Heriotzaren partida (ukraineraz, Матч смерті) 1942an Ukrainan jokatu zen futbol partida bat izan zen. Jokalariak ukrainar gerra presoak izan ziren, alde batetik, eta nazien Wehrmachteko soldaduak, bestetik. Ukrainarrek irabazi zuten eta naziek kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten. Bertan hainbat jokalari hil ziren.

Heriotzaren partidaren iragarkia.

Testuingurua

aldatu

30. hamarkadan futbola arrakasta handiko kirola zen Sobietar Batasunean, bereziki Ukrainan. Estatuak berak bultzatzen zuen gainera eta garai hartako talderik onena Dinamo Kiev zen, poliziak eta Armada Gorriak elkarrekin sortu zutena.

1941ean Alemaniak Sobietar Batasuna inbaditu zuenean, futbol denboraldia bertan behera gelditu zen eta jokalariek frontera joan behar izan zuten. Kiev berehala erori zen eta jokalariak gerra preso izan ziren.

FC Start futbol taldea

aldatu

Kiev okupatu hartan, Dinamoko atezain Mykola Trusevytx hirira itzuli zen eta Iosif Kordikek, Dinamoren zale sutsubatek, garbitzaile lana eman zion bere okindegian. Kordikek berriz ere futbol talde bat eratzea pentsatu zuen eta Trusevytx bere taldekideen bila hasi zen. Talde berriak Football Club Start (ФК Старт) izena hartu zuen eta Dinamo Kieveko zortzi jokalari (Mykola Trusevytx, Mikhail Svyridovskiy, Mykola Korotkykh, Oleksiy Klimenko, Fedir Tyutxev, Mikhail Putistin, Ivan Kuzmenko eta Makar Gontxarenko) eta Lokomotiv Kieveko beste hiru (Vladimir Balakin, Vasil Sukharev y Mikhail Mielnizhuk) bildu ziren.

1942ko ekainaren 21ean lehen partida jokatu zuten Hungariako soldaduen aurka eta 6-2 irabazi zieten. Uztailean beste bost partida jokatu zituzten, denak nazien eta beren aliatuen kontra, eta denetan garaipena lortu zuten, nahiko erraz, gainera. Alemaniarrak konturatu ziren FC Starten garaipenek ukrainarrak animatu eta nazien eta aliatuen morala jaisten zutela; beraz, egoera ahalik eta azkarrena moztu nahian, abuztuaren 6an Flakelf (Luftwaffe, Alemaniako aire-armada) taldearen aurkako partida bat antolatu zuten. Horiek konfiantza handiz atera ziren, talde prestatuagoa baitzen, baina ukrainarrek 5-1 irabazi zieten.

Heriotzaren partida

aldatu

Flakelfek errebantxa eskatu eta 1942ko abuztuaren 9an jokatu zuten partida. Epailea Waffen-SS taldeko kide bat izan zen, nazien armadako elitekoa, alegia. FC Startekoek jakin zuten partida irabaziz gero zigortuak izanen zirela baina, hala ere, aurrera egin zuten: are gehiago, partidaren hasieran nazien agurra egiteari uko egin zioten.

Partida hasi bezain laster, alemaniarrek Mykola Trusevytx atezainari buruan kolpe latza eman eta oraindik leloturik zegoela lehen gola sartu zuten. Nabarmena zen Flakelfkoen indarkeria eta joko zikina baina epaileak ez zituen ukrainarren kexak aintzat hartu. Hala eta guztiz ere, falta jaurtiketa batean, Ivan Kuzmenkok partida berdindu eta atsedenaldira iritsi zirenan, ukrainarrak 3-1 nagusi ziren.

Aldageletan zeudela, bi ofizial nazi joan zitzaizkien: lehena Xvetsov izan zen eta partida nahita galtzeko agindu zien. Bigarrena SS-etako ofiziala zen: horrek esan zien beren trebeziaz harrituta zeudela baina ulertu beharra zeukatela ezinezkoa zela alemaniarrek berriro galtzea eta hori gertatzen bazen, ondorioak latzak izango zirela.

Bigarren zatian ikuslegoa primeran pasatzen ari zen, talde bakoitzak bi gol sartu baitzituen. Partida 5-3 zegoela eta denbora gutxi falta zenean, FC Starten eraso batean, Alexei Klimenkok defentsa gainditu, atezainari izkin egin eta ate hutsaren aurrean, bat-batean buelta eman eta zelaiaren erdiko zirkuluraino bidali zuen baloia. Hori ikusita, 90 minutuak beteak ez zeuden arren, epaileak partida amaitu zuen.

Ondorioak

aldatu

Abuztuaren 16an azken partida jokatu zuen FC Startek eta 8-0 emaitzaz gainditu zuen Rukh, Ukrainako nazien taldea. Abuztuaren 18an, Gestapok FC Starteko hainbat jokalari atxilotu zituen, NKVD-ren (Sobietar Batasuneko Barne Arazoetarako Nazio Batzordea) kide zirela argudiatuz. Hogeita hiru egunez torturatuak izan ziren eta Mykola Korotkykh bertan hil zen. Gainontzeko atxilotuak Syrets kontzentrazio-esparrura eraman zituzten. Ihes saiakera batean, Oleksander Tkatxenko hil zuten. Ivan Kuzmenko, Aleksei Klimenko eta Mykola Trusevytx atezaina 1943ko otsailean exekutatu zituzten bertan.

Partidaren popularizazioa

aldatu

1946ko azaroaren, 16an Izvestia egunkariak heriotza horien berri eman zuen, baina partida aipatu gabe eta modu bitxian: presoak ihesi joan eta okindegi batean harrapatu ondoren, exekutatu zituztela esan zuen. Horren ondorioz, FC Starten historia isilean gelditu zen urte luzez.

1958an, Petro Severov-ek "Azken dueloa" izenaz, Evening Kiev aldizkarian gertaerak azaltzen zituen artikulua idatzi zuen eta hurrengo urtean, liburua atera. Historia berehala zabaldu zen eta 60. hamarkadan bi film egin ziren, Hirugarren zatia eta Heriotzaren partida izenekoak. Sobietarrak ez ziren beste bi filmen inspirazio-iturria ere izan zen: hungariar Két félidő un pokolban (1963) eta estatubatuar Ihesa edo garaipena (Escape to Victory, 1981), alegia. Azken horretan, Sylvester Stallonek, Michael Cainek eta Pelék antzezten dute.

1971an, Kieveko Zenit estadioan monumentu bat ezarri zieten eta 1981ean estadioak berak Start Stadium izen berria hartu zuen.

Jokaturiko partiden zerrenda

aldatu
Eguna (1942) Aurkaria Emaitza
Ekainaren 21a Hungariako guarnizioa 6-2
Uztailaren 5a Errumaniako guarnizioa 11-0
Uztailaren 12a Trenbide militarreko langileak 9-1
Uztailaren 17a PGS (Alemania) 6-0
Uztailaren 19a MSG.Wal (Hungaria) 5-1
Uztailaren 21a MSG.Wal (Hungaria) 3-2
Abuztuaren 6a Flakelf 5-1
Abuztuaren 9a Flakelf 5-3
Abuztuaren 16a Rukh (Ukrainako naziak) 8-0

Zinema

aldatu

1981an John Hustonek zuzendutako Escape to Victory ("Garaipenerako Iheasa") filma gertakari horretan oinarritu zen.

Kanpo estekak

aldatu