Errota Txiki itsas errota bat izan zen, Donostiako Urumea ibaiaren eskuinaldean egon zena 1926ko irailera arte. Ibaia bideratzeko lanak egin zirenean, ordurako baserri eta sagardotegi bihurtua zegoen eraikina bota egin zuten.

Errota Txiki
Errota Txiki 1920. urte inguruan. Eraikinaren aurrean, ibai aldera, argi ikusten da errotaren osina.
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′N 1°59′W / 43.31°N 1.98°W / 43.31; -1.98
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1920
Arkitektura

Beraren aztarna bakarra, gaur egun, itsas errotak erabiltzen zuen azelina da, Urumea ibaiaren horman itsatsia gelditu baitzen.[1]

Historia apur bat aldatu

Errota Txiki XVI. mendearen erdian eraiki zuten Juan Mendiburu eta Catalina Astina senar-emazteek. Iturri batzuek diotenez, Lapurditik etorriak ziren[2], baina ez dago horren froga argirik[3].

Euskal Herriko errota gehienen gisara, Errota Txikik errota izateari utzi zion, ziurrenik XIX. menderako, eraitsi zenean, 1926an, etxearen jabeek ez baitzuten oroimenik errota lanik egin izan zenik bertan. Errota izateari utzirik, Errota Txiki izenaz betiere, baserri eta, batez ere, sagardotegi izan zen desagertu arte. 1920ko hamarkadan oso ezaguna izan zen Donostian, besteak beste handik hurbil zegoen Iparraldeko geltokiko maletazainen artean.

Azelina aldatu

 
Aspaldiko marea-errotako turbina hidraulikoa (azelina), gaur egunean Urumea ibaiko horman itsatsita dagoena.

Urumea ibaia bideratzeko lanak egin zirenean, 1926ko irailean Errota Txiki baserria eraitsia izan zen. Hondakinen artean, garai bateko Errota Txikiko azelina edo gurpil hidraulikoa agertu zen. Etxearen azken jabe Bizente Mendiburuk eta Donostiako Udalak hala erabakita[4], azelina Urumea ibaiaren horman itsatsia gelditu zen, Errota Txiki egondako leku berean.

 
Urumea bideratu aurreko argazki bat da. Ibai eskuinaldean lehenik ikusten diren bi baserriak dira, eskuinean lehendabizi Kolkene edo Presaburu, eta ezkerrean Etxeberri. Errota Txiki atzerago ikusten da, eskuinean, ibaiaren ertzean. Argazkia 1888. urtearen inguruan behar du hartua, Artzain Onaren dorrea urte horretan amaitu baitzen.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Aguirre Sorondo, Antxon. (1988). Tratado de molinología : los molinos de Guipúzcoa. Eusko Ikaskuntza ISBN 8486240662. PMC 21295542. (Noiz kontsultatua: 2018-08-08).
  2. Bereciartúa Olarra, José María: «La Rueda quieta de Errota-Txiki» San Sebastián: revista anual ilustrada San Sebastián Año 32, n. 32 (1966ko maiatzaren 29koa), 60-61 or.
  3. Juan Mendiburu eta Catalina Astina 1671ko irailaren 20an ezkondu ziren Donostiako San Bizenteko elizan. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, DEAH/F06.061//1846/001-01 (f.114r, nº--/M,1671-09-20)
  4. San Sebastián: revista anual ilustrada San Sebastián, n. 8 (1942ko urtarrilaren 20koa), 64. or.

Kanpo estekak aldatu