Galo Barrena Larrar

euskal politikaria

Galo Barrena Larrar (Azpeitia, Gipuzkoa, 1877ko urriaren 15a - ) euskal politikaria izan zen. Ideologia karlistakoa zen eta hainbat aldiz izan zen Azpeitiko Udaleko zinegotzia (1919an ageri da lehenbizikoz kargu horrekin[1]). 1933an Azpeitiko suhiltzaileen buru-zuzendari ere izan zen[1]. Armada frankistak atzemandako eta gerra-kontseiluetan epaituriko azpeitiar batzuen aurkako epaiketan deklaratzailea izan zen[1].

Galo Barrena Larrar
zinegotzi

Bizitza
JaiotzaAzpeitia1877ko urriaren 15a (146 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
gaztelania
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria

1936ko Gerra piztu zelarik, Fronte Popularraren Defentsa Batzordeak herritik alde egiteko erran zion, atxilo ez zezaten. Hala egin zuen. Irailaren 20an matxino nazional-katolikoek Azpeitia hartu bezain laster atera zen ezkutalekutik eta, hamar egun geroago, behin-behinean eratu zen Udalbatzako kidea izan zen. Aurrerago, Gipuzkoako Gerra Batzorde Karlistak aginduta, urriaren 14an eratu zuten behin betiko Azpeitiko Udalbatza eta, hartan, Barrena bigarren alkateordea izan zen[1].

Bizitza pribatua aldatu

Galo Barrena Larrar 1877ko urriaren 16an bataiatu zuten Urrestillako parrokian[2]. Feliz Barrena eta Mariana Larrar senar-emazteen sei seme-alabetako borzgarrena izan zen[2]. Rosario Aranzadi Echeverriarekin ezkondu zen eta alaba bakarra izan zuten, Rosario izenekoa[3]. Hil arte Azpeitian bizi izan zen, Enparan 40 helbideko etxean[3].

Euskaltzaleak elkartea aldatu

1931. urtearen hasieran, Azpeitian Euskaltzaleak izeneko elkartea sortu zen eta Galo Barrena izan zen bere lehenbiziko lehendakaria[4]. Udalak urte hartako otsailaren 2an onartu zuen elkartearen araudia eta martxoaren 9an, Barrenaren eskaera bat aintzat hartuz, herriko ikastetxeei zera eskatzea erabaki zuten: ikasleei euskara irakurri eta idazteko ikasgaiak emateko. Euskaltzaleak elkartearen helburua baitzen euskara eta euskal kultura indartzea eta zabaltzea. Horretarako, Euskara Eguna, Euskaldun Umearen Eguna, Olerki Eguna, bertsolari saioak eta halakoak antolatzeko ardura zuen. Udalak 1932an erabaki zuen urtero Euskaltzaleak elkarteari 750 pezetako diru laguntza ematea[4].

Bizitza politikoa aldatu

Galo Barrenaren lehenbiziko erreferentzia politikoa 1903koa da[5]. Urriaren 26an Udalak Barrenaren, Ramon Nazabalen eta Xalbador Bengoetxearen eskaera bat aztertu zuen, Azpeitian "mitin karlista" bat egiteko utz ziezaieten, Azoka plazan edo zezen-plazan. Agintarien artean eztabaidak sortu ziren eta bozketa egin zuten: zortzik baiezkoa eman zuten, eta hiruk, ezezkoa.

Zenbait urte geroago, Barrena Azpeitiko Udaleko kide izan zen. 1915eko urtarrilaren 18an, adibidez, "Galo Barrenari askatasun osoa eman zioten udaletxearen kanpoko obrak egiteko, batez ere lehen solairuko leihoak zabaltzeko, beste batzuk irekitzeko eta abar"[5]. 1930eko udan berriz agertzen da bere izena, Azpeitia eta Azkoitia herrien arteko mugarriei buruzko auzian bere herriaren peritu gisa.

1936ko gerra aldatu

Altxamendu nazional-katolikoa hasi eta berehala, Fronte Popularraren Defentsa Batzordearen aginduz, 120 buruzagi, militante eta jarraitzaile karlista atxilotu zituzten Azpeitian, eta herriko espetxean zein Loiolako santutegian izan zituzten preso[6]. Baina baten batek ihes egin zien. Galo Barrenak, adibidez. Zelaieta baserrian ezkutaturik egon zen uztailean, eta Ezkio-Itsasora egin zuen ihes Batzordeko zenbait kide baserri hartara bila joan baino lehentxeago[6].

Karlistek irailaren 20an hartu zuten Azpeitia eta, hamar egun geroago, indar okupatzaileen aldeko zenbait azpeitiar tradizionalistek osatu zuten behin-behineko udalbatza, Cruz Maria Echeverria Taberna alkatea buru zutela. Udalbatza hartan Galo Barrena zinegotzia izan zen[7]. Irailaren 30ean eginiko saio hartan hartu zuten lehen erabakia izan zen matxinatuen organo gorenekin bat egitea eta "gobernuarekin eta Fronte Popularrarekin bat egiteko aurreko Udalak hartutako akordioen aurka egitea". Bertze hainbat gauzaren artean, Oñatz eta Elosiagako eskola berriak ixtea erabaki zuten[7][5].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Buces, Javier. (2016). Azpeitia 1936-1945. Memoriaren izenak. Azpeitia: Aranzadi, 53 or. ISBN 9788494425165..
  2. a b «Agiriaren Aurkibide digitalak 1901 aurretik.» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-17).
  3. a b Asier Azpilikueta kazetariaren ikerketa argitaratugabea.
  4. a b Elias, Imanol. (2003). Azpeitiko efemerideak. Herria historian zehar. Azpeitia: Uztarria.
  5. a b c «Efemerideak - uztarria.eus» uztarria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
  6. a b Buces, Javier. (2016). Azpeitia 1936-1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko Garaian. Azpeitia: Aranzadi, 86 or. ISBN 978-84-944251-5-8..
  7. a b Buces, Javier. (2016). Azpeitia 1936-1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko Garaian. Azpeitia: Aranzadi, 102 or. ISBN 978-84-944251-5-8..

Kanpo estekak aldatu