Kimikan eta biokimikan, enantiomeroak (isomero optikoak ere deituak) estereoisomeroetako mota bat dira. Enantiomeroetako bikote batean, bietako bat bestearen ispiluko irudia da, eta biak ezin dira gainjarri (pertsona baten bi eskuekin gertatzen denaren antzera).

Bi aminoazido enantiomeroak

Molekula enantiomeroek antzeko ezaugarri fisiko eta kimikoak dituzte, bat izan ezik: argi polarizatua norabide ezberdinetan desbideratzen dute. Argiaren bibrazio-planoa eskuinalderantz desbideratzen badu, dextrogiro deitzen zaio molekula enatiomeroari, eta ezkerralderantz desbideratzen badu, lebogiroa.

Azido laktikoaren D eta L isomeroak

Enantiomeroak karbono asimetrikoak dituzte. Karbono asimetrikoa da bere lau balentziak erradikal desberdinez beteta dituena. Azido laktikoaren kasuan, adibidez, karbono asimetrikoa da 2. karbonoa (ikusi irudia). Karbono asimetrikoan OH taldea eskuinean dagoenean, molekula enantiomeroa D taldekoa da; karbono horretan OH taldea ezkerrean dagoenean, molekula L da.

Azpimarratu behar da ez dagoela inongo loturarik isomero dextrogiroaren eta isomero lebogiroaren eta D eta L konfigurazioen artean. D konfigurazioko enantiomero bat dextrogiroa edo lebogiroa izan daiteke, eta baita L konfigurazioko enantiomero bat ere. Esaterako, glukosak naturan duen ohiko forma dextrogiroa da, eta fruktosaren ohiko forma lebogiroa da; biak ala biak, ordea, D konfiguraziokoak dira.

Kanpo estekak aldatu