Ekonomiaren Egonkortasunerako Plan Nazionala 1959an Espainiako gobernuak onartutako neurri ekonomikoen multzoari deritzo. Planaren helburuak Espainiako ekonomiaren egonkortasuna eta liberalizazioa izan ziren, frankismoaren autarkia politikari amaiera emanez eta 60ko hamarkadako garapen ekonomikoa egin zion leku.

Franco eta Eisenhower, 1959an, Madrilen

Garaiko egoera ekonomikoa: Autarkia aldatu

1939an Espainiako Gerra Zibila bukatu zenez gero, Espainiako gobernuak autarkian oinarritutako politika ekonomikoa jarri zuen martxan eta, horren ondorioz, AEBetako laguntzekin 50eko hamarkadan zerbait suspertzen ari bazen ere, Portugalekin batera, Europako herrialde pobreenetarikoa zen.

Arazo ugari zuen garai hartan Espainiako ekonomiak:

  • Bizitzaren kostua hazi egin zen eta, 1956an, %15ekoa zen. Horren aurrean, gobernuak soldaten igoera onartu zuen, baina egoera larritzea besterik ez zuen lortu.
  • Zor publikoa emendatu zen.
  • Merkataritza balantzaren defizit ikaragarria zegoen eta dibisa kopuru izugarri jaitsi zen.

Aurrekariak (1957-1958) aldatu

1957ko otsailean, gobernu aldaketa bat izan zen Carrero Blancoren pean eta ministro berriak sartu ziren: Alberto Ullastres Merkataritzan, Mariano Navarro Rubio Ogasunean eta López Rodó Lehendakaritzaren Idazkaritzako buruetako bat. Denak ziren katolikoak, Opus Deiko kide eta ekonomian gaitasun handikoak. Berehala ikusi zuten egoera ekonomikoaren larria eta politika ekonomikoa gidatzen hasi ziren, garaiko autarkia frankista hautsiz.

Erabakitako neurri garrantzitsuenak:

  • Truke tipo ezberdinak batu eta trukea 42 pezeta dolarreko ezarri zen.
  • Espainiako Bankuak aplikaturiko tipoen igoera. Era berean, 1958ko abenduan, zor publikoaren pignorazio automatikoa bertan behera utzi zuten.
  • Gastu publikoaren jaitsiera eta kontrolerako neurriak hartu ziren, Estatuaren diru sarrerak igo nahian.
  • Espainia Nazioarteko Diru Funtsan, Kooperazio Ekonomikoaren Europar Erakundean eta Sustapenerako Nazioarteko Bankuan sartzearen aldeko ahalegina egin zuten.

Plana aldatu

Garapena aldatu

Joan Sardà i Dexeus eta Enrique Fuentes Quintana ekonomialariek hartu zuten parte zuzena bere garapenean eta gobernuak onartu zuen 1959ko uztailaren 21ean, eta Gorteek, berriz, 1959ko uztailaren 28an; hori bai, barne gatazka handiei eta Francoren iritziari berari ere aurre egin behar izan zien, autarkia gerra zibilaren eta nazionalismoaren ideologiaren atal bat baitzen haientzat. Autarkia erregimenari lotuta zegoen erabat eta kanpoko presioagatik ez balitz, ez zuten sekula hura alboratzea onartuko.

Neurri hauek guztiak ikaragarrizko aldaketa izan ziren gobernuaren politika ekonomikoan. Arazo errealak ziren, baina konponbidea ez zen nahi bezain azkar iritsi.

Edukia aldatu

Planak lortu beharreko helburuak zehazten ditu: egonkortasun ekonomikoa, ordainketa balantzaren oreka, monetaren indartzea, dibisa egonkor bihurtzeko nahia... Merkantzien inportazioaren liberalizazioa aurreikusten da eta, aldi berean, barne merkataritzarena ere bai. Liberalizazioa alde batetik, baina zurruntasuna ere bai:

  • Pezeta egonkortzeko bidean, pezeta eta dolarraren trukea 42tik 60raino igoko zen. Honekin batera diru asko etorri zen mailegutan nazioarteko erakundeetatik eta baita AEBetako gobernutik ere.
  • Interes tipoak igoko ziren, bankuek emandako maileguei mugak jarri eta soldatak izoztu. Hori dena inflazioa gerarazteko ahaleginetan egingo zen.
  • Atzerriko inbertsioa sustatuko zuten eta legedi berriak espainiar enpresetan atzerriko kapitalen partaidetza onartzen zuen.
  • Defizit publikoari muga jarri nahi zitzaion eta, horretarako, erreforma fiskala proposatu zuten, diru gehiago jaso eta gastu publikoa mugatuz.

Beraz, 1959an hartutako neurriek ez zuten barne oreka soila bilatzen eta sustraietatik eraberritzeko plana zen. Oreka lortu, bai, baina aurreko garepen eredua bertan behera utzi eta Espainiako ekonomia nazioarteko merkatuan murgilduz, ekonomia saneatuz eta ondorengo garapen ekonomikoaren hazia ereinez. Estatu autoritarioak erabat kontrolatutako ekonomia hura baztertu eta liberalizatu beharra zegoen.

Emaitzak aldatu

Epe motzera nabaritu ziren emaitzak, bai barnean eta baita kanpoan ere:

  • 1959an, ordainketa balantzaren 81 milioi dolarreko superhabita izan zen.
  • Espainiako Bankuaren dibisen erreserbak nabarmen emendatu ziren (1959ko ekainean 2 milioi dolar bazeuden, 1960ko abenduan 500 milioi ziren).
  • Inflazioa jaistea lortu zuten, eta 1958ko %12,6tik 1960ko %2,4ra pasatu zen.
  • Nazioarteko inbertsioak eta turismoa nabarmen hazi ziren.
  • Lehiakortasun hobea lortu zen eta teknologikoki aurreratzea ere bai.

Baina garapenak ekoizpenari eragin zion epe motzean, soldaten izozteak eta kontsumoaren jaitsiera nabarmena. Inbertsioa ere gelditu egin zen eta langabezia hazi. Honek denak, Europarako emigrazioa bultzatu zuen eta langabeziaren eragina leuntzen lagundu zuen.

Egonkortzeko ahaleginek arrakasta izan zuten, baina epe luzerako nahi zen liberalizazioa ez zen aplikatzerik lortu. Erreformek indarra galtzen joan ziren eta antsiatutako merkatu lehiakorra ez zen iritsi.

Nolanahi ere, Espainiako ekonomia asko garatu zen 60ko hamarkadan, baina berriro ere, protekzionismoa eta interbentzionismoaren eragina nabaritu zen, bankak dominatutako Espainiako korporazio handiak faboratuz eta benetako lehiakortasunari ekidinez.

Kanpo estekak aldatu