Frisiako zaldi

Frisiako zaldia defentsa-hesi mota bat da, aro modernoan eta garaikidean zalditeriaren kontra baliatu izan dena, baina aurrekariak Burdin Aroan dituena. Adibidez, Oppidumen harresien aurrean kokatzen ziren defentsa-egiturak Frisiako zaldiaren bariantetzat jo daitezke.

Txarrantxaz eta egurrez eginiko Frisiako zaldia
AEBtako Sezesio gerra garaiko Frisiako zaldia Petersburgen

Terminoaren jatorriaAldatu

Termino modernoaren jatorria oraindik zalantzazkoa bada ere, badirudi Laurogei Urteko Gerran hasi zela erabiltzen. Frisiatik oso gertu dagoen eta setiatuta zegoen Alemaniako Groninga hirian Espainiako zaldunen erasoei aurre egiteko usatu ziren eta pasadizo horretatik letorke Europako hizkuntza askotan erabiltzen den terminoa. (Alemanez edo Eskandinaviako hizkuntzetan zaldi espainiar izena ematen zaio).

Erabilera eta deskribapenaAldatu

 
Berlingo harresiko Frisiako zaldiak. Klase honetakoei triku txekiar esaten zaie Txekoslovakian sortu baitziren.
 
Frisiako zaldiaren XXI. mendeko bariatea

Lehenengo erabilerak burdin eta brontze aroko gotorlekuetan aurkitzen dira. Horrela, Dun Aengus-ko gotorlekua, Aran uharteetako batean, harri punta zorrotzez osatutako eraztun batez babestuta dago. Iberiar penintsularen ipar-mendebaldeko kastroetan ere aurki daitezke antzeko egiturak.

Hasiera batean, Frisiako zaldia elkarren artean mihiztatutako egurrezko gurutzez osatuta zegoen eta multzo eramangarri bat osatzen zuten. XVII. mendean erabilera orokortu zenean batez ere zalditeriaren kontra baliatzen ziren.

Zaldiek ibilgailu mekanikoei tokia utzi zietenean gerra-zelaietan, altzairuz eta zementuz eraikitakoak baliatzen hasi ziren. Tankeei eta bestelako ibilgailuei aurrera egiten eragozten edo zailtzen die.

Lehen Mundu Gerran txarrantxa eta zurezko gurutzez eginiko Frisiako zaldiak infanteriari ere aurre egiteko baliatu zen. Lubakien eta gotortutako posizioen aurrean paratzen ziren infanteriaren erasoa zailtzeko.

Adibidez, armada alemanak Frisiako zaldiak jarri zituen Bigarren Mundu Gerran okupatutako herrialdeetako hondartza askotan, lehorreratzea eragozteko.

Alemaniako Errepublika Demokratikoaren mugetan eta Berlingo harresian hesi horiek elkarren artean soldatutako errailez osatu ziren sarritan. Triku txekiar ere esaten zaie egitura horiei.

Egurrezko edo metalezko gurutzez eta txarrantxaz osatutako egiturak manifestari, matxinatu eta antzekoez eraikin ofizialetako sarbideak babesteko erabiltzen dira munduko estatu askotan.

Kanpo estekakAldatu