Ioko bolkanismoa

Ioko bulkanismoa» orritik birbideratua)

Ioko bolkanismoa Jupiterren Io satelitean ematen diren fenomeno bolkanikoak dira[1]. Bolkanismo horrek laba ibaiak, putzu bolkanikoak, sufre-lumak eta sufre-dioxidoa sortzen ditu, ehunka kilometroko altuerara jaurtitzen direnak. Jarduera bolkaniko hau 1979an aurkitu zuten Voyager 1 zundaren irudiak aztertzeaz arduratzen ziren zientzialariek[2]. Voyager, Galileo, Cassini eta New Horizons programaren misio espazialen bidez, Ioren behaketak, lurreko behatoki astronomikoekin batera, 150 sumendi aktibo baino gehiago aurkitu dira, satelite honetan guztira 400 sumendi baino gehiago daudela suposatzen den arren[3]. Ioren aktibitate bolkanikoak satelite hau gure Eguzki-sisteman ezagutzen diren lau objektu bolkanikoki aktiboetako bat bihurtzen du, Lurrarekin, Entzeladorekin (Saturnoren satelitea) eta Tritonekin (Neptunoren satelitea) batera.

Ioren irudi bat, bi luma bolkanikoekin.

Ioren bero-iturria marea bidezko berotze gisa ezagutzen den efektutik dator. Jupiterren erakarpen indarraren aldaketak, Ioren orbitaren eszentrikotasunaren eta bere ardatzaren errotazioaren ondorioz, tirabira handiak sortzen ditu satelitearen barnean. Efektu hau Voyager 1aren hegaldia baino lehentxeago iragarri zen. Beroketa, marea indarraren emaitza, lurrazalaren bidez desagertzen da[4], eta Lurrak duen barne bero geotermikoaren ezberdina da, desintegrazio erradioaktibotik datorrena[5]. Jupiterren erakarpen grabitatorioaren alde txiki horrek, sateliteak oldartze bat jasatea eragiten du, puntu hurbilenetik bere orbitaren urrunenera dagoen marea indarraren aldaketen ondorioz. Ioren forma aldatzen duen indar horrek marruskadura bidezko barne-berotzea eragiten du. Marea beroketa hau gabe, Io Lurreko Ilargiaren antzekoa izango litzateke, geologikoki hila eta asteroideen talkek kraterrez estalia, tamaina eta masa berdintsuko gorputzak baitira.

Ioren aktibitate bolkanikoak, ehunka zentro bolkaniko eta laba formazio zabalen eraketa eragin du, satelite hau, eguzki sistemako bolkanikoki aktiboena den objektua bihurtuz. Hiru erupzio bolkaniko mota daude identifikatuta, iraupenean, intentsitatean, efusio-erradioan eta erupzioa "sumendi-hobi" baten barruan gertatzen bada; kasu horretan, eraketa mota berezi horri patera deitzen zaio. Laba, nagusiki basaltoz osatua, dozenaka edo ehundaka kilometroz isurtzen da, eta gure planetako ezkutu bolkanikoen antzekoa da, Hawaiiko Kīlauea kasu[6]. Ioko laba gehiena basaltikoa bada ere, sufre eta sufre dioxidoz osatutako fluxu batzuk ere detektatu dira. Gainera, zenbait erupzioren tenperatura 1600 Kelvinera iritsi da (1300 °C), hau da, silikato ultramafiko labako erupzioak dira, oso tenperatura altuan[7].

Ioren gainazalean material sulfurosoen kopuru esanguratsuak egotearen ondorioz, erupzio batzuk, espaziora, sufrea, sufre dioxidoa eta material piroklastikoa kanporatzen dituzte 500 km-tik gora, euritako formako luma bolkaniko izugarriak sortuz[8]. Material hauek kolore gorrixka, beltz eta zuriarekin erupzioaren inguruak tindatzen dituzte, eta Ioren atmosfera irregularrerako eta Jupiterren magnetosfera erraldoirako materiala ematen dute. 1979tik aurrera Iori argazkiak atera dizkioten espaziontziek aldaketa ugari antzeman dituzte azalean, jarduera bolkanikoaren ondorioz[9].

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Qué es una pluma?» Mi tierra se mueve 2010-02-13 (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
  2. (Ingelesez) Morabito, L. A.; Synnott, S. P.; Kupferman, P. N.; Collins, Stewart A.. (1979-06-01). «Discovery of Currently Active Extraterrestrial Volcanism» Science 204 (4396): 972–972.  doi:10.1126/science.204.4396.972. ISSN 0036-8075. PMID 17800432. (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
  3. (Ingelesez) Lopes, Rosaly M. C; Kamp, Lucas W; Smythe, William D; Mouginis-Mark, Peter; Kargel, Jeff; Radebaugh, Jani; Turtle, Elizabeth P; Perry, Jason et al.. (2004-05-01). «Lava lakes on Io: observations of Io's volcanic activity from Galileo NIMS during the 2001 fly-bys» Icarus 169 (1): 140–174.  doi:10.1016/j.icarus.2003.11.013. ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
  4. (Ingelesez) Peale, S. J.; Cassen, P.; Reynolds, R. T.. (1979-03-02). «Melting of Io by Tidal Dissipation» Science 203 (4383): 892–894.  doi:10.1126/science.203.4383.892. ISSN 0036-8075. PMID 17771724. (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
  5. «Some unanswered questions [This Dynamic Earth, USGS»] pubs.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
  6. (Ingelesez) Keszthelyi, Laszlo; Jaeger, Windy; Milazzo, Moses; Radebaugh, Jani; Davies, Ashley Gerard; Mitchell, Karl L.. (2007-12-15). «New estimates for Io eruption temperatures: Implications for the interior» Icarus 192 (2): 491–502.  doi:10.1016/j.icarus.2007.07.008. ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
  7. Lopes, Rosaly M. C., 1957-. (2007). Io after Galileo : a new view of Jupiter's volcanic moon. Springer ISBN 978-3-540-48841-5. PMC 185022041. (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
  8. (Ingelesez) Geissler, P. E.; McMillan, M. T.. (2008-10-01). «Galileo observations of volcanic plumes on Io» Icarus 197 (2): 505–518.  doi:10.1016/j.icarus.2008.05.005. ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
  9. (Ingelesez) Geissler, Paul; McEwen, Alfred; Phillips, Cynthia; Keszthelyi, Laszlo; Spencer, John. (2004-05-01). «Surface changes on Io during the Galileo mission» Icarus 169 (1): 29–64.  doi:10.1016/j.icarus.2003.09.024. ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).

Kanpo estekak aldatu