Iruñeko Bibliak
Iruñeko Bibliak Nafarroako Erresuman XII. mende amaieran argitaratutako latinezko bi Biblia ilustratu dira, eta Antso VII.a erregeak agindu zituen. Horiei XIV. mendeko beste kopia bat ere gehitu behar zaie, Biblia gotikoa deitu izan dena. Haien berezitasun handiena da Bibliako kontakizunek ilustrazioak dituztela, ordu arte inoiz ez bezala, ia inork latinez edo/eta irakurtzen ez zekien une batean. Lehen Biblia Antso erregeak Ferrando Petri Funeskoa kantzilerrari agindu zion egiteko, eta hark 1197an amaitu zuen Iruñeko Errege Jauregian. Irudiek latinezko irudi oinak zituzten, egungo komikien modura. Petri Funeskoak marraztu zuen Tomas Urzainkiren arabera, eta zehazki 871 ilustrazio ondu zituen;[1] François Bucher New Yorkeko artearen historiako irakasleak, berriz, lau artista zenbatzen ditu irudikatze lanetan.[2]
Antso miretsita geratu zen Petri Funeskoaren lanarekin, baita hark hala egin ere, baina beste 40 irudi desberdin gehituz. Bibliotako irudiak iturri oso aberasgarriak dira XII. mendeko Nafarroaren berri izateko. Bertan agertzen dira, halaber, Nafarroako santu nazionalak: Jondone Saturdi, Done Mikel, San Nikolas, San Zoilo, Santa Nulia eta Santa Alodia, etab. François Bucher irakaslearen arabera, bi jatorrizko Bibliak eta XIV. mendeko kopia berri bat Erdi Aroko Biblia osoenak eta garrantzitsuenak dira. Juan Ainaudek adierazi duenez, artistikoki oso lan baliotsuak dira.[1] Lehen Bibliari "Amiensko Biblia" ere deitu zaio, bertan gorde delako; bigarrenari, berriz (1200), "Harburgeko Biblia", arrazoi berarengatik. Hirugarrenari (XIV. mendeko kopia), azkenik, "New Yorkeko Biblia".[3]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Urzainqui, T. Olaizola, J. 1998, 178-189. or.
- ↑ (Ingelesez) Sonne, Niels H.. (1971-04-11). «The Pamplona Bibles» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
- ↑ Iruñeko Bibliak | 31 eskutik. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
Bibliografia
aldatu- Urzainqui, Tomas; Olaizola, Juan M. (1998). La Navarra marítima. Pamplona: Pamiela ISBN 84-7861-284-1..