Donostiako plaza berriko metarrien hasiera

Bizente Etxagarairen bertsoak (1817)

Donostiako plaza berriko metarrien hasierari, edo jatorriz Donostiako plaza berriko metarriyen asierari, Bizente Etxagaraik 1817an kontatuz idatzi zituen bertsoak dira. 1813an suntsitua izan eta gero Donostiako Plaza Berria berreraiki behar zela-eta, 1817ko irailaren 16an eta 17an jaiak edo ospakizunak antolatu ziren plazan bertan, plaza eta arkupea inauguratu zen egunean. Hurrengo urteetan arkupe horren gainean eraiki ziren etxebizitzak plazako hiru aldetan eta udaletxea laugarren aldean.[1][2]

Donostiako plaza berriko metarrien hasiera
Jatorria
Egilea(k)Jose Bizente Etxagarai
Sorrera-urtea1817
Argitaratze-data1817
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Argumentu nagusiaDonostiako Plaza Berria (Konstituzio plaza)a
Jose Bizente Etxagarai

Zortziko txikia da bertsoen neurria, eta Markesaren alabaren doinuarekin abestu ohi da.

Jose Bizente Etxegarai aldatu

Jose Bizente Etxegarai Donostiako inauteriekin oso lotuta egon zen. Donostiako inauteriak 1814 urtetik ospatzen dira, lehenengo erreferentzia historikoen arabera. Garai hartan lagun taldeek antolaturiko inauteria da, konpartsetan (edo eraldeak ere deituak) antolaturik eta erakunde ofizialetatik at.[3] [4]

Hasierako urte haietan Jose Bizente Etxegaraik eta Raimundo Sarriegik inauterietarako idatzitako pieza bereziak egiten zituzten, konpartsek erabili eta herritarrengan inauteri giro kutuna sortzen lagunduko zutenak.

Garai hartan idatzi zituen Plaza berriaren bertso hauek.

Hitzak aldatu

 
Donostiako Plaza Berrian 1817an egin ziren lanak eta ospakizunak (Baldomero Anabitarte, 1903).[5]
Jatorrizkoak gipuzkeraz Euskara batura egokituta edo
1.

Egun konsolagarri

zorionekoa,

amaseigarreneko

Agorrillekoa:

neurritu dana Plaza

Donostiyakoa,

aztu bear dubena

len erretakoa.


2.

Atzo goiz beranbuban

Donostiko erriyan

ekusgarririk asko

zen Plaza Berriyan:

alkiyak ipiñirik

inguru guztiyan,

agintariyak zeuden

jarririk erdiyan.


3.

An ziren kabildo ta

Errege gizonak,

an ziren gure junta

obretako jaunak

etxegille nagusi

agintariyenak,

ezpata-dantzari ta

soñurik onenak.


4.

Edertasun andi bat

goizeko amaiketan

zegoan jendezkoa

leku guztiyetan:

Plazan eta kaleko

etxe berriyetan,

arri pilla, leyo zar,

pareta gañetan.


5.

Arri urdiñ biribil

lenbizikoetan

atzo sartu dirade

Plaza-kantoyetan

paper eta dirubak

frasko ederretan,

noizbait jakin dadiyen

ondorengoetan.


6.

Ekarriko dirade

bereala arriyak,

egiteko bertatik

pillare beriyak:

guztiz izango dira

sendo eta egokiyak,

orpoetan urdiñak,

gañean zuriyak.


7.

Gero asiko dira

egiten etxeak,

ogei ta bosteraño

posible ez obeak:

berdintasunarekin

banaita gabeak

artuko dituztenak

Plazan iru aldeak.


8.

Kontzejuko etxeak

artuko du urrena

gure Plaza Berriko

alde laugarrena:

zimenduak sendoki

egiñik aurrena,

izango da herriko

lanik ederrena.

1.

Egun kontsolagarri

zorionekoa,

hamaseigarreneko

Agorrilekoa:

neurtu dena Plaza

Donostiakoa,

ahaztu behar dutena

lehen erretakoa.


2.

Atzo goiz beranduan

Donostiako herrian

ikusgarririk asko

zen Plaza Berrian:

aulkiak ipinirik

inguru guztian,

agintariak zeuden

jarririk erdian.


3.

Han ziren kabildo eta

Errege gizonak,

han ziren gure junta

obretako jaunak

etxegile nagusi

agintarienak,

ezpata-dantzari ta

soinurik onenak.


4.

Edertasun handi bat

goizeko hamaiketan

zegoen jendezkoa

leku guztietan:

Plazan eta kaleko

etxe berrietan,

harri pila, leiho zahar,

pareta gainetan.


5.

Harri urdin biribil

lehenbizikoetan

atzo sartu dira

Plaza-kantoietan

paper eta diruak

flasko[6] ederretan,

noizbait jakin dadin

ondorengoetan.


6.

Ekarriko dira

berehala harriak,

egiteko bertatik

pilare berriak:

guztiz izango dira

sendo eta egokiak,

orpoetan urdinak,

gainean zuriak.


7.

Gero hasiko dira

egiten etxeak,

hogeita bosteraino

posible ez hobeak:

berdintasunarekin

banaita[7] gabeak

hartuko dituztenak

Plazan hiru aldeak.


