Euskaldun zahar

lehen hizkuntza euskara izanik, euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten duen pertsona
Euskaldunzahar» orritik birbideratua)

Euskaldun zaharra haurtzaroan familiaren edo eskolaren bidez euskara lehen hizkuntzatzat ikasi duen euskalduna da. Euskaldun zaharrak, euskaraz gain, haurtzaroan beste hizkuntzaren bat edo batzuk ere ikasi ohi ditu. Euskaldun zaharra izatearen gakoa haurtzaroan euskara ikasi izana da.

XX. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik, ez da euskaldun zahar elebakar helduren kasurik ezagutzen, Hego Euskal Herrian euskaldunak euskaraz gain gutxienez gaztelaniaz eta Ipar Euskal Herrian frantses edo gaskoieraz ongi ala gaizki mintzatzeko gai baitira.

Badaude, eremu oso euskaldunetan haurtzaroan euskaraz ikasi eta urte batzuez hizkuntza horretan baizik mintzatzeko gai ez diren haur euskaldun elebakarrak, edota euskara hutsezko haurtzaindegietara joan diren haurrak, Galesen galesa lehen hizkuntzatzat ikasi eta haurtzaroko urte batzuez galesez bakarrik mintzatzen dakiten haur galestarren antzera. Urte gutxiren buruan, ordea, gutxienez bigarren hizkuntza bat ikasi eta mintzatzeko gai dira, dela eskolan irakasten dietelako, dela kalean nahiz hedabideetan entzuten dutelako.

Aldiz, haurtzarotik aurrera euskaraz ikasitako euskaldunek euskaldun berri izendapena jasotzen dute. Euskararen irakaspenaren indartzearekin batera erdaldun nahiz euskaldun berrien seme-alabak diren euskaldun zaharren fenomeno soziologikoa ere jazo da, iraganean hain ugari ziren guraso euskaldun zaharren seme-alaba erdaldunen fenomenoa jasotzen zen bezala, bai gurasoak euskaraz irakatsi ez zietelako, bai eskolan erdaraz bakarrik irakatsi zietelako.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu