Estamentu

Estamentua» orritik birbideratua)

Estamentua (Heg.) edo estatua bereziki feudalismoan eta Antzinako Erregimenean zuzenbide-egoera eta pribilegio berberak zituzten pertsonek osatzen zuten gizarte-maila da. Estamentuak hiru dira: aitoren seme-alabak, elizjendea eta hirugarren estatua (nekazariak, eskulangileak eta burgesak). Sistema hau, gehienbat, herrialde kristauetan erabili zen, Aro Modernoaren hasierara arte. Pixkanaka, estatuen sistema baztertu egin da, eta gizartea antolatzeko sistema berriak sortu eta garatu dira.

XIII. mendeko frantziar margolan bat, Erdi Aroko hiru estatuen sistema adierazten duena: Oratores ("otoitz egiten dutenak"), Bellatores ("borroka egiten dutenak") eta Laboratores ("lan egiten dutenak").

Sistema estamental ezagunena Frantziako Ancien Régime ("Antzinako Erregimena") izan zen, herrialde hartan Iraultzara arte erabili zena (1789-1799). Monarkia bat zegoen, errege-erreginekin, eta, beste aldetik, elizjendea (lehen estatua), aitoren seme-alabak (bigarrena) eta herri xehea (hirugarrena) zeuden. Beste eskualde batzuetan (adibidez, Eskandinavian eta Errusian), burgesia eta nekazariak bi estatutan banatuta zeuden, azken hauek laugarren estatu bat eratzen zutelarik. Horretaz gainera, lurrik ez zuten pertsona txiroak batzuetan estatuetatik kanpo eta eskubide politikorik gabe gelditzen ziren. Ingalaterran, bi estamentuko sistema sortu zen: elizjendea eta aitoren seme-alabak, batetik, eta "herria" (hirugarren estatua izan beharko lukeena) beste aldetik. Sistema honek parlamentua bitan zatitu zuen: Komunen Ganbera eta Lorden Ganbera (Kongresua eta Senatua). Alemania hegoaldean, estatuak noblezia (printzeak eta elizgizonak), zaldunak eta burgesia ziren. Eskozian, estatuak elizjendea, aitoren seme-alabak eta burgesia ziren, Frantzian bezala; hala ere, azken hauek Shire Commissioners izena zuten, eta burgesia eta erdiko eta beheko mailak ordezkatzen zituzten. Estatu hauek Eskoziako Legebiltzarra osatu zuten.

Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.