8.

Kontzejuko etxeak

hartuko du hurrena

gure Plaza Berriko

alde laugarrena:

zimenduak sendoki

eginik aurrena,

izango da herriko

lanik ederrena.

Lehenengo lau bertsotan zehazten dira ekitaldiaren eguna, tokia, parte-hartzaileak eta helburua.

5. bertsoan flaskoak aipatzen dira. Egun obra baten irekiera ofiziala ("lehen harria jartzea") egiten denean kutxa batean zenbait dokumentu edo objektu jarri ohi dira, etorkizuneko arkeologoentzako "opari" gisa. Horixe da 5. bertsoan aipatzen dena: Harri urdin biribil lehenbizikoetan atzo sartu dira paper eta diruak frasko[6] ederretan, noizbait jakin dadin ondorengoetan.

Kristalezko flaskoetan sartu zuten testua hiru hizkuntzatan zegoen, zekor-larru txiki batean idatzita eta dena biribilean bilduta. Hauek ziren testuok:

Euskaraz Euskaraz normalizatuta Gaztelaniaz Latinez
Donostiaco godartari Santu andia Sebastian martiri doatsua, eta zuec, uri onetaco Aingeru zaitzalleac lagunzayezute emengo gende-en nahi-izateai, eta zuen amparuan abiatzendan Plaza au eguizute zoriongui acabatu dediñ eta zuec ceroc emen bertaco echeac osoric eta sendo secula ascoan zairiaundu. Milla zortzi eun eta amazazpi-garren urtean. Donostiako godartari Santu handia Sebastian martiri dohatsua, eta zuek, hiri honetako Aingeru zaintzaileak lagun iezaiozue hemengo jendeen nahi-izateari, eta zuen anparoan abiatzen den Plaza hau egizue zoriongi akabatu dadin eta zuek zeuok hemen bertako etxeak osorik eta sendo sekula askoan zairiaundu. Mila zortziehun eta hamazazpigarren urtean. Vosotros esclarecido Martit San Sebastián á cuyo nombre está consagrado este pueblo y Angeles tutelares, á quienes ha sido encomendado, favoreced los votos de sus ciudadanos, y esta plaza comenzada bajo vuestros suspicios haced benignos que se vea concluída y por largos siglos conservad enteros y sanos sus edificios. Año MDCCCXVII. Vos præclare Martir Sebastiane cui-sacrum est hoc oppidum Angelique ejus Tutelares favete votis civium atque Forum subvertris auspicis inchoatum benigne usque adfinem operis adducite ipsiusque ædificia sarta tecta in devum servate. Anno MDCCCXVII.

Euskaltzaindiak, frasko hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du, flasko erabiltzea gomendatu du.

 
Donostiako Plaza Berria

6. bertsoan "harri urdinak" eta "harri zuriak" aipatzen dira. Ardo zuriaren kolorea zuria ez den bezala, harri zuriaren kolorea ez da zuria, eta harri urdinaren kolorea ez da urdin-urdina. Kasu honetan harri urdina kareharria da, eta harri zuria hareharria. Kareharri "urdina" sendoagoa da eta zutabeen "orpoak" egiteko erabiltzen da, eta hareharri zuria meheagoa da eta zutabeen goiko aldea eta arkuak egiteko erabiltzen da. "Ekarriko dirade bereala arriyak, egiteko bertatik pillare beriyak: guztiz izango dira sendo eta egokiyak, orpoetan urdiñak, gañean zuriyak."

7. bertsoan erabiltzen den "banaita" hitzak "desberdintasun" adieran erabiltzen da.[8] "Berdintasunarekin, banaita gabeak" esanda, plazako hiru aldetan eraikiko ziren etxebizitza guztiak berdin-berdinak izango zirela azpimarratzeko erabiltzen du, haien arteko desberdintasunik gabe. Hori ez da gertatzen Donostiako Parte Zaharreko beste kaleetan, non kaleko etxe bakoitza desberdina izaten den, "banaita" handia dago etxeen itxuren artean.

8. bertsoak plazako laugarren aldean udaletxea egongo zela dio, "herriko lanik ederrena" izango zela.

Erreferentziak aldatu

  1. Zavala, Antonio. FESTARA. Jose Vicente de Echagaray. (Berre bertso guztien bilduma). Auspoa.
  2. «BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  3. Antero Aranzamendi, Juan Antonio. (2023). Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak. Instituto Dr. Camino. Kutxa Fundazioa. ISBN 978-847173-615-4..
  4. Irutxuloko, Hitza(e)ko. (2023-01-23). «Donostiako inauterien historia berreskuratu du Juan Antonio Antero Aranzamendik» Irutxuloko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
  5. (Gaztelaniaz) Anabitarte, Baldomero. (1903). Gestión del municipio de San Sebastián en el siglo XIX. Donostia: Imprenta y encuadernación de Francisco Juenet, 51-55 or..
  6. a b «"Frasko" Euskaltzaindiaren Hiztegia - Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2023-06-08).
  7. «Bilaketa: "Banaita" - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-04).
  8. «"Banaita". Euskaltzaindiaren Hiztegia - Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2023-06-08).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu