Ireki menu nagusia

Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra

Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra (ESEI) 1976n sortutako alderdia zen, abertzale eta ezkertiarra, unibertsitate mundutik gertu zebilena. Euskal Herriko egoera ikuspegi marxistatik aztertzen zuen, Hego Euskal Herriarentzako autonomia zabala aldarrikatzen zuen, eta halaber borroka armatuaren etetea.

Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra
ESEI
Presidentea Gregorio Monreal
Idazkari nagusia Jose Manuel Castells
Sorrera 1976
Desegitea 1981
Ideologia politikoa eusko abertzaletasuna
marxismoa

"Konpromiso autonomikoa" izeneko agiria sinatu zuen 1977ko maiatzean, EAJ, PSE-EE-PSOE, EAE-ANV, EPK eta EKDrekin batera. Bertan hauteskundeetan aukeratutako euskal ordezkariek Autonomia Estatutua garatzea aldarrikatzen zen. 1977ko hauteskundeetan Espainiako Senatura EAJ eta PSErekin batera Fronte Autonomikoaren barruan joan ziren, eta Gregorio Monreal aukeratu zuten senatari. 1979ko udal hauteskundeetan Euskadiko Ezkerrarekin batera aurkeztu ziren. 1980ko hauteskunde autonomikoetan bakarrik aurkeztu ziren eta 6.305 boto baino ez zituzten jaso. Honen ondorioz alderdia 1981eko urriaren 3an desegin zen. Hala ere, militante ohi batzuk, "ESEI kolektiboa" delakoan bilduak, Euskadiko Ezkerran sartzea erabaki zuten, EIA eta EPKren gehiengoaren arteko batasunaren ondorioz alderdi bilakatuko zen garaian.[1]

ErreferentziakAldatu

  1. Gaizka Fernández Soldevilla, Agur a las armas. EIA, Euskadiko Ezkerra y la disolución de ETA político-militar (1976-1985), Sancho el Sabio. Revista de cultura e investigación vasca, ISSN 1131-5350, Nº 33, 2010, 55-96 orriak Kontsultatua: 08-3-2011.

Kanpo estekakAldatu