Gizon barregarriak
Gizon barregarriak liburua 2024.urtean Joxean Agirrek plazaratutako eleberria da. Umorezko eleberria da non trama desberdinak nahasten diren: batetik, gaztetako ekintzak antzeztera jolasten den ETAkide eta ertzain ohien taldea dugu; bestetik, Maria Mendizabal Antropologiako ikaslea dago, uniformedunen usainei buruzko tesia egiten diharduena. Narrazioa ironiaz eta parodiaz josita dago.
Gizon barregarriak | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Joxean Agirre |
Argitaratze-data | 2024 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Gizon barregarriak |
Argitaletxea | Elkar |
Herrialdea | Euskal Herria |
Orrialdeak | 187 |
ISBN | 978-84-1360-318-6 |
Gertakizunak
aldatuJubilatu ondoren aspertzen hasita dauden komando ohi bateko kideak atraku bat eta bahiketa bat antzez-tera jolastuko dira, berrogei urte lehenagoko ekintzak gogoratzeko, batetik, eta garai hartan atzetik izan zituzten lehen promozioko ertzainekin sagardotegian apustu bat egin dutelako ere bai. Beste aldetik, Maria Mendizabal Antropologiako ikasle gaztea dago, uniformedunen usainei buruzko tesia egiten diharduena, baita sexu kasualari buruzko ikerketa bat ere. Militante jubilatu ohietako bat da protagonista eta Mariarekin harremanetan hasiko da Ibaetako campuseko kafetegian topo egin eta gero. Gizonak akuilatuko du neska sexuari buruzko lana argitaratzera, nobela itxura emanda, finean Antropologia Literatutatik ez dago oso urruti. Euskal literaturan eta gizartean sekulako zalaparta eragingo du liburuak zeren haren narrazioan neskak izan dituen harremanak agertuko baitira. Epaiketa batekin askatuko da korapiloa, eta horren narrazioak hartuko du liburuan toki gehien.[1]
Gaiak
aldatuPolitika, umorea eta erotismoa nahasten dituen koktel gisa funtzionatzen duen nobelak hainbat adar ditu: zahartzaroaren eta maskulinitatearen gaineko gogoetak, garai bateko ideal eta helburuen zimeltzea, baita gaztetasunaren gorazarrea ere, gizon barregarriek adinako protagonismoa baitu Maria Mendizabal Antropologiako ikasle gazte eta distiratsuak, zeina uniformedunen usainei buruzko doktore tesia egiten ari den; haren ustez, polizia desberdinek usain desberdinez bereizten dira.[2]
Estiloa
aldatuIdazkera bihurri ederra eta tramaren katramila ustekabekoak elkartzen ditu Agirrek literaturaren ospatze gisa gozatzen den nobela harrigarri, dotore bezain ironiko honetan.[3]