Itun Zentraleko Erakundea

Itun Zentraleko Erakundea (ingelesez: Central Treaty Organisation, CENTO) edo Ekialde Hurbileko Itunaren Erakundea (ingelesez Middle East Treaty Organization, METO) bezala ere ezagutua, Gerra Hotzeko aliantza militarra izan zen. Ituna, jatorrian Bagdadeko Ituna deitua, 1955eko otsailaren 24an sinatu zuten Iranek, Irakek, Pakistanek, Turkiak eta Erresuma Batuak, eta 1979an desegin zuten. Itunaren helburua NATOrenaren antzekoa zen: sobietarren eragina murriztea, oraingoan Ekialde Hurbilean eta inguruan. Bagdadeko Ituna, egiazki, SEATOren (Hego-ekialdeko Asiako Itunaren Erakundea) luzapena izan zen.

Itun Zentraleko Erakundea
Datuak
Izen laburraCENTO, СЕНТО eta SENTO
Motaerakundea eta Aliantza militarra
Agintea
Egoitza nagusi
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1955eko otsailaren 24a
Desagerpena1979

1958an, Estatu Batuek aliantzako batzorde militarrean sartu ziren. Urtebete beranduago, 1959ko martxoaren 24an, Irak erakundetik erretiratu zen, eta, horren ondorioz, izena aldatu zitzaion: Bagdadeko Ituna, une horretatik aurrera, CENTO izatera pasa zen. Estatu Batuek Gerra Hotzean egindako euste-politikaren barruan, Sobietar Batasunak Ekialde Hurbilean zuen eragina hedatzea eragozteko helburuarekin sortu zen CENTO. Horretarako ere, NATO sortu zen.

NATO eta SEATOren sorrera bezala, CENTOren agerpena ere ez zuten ongi ikusi Ekialde Hurbileko herrialdeek, batez ere Egiptok eta Siriak. Horrez gain, erakundeak ezkerreko alderdi politikoen haserrea eragin zuen, itunak tonu inperialista zuela salatu baitzuten, ordura arte izandako neutraltasun positiboaren politikaren aurka egiten zelakoan. Erakundeak jarduteko orduan eraginkortasun gutxi zuenez, 1979an iraungi zen, Irango Iraultzarekin.

CENTOko hasierako kideen mapa.

Itunaren historia aldatu

Bagdadeko Ituna Ekialde Hurbileko eta inguruko herrialdeetan sobietar eraginaren hedapena gutxitzeko helburuarekin jaio zen. Ituna 1955eko otsailaren 24an sinatu zen, NATO agertu (1949ko apirilaren 4an) eta urte batzuetara.

Itun Zentraleko Erakundeak nazioak engaiatzen zituen elkarren arteko lankidetza eta babeserako konpromisoan, baita besteren gaietan esku ez hartzeko ere. Haren helburua Sobietar Batasuna (SESB) eustea zen, SESBren hego-mendebaldeko mugan zehar estatu indartsuen lerro baten bidez. NATOk ez bezala, CENTOk ez zuen aginte-egitura militar bateraturik, ez eta AEBko edo Britainia Handiko base militar askorik ezarrita herrialde kideetan.

1958ko uztailaren 14an, kolpe militar batek Irango monarkia bota zuen. Gobernu berria Abd al-Karim Qasim-ek zuzentzen zuen, eta Irak Bagdadeko Itunetik atera zuen; Sobietar Batasunarekin harreman diplomatikoak ezarri, eta lerrokatu gabeko jarrera hartu zuen. Une zehatz horretan, Erakundeak bere izena aldatu zuen Bagdadeko Itunatik CENTOra.

Ekialde Hurbila eta Hego Asia oso eremu ahulak bihurtu ziren 1960ko hamarkadan zehar arabiar-israeldar gatazka eta Indo-Pakistango gerrak zirela eta. CENTOk errezeloa izan zuen bi gatazka horietan sakon sartzeari. 1965ean eta 1971n, Pakistan, arrakastarik gabe, CENTOren laguntza lortzen saiatu zen Indiarekin zituen gerretan, baina proposamenari ezezkoa eman zitzaion CENTOk SESB eustea zuela helburu eta ez India aitzakiatzat hartuta.

CENTOk ezer gutxi egin zuen eremu horretako kide ez ziren estatuetan sobietar eraginaren hedapena saihesteko. Itunak eduki zezakeen euste-balioa edozein dela ere, hura galdu egin zen sobietarrek harreman militar eta politiko estuak ezarri zituztenean Egipto, Siria, Irak, Yemengo Herri Errepublika Demokratikoa, Somalia eta Libiako gobernuekin, estatu kideen gainetik salto eginez. 1970ean, SESBk jada 20.000 soldadu inguru zabaldu zituen Egiptora eta itsas baseak ezarri zituen Sirian, Somalian eta Hego Yemenen.

Irango Iraultzak amaitu omen zuen erakundearekin 1979an, baina, errealitatean, 1974ra arte ez zen amaitu, Turkiak Zipre inbaditu zuenean. Izan ere, Erresuma Batuak aliantzarako esleitutako indarrak erretiratu zituen, eta Estatu Batuetako Kongresuak Turkiari laguntza militarra eten zion presidentetzaren bi beto izan arren. Irango monarkia erortzearekin batera, erakundearen izateko arrazoia galdu zen. Estatu Batuek eta Erresuma Batuak eskualdeko herrialdeekin —Pakistan, Egipto eta Persiako Golkoko estatuekin, esaterako— etorkizuneko defentsarako aldebiko akordioak gauzatu zituzten.

Iranen erretiratzearekin batera, CENTOko idazkari nagusiak, Kamran Gurun diplomatikoak, 1979ko martxoaren 16an iragarri zuen itun-kontseilu batzarra deituko zuela erakundea formalki desegiteko.

Kronologia aldatu

  • 1954ko otsaila: Turkiak Pakistanekin Elkarrekiko Lankidetza Ituna sinatu zuen.
  • 1955eko otsailaren 24a: Irak eta Turkiaren artean, akordio militarra sinatzen da, eta Bagdadeko Ituna esamoldea erabiltzen hasten da. Iranek, Pakistanek eta Erresuma Batuak bat egiten dute Itunarekin.
  • 1959ko martxoa: Irakeko erregimen errepublikar berriak herrialdea itunetik ateratzen du.
  • 1965: Pakistan, Indiaren aurkako gerran, aliatuen laguntza lortzen saiatzen da, arrakastarik gabe.
  • 1971: Indiarekin gerra berri batean, Pakistan berriro saiatu zen, arrakastarik gabe, aliatuen laguntza lortzen (AEBk laguntza militarren bat eman zioten, baina ez CENTOren bidez).
  • 1979: Irango erregimen islamiko berriak herrialdea CENTOtik atera zuen.

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu