Gigantes del Basket hilabetero argitaratzen den gaztelaniazko saskibaloiko aldizkari espezializatu espainiarra da, 1985eko azaroan Madrilen sortu zena. Bere lehen argitalpenetik eta 2012ko urrian argitaratutako 1.405 zenbakira arte, asteko maiztasuna izan zuen. 2012ko urritik aurrera, hilabeteko maiztasuna duen aldizkari bat izatera pasa zen. Gaur egun (2022), gainera, Gigantes del Basket-ek saskibaloiaren gaurkotasuna aztertzen duen webgune bat du baita oraingo aldizkariak zein iraganean argitaratutako zenbaki bereziak erosteko online denda bat ere[1].

Gigantes del Basket
LaburduraGigantes
MotaSaskibaloiko aldizkari espezializatua
Fitxa teknikoa
HizkuntzaGaztelania
Gai nagusiaSaskibaloia
Banaketa
Banatze-eremuaEspainia
MaiztasunaHilabetekaria
Salneurria4,50€
Historia
ZuzendariaDavid Sardinero

Bere lehengo zuzendaria, Manolo Vega kazetaria izan zen. Gaur egun, aldiz, David Sardinero da Gigantes del Basket-en burua.

Historia aldatu

Gigantes del Basket 1985eko azaroan sortu zen, Madrilgo Arzobispo Morcillo kaleko 24. zenbakian. Bertan, eta Hobby Press editorialaren babespean, hiru erredaktorek (Manolo Vega -zuzendaria-, Sixto Miguel Serrano eta Paco Torres), bi diseinatzailek (Olegario Torralba eta Fernando Tejero) eta argazkilari batek (Fernando Laura) aldizkariko lehenengo zenbakia ekoizteari ekin zioten. Aldizkariaren lehenengo zenbakia 1985eko azaroaren 4an jarri zen salgai, Madrilen. Espainiako beste toki guztietan, aldiz, hurrengo egunetik (1985eko azaroaren 5) egon zen eskuragarri[2].

Aldizkaria astekari bat izan zen, 1985eko azarotik 2012ko urrira arte (1. zenbakitik 1.405. zenbakira arte, alegia). Hala ere, eta Interneten informazioak eskuratutako abiadura aintzat hartuta, 2012ko urrian hilabetakari bat izatera pasa zen. Egileen ustez, astekari batek ezin zuen Interneten dagoen bat-bateko informazioarekin lehiatu[3]. Ondorioz, ikuspegiz aldatu zuten eta, diseinu berritzaile batekin batera, testu sakonetan zentratzen hasi ziren.

Edukien analisia aldatu

Gigantes del Basket-en azalak saskibaloiaren gaurkotasunarekin lotura duen gairen bat aurkezten du. Azalean agertzen den gaia aldizkariaren barrualdean gehien jorratzen dena da. Normalean, aparteko arrakasta duen talde edo jokalari batek lortzen du aldizkariaren azaleko protagonismoa.

Aldizkariaren lehenengo orrialdean, Gigantes del Basket-eko editoriala aurkitzen da. Bertan, zuzendariak (gaur egun, David Sardinero) gaurkotasunezko gairen bat jorratzen du, normalean. Hala ere, beste batzuetan, zenbaki hori ekoizteko egin behar izan duten lanean zentratzen da, aldizkariaren zirrikituak plazaratuz. Bitxikeri gisa, Pedro J. Ramírez egunkari zuzendariak Gigantes del Basket-eko editoriala idatzi zuen behin[4]. Editoriala eta gero, Gigante del mes eta La imagen del mes izeneko atalak datoz.

Ondoren, aldizkariaren azalean jorratutako gaiari eskainitako espazioa dator, normalean 10 orrialde inguru hartzen dituena. Horren ostean, garrantzia gutxiago duten gaietan zentratzen da aldizkaria, Liga Endesa, NBA, Euroliga, Eurocup edo Basketball Champions League txapelketako gaurkotasuna aztertzen duen bitartean. Erreportajeak eta elkarrizketak izaten dira nagusi.

Ildo editoriala aldatu

Saskibaloiko aldizkari bat izan arren, Gigantes del Basket-i nolabaiteko ildo editorial zein kutsu ideologikoa antzeman ahal zaio. Hilabetekariak jokalari espainiarrek lortutako garaipenak eta lorpenak etengabe goraipatzen ditu. Gainera, izugarrizko garrantzia ematen dio Espainiako saskibaloi selekzio nazionalari zein Espainian jokatzen den Liga Endesari. Beraz, aldizkaria asko zentratzen da Espainiarekin lotura duten gaietan.

Hedabidearen zuzendaritza eta organigrama aldatu

Bere historian zehar, Gigantes del Basket-ek hainbat zuzendari izan ditu: Manolo Vega, Paco Torres eta César Nanclares. Gaur egun (2022), Gigantes del Basket-en zuzendaria David Sardinero kazetaria da.

Erredakzioari dagokionez, Nacho Doria da erredaktore burua. Bestalde, Pablo Salvador sormenezko zuzendaria da eta Teresa Gutiérrez maketatzailea. Azkenik, Olga Marinas webgunearen diseinuaz arduratzen da.

Erredakzioari dagokionez, saskibaloiaren munduan oso ezagunak diren pertsonak daude lanean Gigantes del Basket aldizkarian: Piti Hurtado, Andrés Monje, Mariano Galindo, Álex Gozalbo, José Manuel Puertas...

Enpresa aldatu

Gigantes del Basket S.L. izeneko sozietate mugatuak zuzentzen eta editatzen du Gigantes del Basket aldizkaria[5]. Gigantes del Basket S.L. sozietate mugatuaren gerentea José Antonio Paraiso da. Bestalde, José Luis Ortiz da enpresaren editorea.

Gaur egungo egoitzari dagokionez, enpresa Madrilgo Velázquez kaleko 126. zenbakiko seigarren solairuko ezkerreko atean kokatzen da.

Negozio eredua aldatu

Gaur egun (2022), Gigantes del Basket aldizkariak 4,50€ balio du penintsulan eta 4,75€ Kanarietan, Ceutan eta Melillan. Edonola ere, 44€ ordainduz aldizkarira harpidetu daiteke irakurlea. Modu honetan, argitaratzen diren zenbaki guztiak zuzenean etxera bidaliko dizkiote. Bestalde, webgunean dauden eduki guztiak guztiz doakoak dira. Hala ere, webgunean dauden edukiak ez dira paperezko edizioan argitaratutakoak. Izan ere, webgunean gaurkotasunezko zein azken orduko kontuak jorratzen dituzte.

Publizitateari dagokionez, hainbat iragarki dituzte aldizkarian zein webgunean. Beraz, publizitateak aldizkariaren ekonomian garrantzia handia duela susmatzen da.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Qué es Gigantes del Basket: te explicamos nuestro proyecto» Gigantes del Basket (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  2. (Gaztelaniaz) «Gigantes del Basket: La instrahistoria sobre el origen de la revista» Gigantes del Basket 2021-11-04 (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  3. (Gaztelaniaz) lainformacion.com. (2012-10-29). «”Gigantes del Basket” pasa de semanal a mensual y estrena nuevo diseño» La Información (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  4. (Gaztelaniaz) «36 aniversario: Carta del Director de Gigantes del Basket» Gigantes del Basket 2021-11-05 (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  5. (Gaztelaniaz) «Nota Legal» Gigantes del Basket (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).

Kanpo estekak aldatu