Germaniar zuzenbide

Germaniar herriek erabilitako lege-sistema

Germaniar zuzenbidea germaniar herriak eraendu zituen lege-sistema da. Hasiera batean, ez zeukaten lege-bilduma idatzirik, eta, beraz, ohiturazko zuzenbidea zen. Hala ere, erromatarrekin harremanetan jartzean, erregeek aldarrikatutako lege-kodeak agertu ziren (adib. Eurikoren Kodea). Germaniar zuzenbideak ez zuen herri-alorreko araurik, erromatarren res publica (euskaraz: «herri-gauza») delakoa bezala.

Klovis I.a erregea Lege salikoa ematen.

Lege-kodeak idazteko, ere zuzentza-administrazioaren arduradunek ahozko arauak buruz ikasten zituzten; eta, horretarako, aurrekariak oso ondo gogoratu behar izaten zituzten. Frankoen artean, rachimburgs izenekoak ziren: "Liburutegi bizidunak, adierazpenean zuzenak, ezustekoak eta beldurgarriak ziren". Epaigintza ahozkoa zenean, akzioa ere pertsonala eta subjektiboa zen. Agintea tronurako errege duin hautatutakoak eta bere armagizon askeek batera egikaritzen zuten. Ahozko legea nahikoa izan zen tribua leku finko batean bizi ez zen bitartean.

Lege-bildumak aldatu

Erdi Aroaren hasieran idatzitako germaniar herrien lege-bilduma latino ugari (leges barbarorum bezala ezagunak; euskaraz: «barbaroen legeak») gorde dira, III. eta IX. mendeen artekotzat joak. Lege-bilduma hauek erromatar zuzenbideak, zuzenbide kanonikoak eta tribuetako iraganeko ohiturek inspiratuak dira. Honako lege-bilduma hauek aipagarrienak izan ziren:

Lege-bilduma Germaniar herria Agintaria Urtea
Eurikoren Kodea (Codex Euricianus) Bisigodoak Euriko 471
Burgundiako Legea (Lex Burgundionum) Burgundiarrak Gundobaldo 500 inguru
Alamanen Ituna (Pactus Alamannorum) Alamanak 500 hasieran
Lege salikoa (Lex Salica) Franko saliarrak Klovis I.a 500 inguru
Erripuariar Legea (Lex Ripuaria) Franko erripuariarrak 630 inguru
Rotariren Ediktua (Edictum Rothari) Langobardoak Rotari 643
Bisigodoen Legea (Lex Visigothorum) Bisigodoak Rezesvinto 654
Alamanen Legea (Lex Alamannorum) Alamanak 730
Bavariarren Legea (Lex Baiuvariorum) Bavariarrak 745 inguru
Frisiako Legea (Lex Frisionum) Frisiarrak Karlos Handia 785 inguru
Saxoniako Legea (Lex Saxonum) Saxoiak Karlos Handia 803
Angloen eta berinoen Legea hau da turingiarrena
(Lex Angliorum et Werinorum hoc est Thuringorum)
Karlos Handia IX. mendea

Lege horiek guztiak administrazio-jardunbideak eta isunak jasotzen dituzten kodetzat har daitezke. Denek Lege salikoaren –adibiderik ezagunenaren– antzekoak dirudite, baina, sarri, idazketa-daten, isunen zenbatekoen, krimen-moten, mailen, eginbeharren, ofizieren tituluen eta abarren artean ezberdinak dira.

Erdi Aroaren hasierako germaniar Europan, denak euren herriaren legeen arabera epaitzen zituzten. Erromako herritarren arteko kasuak berariaz lantzeko lege-liburu bereiziak idatzi ziren. Kode haiek germaniar herrien arteko edo germaniar herrien eta erromatarren arteko kasuak lantzen dituzten lege-kode arrunten bestelakoak dira. Azpimarragarrienak Bisigodoen Erromatar Legea (Lex Romana Visigothorum), Kuriar Erromatar Legea (Lex Romana Curiensis) eta Burgundiako Erromatar Legea (Lex Romana Burgundionum) izan ziren.

Germaniar erkidegoa aldatu

Ondasun- edo eskubide-erkidego germaniarrak ez du norbanakoa erdigunetzat hartzen, taldea baino. Erkidegoa behin betiko egoeratzat jotzen da, egonkortzat, alegia. Erkidego honetan ez dago kuotarik; kide bakoitzak osoaren kuota edo proportzio bat dauka, berau iraungi eta likidatzerakoan aintzat hartuko dena. Erkidegoak indarrean jarraitzen duen bitartean, kide bakoitzak ezin izango du bere kuota nahi bezala erabili eta erabaki hartu. Kolektiboa da, beraz, erkidegoaren tituludun eta erkidean administratu eta xedatuko da erkidegoa osatzen duten eskubide- edo ondasun-sorta. Horren adibide, Espainiako legedian, irabazpidezko ondasunak, jaraunspen-erkidegoa eta auzotasunean oinarritutako erabilera-erkidegoak.

Erromatar erkidegoak, ostera, norbanakoari ematen dio garrantzi gehien. Erkidegoa behin-behineko lege-egoeratzat eta kaltetsutzat jotzen da. Honelakoetan, erkidegoko kide bakoitzak ondasun edo eskubideekiko kuota bat dauka, eta kuotadunak bere zatia beregainki erabil dezake, bai eta erkidegotik nahi duenean irten ere.[1]

Ezkontza aldatu

Germaniar ezkontza-zuzenbidea, hein handi batean, ohiturazko zuzenbidea zen, eta 1100 ingurura arte indarrean iraun zuen, haren ordez ezkontza-zuzenbide kanonikoa ezarri zutenean. Germaniarrentzat ezkontza lau fasez osatutako hitzarmen erreala zen, haien latinezko izenetan ematen direnak:

  1. Desponsatio («ezkon-hitz»): gizonak edo bere sendiak anderea erostea, benetako erosketa izatetik sinboliko izatera igaro zena.
  2. Dotatio («ezkonsari»): Senarrak berak emazteari egindako oparia, alargunduz gero, bizibidetzat erabili ahal izango zuena.
  3. Traditio («eskualdatze»): Senarrak emaztea egitatez hartzea, sexua eginez.
  4. Pretium virginitatis («birjintasunaren salneurria») edo, germanieraz, Morgengabe («goizeko opari»): lehenengo eztei-gauaren osteko senarraren emaztearentzako oparia, haren birjintasuna saritzeko eta "ezkutuko akatsik" ez zeukala berresteko.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. Imaz, LeIre. (2009). Eskubide Errealak. Euskal Herriko Unibertsitatea, 86-87 or. ISBN 978-84-692-2632-2..
  2. Monballyu, Jos. (1993). Geschiedenis van het privaatrecht en het strafrecht. syllabus KUL-KULAK, 4 or..

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu