era artifizialean gehitutako espezieei dagokienez, hauek gizakiak apropos edo nahi gabe haien berezko habitatetik mugitutako espezieak dira. Gizakiak gehitutako harrapakari batek, ekosistema horretako egonkortasuna erabat alda dezake, bertako espezieak erauzi baititzake; adibidez, Karibe irlatan gehitutako mangosta espezieak hainbat narrastien eta hegaztien desagerpena eragin zuen. Gainera, gehitutako espezieak bertako espezieen biziraupena arriskuan jar dezakete bizitzeko behar duten ur eta espaziorako lehia izango direlako; izan ere, esate baterako, Estatu Batuetan Zebra Muskuiluek bertako hainbat muskuilu desagerpen arriskuan jarri dituzte, Zebra Muskuiluak bertako muskuiluen gainean hazten baitira, eta ondorioz azken hauek gosez hiltzen dira.
Gehiegizko uztari dagokionez, hau ehizak, arrantzak edota espezie bereko banako gehiegi biltzeak eragiten dute. Gehiegizko uztak hainbat espezieen iraungipena eragin du mundu osoan zehar, espezie askok banako askoren galera dela eta ezin izaten baitute ugaldu. Eragile honek espezie hauen iraungipen eragindu esate baterako: Uso migratzailearena Ipar Amerikan, Atlantikoko Pottorroarena Atlatinkoko iparraldean, Tasmaniako otsoarena Australian, Moa Zelanda Berrian eta Mauritus islako Dodoa.
Bibliografia
aldatu- Diamond, J. (1989). Conservation for the twenty-first century. New York: Oxford University Press.
- Soulé, Michael E. (1986).What is conservation biology?: A new synthetic discipline addresses the dynamics and problems of perturbed species, communities, and ecosystems. BioScience (American Institute of Biological Sciences)
- Soulé, Michael E. (1986). Conservation Biology: The Science of Scarcity and Diversity. Sinauer Associates.
- Meffe, Gary K.; Martha J. Groom (2006). Principles of conservation biology (3.a edición). Sunderland, Mass: Sinauer Associates.
- Pullin, Andrew S. (2002). Conservation Biology. Cambridge University Press.
- Dasmann, R. F. (1968). Environmental Conservation. New York, NY: John Wiley and Sons.
- Ehrenfeld, D. W. (1970). Biological Conservation. New York, NY: Holt, Rinehart, and Winston.
- Primack, R. B. (1993). Essentials of Conservation Biology. Sunderland, MA: Sinauer & Associates.
- Wilson, E. O. (1992). The Diversity of Life. Cambridge, MA: The Belknap Press of Harvard University Press.
- Wilcox, Bruce A.; Soulé, Michael E. (1980). Conservation Biology: an evolutionary-ecological perspective. Sunderland, Mass: Sinauer Associates.
- Primack, R.B. (1993). Essentials of Conservation Biology. Sinauer Associates, Inc., Sunderland.
- Cardinale, Bradley J.; Duffy, J. Emmett (2012). Biodiversity and its impact on humanity. Macmillan Publishers Limited.
- Richter-Dyn, N. & Goel, N. S. (1972) On the extinction of a colonizing species. Theoretical Population Biology.
- Gilpin, M. E. & Soulé, M. E. (1986) "Minimum viable populations: Processes of species extinction." In Conservation Biology: The Science of Scarcity and Diversity, ed. M. E. Soulé (Sunderland: Sinauer & Associates).
- Caughley, G. Directions in conservation biology. Journal of Animal Ecology.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b (Ingelesez) Soulé, Michael E.; Wilcos, Bruce A.. (1980). Conservation Biology: an evolutionary-ecological perspective. ISBN 9780878938001..
- ↑ a b (Ingelesez) Soulé, Michael E.. (1986). Conservation Biology: The Science of Scarcity and Diversity. Sinauer Associates. ISBN ISBN-10:0878937951 ISBN-13:978-0878937950..
- ↑ (Ingelesez) Dasmann, Raymond F.. (2001). A Life in Conservation Biology.. Xlibris Corporation. ISBN -10: 0738854034 ISBN-13: 9780738854038..
- ↑ (Ingelesez) Ehrenfeld, D. W.. (1970). Biological Conservation.. New York, NY: Holt, Rinehart, and Winston. ISBN -10: 0030800498 ISBN-13: 978-0030800498..
- ↑ (Ingelesez) Diamond, J.. (1989). Conservation for the twenty-first century.. New York: Oxford University Press.
- ↑ (Ingelesez) Primack, Richard B.. (1993). Essentials of Conservation Biology.. Sinauer Associates, Inc., Sunderland. ISBN -10: 0878937196 ISBN-13: 9780878937196..
- ↑ (Ingelesez) McArthur, Robert H.; Wilson, Edward O.. (1967). The Theory of Island Biogeography.. Princeton, NJ: Princeton University Press. ISBN 9780691088365..
- ↑ a b (Ingelesez) Van Dyke, Fred.. (2008). Conservation biology: foundations, concepts, applications (2.edizioa). New York: Springer-Verlag. ISBN 9781402068904..
