Euskal Herriko lurralde-antolaketa
Euskal Herriaren banaketa administratiboa zatikatua dela eta, zaila da Euskal Herriko lurralde-antolaketa bateratu batetaz hitz egitea. Proiektu sektorialez gain (kale egin zuen Autobide Transpirenaikoarena, kasu), ia ez dago muga politiko-administratiboak gainditzen duen proiekturik. Salbuespenetako bat Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren proiektua izan daiteke.
Euskal Autonomia Erkidegoan
aldatuEAEko lurralde-antolakuntzak maiatzaren 31ko 4/1990 Legean du oinarri legala[1]. Bertan zehazten denez, lurralde-plangintzako figura edo tresna nagusia Lurraldea Antolatzeko Gidalerroak (LAG) izeneko agiria da, lurralde-antolakuntza mailako gidalerro nagusiak zedarritzen dituena, eta behin-betikoz 1997an aprobatu zena, Taller de Ideas sozietate pribatuak koordinatua. Bertan, Europa mailan lehiakorra izan daitekeen Euskal Hiria gisa izendatu duten lurralde-eredua zehazten da, EAEko hiru hiriburuek osatzen duten hiri-sistema zentroanitzan oinarritzen dena. Euskal Errotula gisa ere definitzen da EAEko hiru hiriburuen artean osatutako sistema hori. Halaber, bigarren errotula handiago bat aipatzen da Santander, Logroño, Iruñea eta Baiona ere barne hartuko lituzkeena.
EAEko lurraldea antolatzeko beste bi tresnak Lurraldearen Zatiko Planak (Lurralde Plan Partzialak ere deituak) eta Lurraldearen Arloko Planak (Lurralde Plan Sektorialak ere deituak) dira. Zatiko Planek Area Funtzionalak dituzte aztergai (EAEn 15 daude), eta Arloko Planek sektore-gai jakinak Autonomia Erkidego osoan (ibaiak eta errekak, errepideak, hezeguneak, trenbideak, haize-errotak...).
LAGak 2006tik egon dira berrikuste-prozesuan. 2012ko martxoan ofizialki onetsi zen aldaketa ez-funtsezko baten hasierako onarpena, baina hurrengo legealdian, 2015ean, prozesu osoa ia zerotik berrasi zen. Azkenik, 2019ko uztailean onetsi da EAEKo LAGen berrikuspen berria.
Nafarroako Foru Erkidegoan
aldatuNFEko lurralde-antolakuntzak abenduaren 20ko 35/2002 Legean du oinarri legala[2]. Bertan zehazten denez, lurralde-plangintzako figura edo tresna nagusia Nafarroako Lurralde Estrategia (NLE) izeneko agiria da, lurralde-antolakuntza mailako gidalerro nagusiak zedarritzen dituena, eta behin-betikoz 2006an aprobatu zena, Nasursa sozietate publikoak koordinatua[3]. NLEn etorkizuneko garapen-eredua zehazten da, Nafarroa eskualde-hiri gisa ulertzen duena.
NFEko lurraldea antolatzeko beste tresna Lurraldea Antolatzeko Plana da. Horretarako, Foru Erkidegoa bost eremutan banatu da (Pirinioak, Nafarroa Atlantikoa, Erdigunea —nagusiki Iruñerriaz osatua—, Erdialdeak eta Ebroko Ardatza).
Pirinio Atlantikoen Departamenduan
aldatuLurraldearen antolakuntzari dagokionez, Ipar Euskal Herria ez da existitu instituzionalki 1996an Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskema delakoa sinatu arte, non Pays gisa agertzen den (nortasun juridikorik gabeko entitatea, hala ere)[4]. Kontratuak ez zuen aurrekonturik, baina ondoren hitzartuko ziren bi Lurralde Kontratuen aurrekariak ezarri zituen.
2008ko irailaren 8an 2007-2013 Euskal Herriko Lurralde Kontratua (Contrat Territorial Pays Basque) sinatu zuten Baionan[5], Ipar Euskal Herria egituratzen duen eta Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak sustatzen duten ekimen instituzionala[6]. Bertan, 213 milioi euro inguruko kostu orokorra estaltzen dituzten 77 ekimen biltzen dira, lurralde lehiakor eta arduratsu bat lortzeko helburu orokorrarekin. Ekoizpen-ekonomiari ematen diote lehentasuna.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) EAEko 4/1990 Legea
- ↑ NFEko 35/2002 Legea
- ↑ Nafarroako Lurralde Estrategia[Betiko hautsitako esteka] (azken agiria)
- ↑ Koldo Gorostiaga: "Ipar Euskal Herriarendako instituzio bat"[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ PADeko Euskal Herriko Lurralde Kontratua[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Mikel Asurmendi (argia.com): Lurralde antolaketa. Estatu erreformei adi