- ↑ Mason, Rachel and Judith Ramos. (2004). Traditional Ecological Knowledge of Tlingit People concerning the Sockeye Salmon Fishery of the Dry Bay Area, A Cooperative Agreement Between Department of the Interior National Park Service and the Yakutat Tlingit Tribe, Final Report (FIS) Project 01-091, Yakutat, Alaska.
- ↑ (Ingelesez) Murphree, Marshall W.. (2009). The strategic pillars of communal natural resource management: benefit, empowerment and conservation.. ISBN 0960-3115...
- ↑ (Ingelesez) Hamilton, E.; H. Cairns. (1961). Plato: the collected dialogues.. Princeton University Press, Princeton, NJ. ISBN 9780691097183..
- ↑ The Bible, Leviticus, 25:4-5
- ↑ a b Farber, Paul Lawrence (2000). Finding order in nature: the naturalist tradition from Linnaeus to E. O. Wilson. Baltimore: Johns Hopkins University Press. ISBN 978-0-8018-6390-5.
- ↑ a b (Ingelesez) Mader, Sylvia. (2016). Biology.. New York, NY: McGraw Hill Education. ISBN 978-0-07-802426-9...
- ↑ George Louis Leclerc (1756). Histoire naturelle, générale et particulière, avec la description du Cabinet du Roi.
- ↑ a b "Introduction to Conservation Biology and Biogeography". web2.uwindsor.ca.
- ↑ (Ingelesez) Cloyd, E. L.. (1972). James Burnett, Lord Monboddo.. New York: Oxford University Press. ISBN 978-0-19-812437-5...
- ↑ (Ingelesez) Stebbing, E.P. (1922). The forests of India. .
- ↑ (Ingelesez) Barton, Greg. (2002). Empire Forestry and the Origins of Environmentalism.. Cambridge University Press. ISBN 978-1-139-43460-7...
- ↑ (Ingelesez) Bennett, Brett M.. (2005). Early Conservation Histories in Bengal and British India: 1875-1922. Journal of the Asiatic Society of Bangladesh. Asiatic Society of Bangladesh. ISBN 1016-6947..
- ↑ (Ingelesez) Haines, Aubrey. (1996). The Yellowstone Story: A History of Our First National Park: Volume 1. Yellowstone Association for Natural Science, History of Education..
- ↑ (Ingelesez) G. Baeyens; M. L. Martinez. (2007). Coastal Dunes: Ecology and Conservation.. .
- ↑ (Ingelesez) Newton A.. (1899.). The plume trade: borrowed plumes.. The Times 28 January 1876; and The plume trade. The Times 25 February 1899. Reprinted together by the Society for the Protection of Birds, April 1899..
- ↑ (Ingelesez) Newton A.. (1868). The zoological aspect of game laws.. Address to the British Association, Section D, August 1868. Reprinted [n.d.] by the Society for the Protection of Birds..
- ↑ "History of the RSPB". RSPB. Retrieved 19 February 2007...
- ↑ "Theodore Roosevelt and Conservation - Theodore Roosevelt National Park (U.S. National Park Service)". www.nps.gov. Retrieved 2016-10-04...
- ↑ (Ingelesez) Foster, Janet. (1997). Working for wildlife: the beginning of preservation in Canada (2.edizioa). Toronto: University of Toronto Press. ISBN 978-0-8020-7969-5..
- ↑ (Ingelesez) A.R. Rabinowitz. (1986). Jaguar: One Man's Battle to Establish the World's First Jaguar Preserve.. Arbor House, New York, N.Y..
- ↑ (Ingelesez) Carr, Marjorie Harris; Carr, Archie Fairly. (1994). A naturalist in Florida: a celebration of Eden.. New Haven, Conn: Yale University Press. ISBN 978-0-300-05589-4..
- ↑ Akeley, C.. (1923). In Brightest Africa. New York, Doubleday.
- ↑ Convention on Biological Diversity Official Page Archived 2007-02-27 at the Wayback Machine..
- ↑ a b (Ingelesez) Dirzo, Rodolfo; Raven, Peter H.. (2003). Global state of biodiversity and loss.. Global state of biodiversity and loss. Annu. Rev. Environ.
- ↑ a b (Ingelesez) Hilton-Taylor et al.. (2009). Wildlife in a Changing World - An analysing of the 2008 IUCN Red List of Threatened Species.. .
- ↑ (Ingelesez) Hambler, C.. (2004). Conservation Studies in Biology.. Cambridge University Press. ISBN 9780511804281..
- ↑ (Ingelesez) Ellsworth, Joshua. W; McComb, Brenda C.. (2003). Potential Effects of Passenger Pigeon Flocks on the Structure and Composition of Presettlement Forests of Eastern North America.. ISBN 1523-1739..
Ikus, gainera
aldatu- Ekologismo
- Ingurumen
- Bioaniztasun
- (Ingelesez) School strike for climate
- (Ingelesez) Depresio endogamikoa
- (Ingelesez) Populazio minimoaren bideragarritasuna
Kanpo estekak
aldatu- Fridays for Future
- Naturtzaindia
- Zientzia Kaiera
- The nature education
- Society for Conservation Biology
- Aranzadi Zientzia Elkartea