Cushingen sindromea gaixotasun endokrinoa da, kortisolaren odol-kontzentrazio handiarekin lotzen dena. Odol-kontzentrazio handia kortisolaren hiperjariaketaren ondorioz sor daiteke (gogoratu hormona hori giltzurrungaineko guruinak ekoizten duela), edo botika glukokortikoideen gehiegizko kontsumoarengatik.
Cushingen sindromeak arrazoi exogenoak ala endogenoak izan ditzake.
Arrazoi exogenoen artean, ohikoena glukokortikoideen gehiegizko hartzea da. Botika horiek erabiltzen dira hainbat gaixotasun autoimmune tratatzeko, eta baita immunogutxitzea lortzeko organoen transplantearen ostean. Eraginkorrak izan arren beren erabilera tentuz egin behar da, dituzten albo-ondorioak direla eta (tartean, Cushingen sindromea).
Arrazoi endogenoen artean bi dira nagusiak:
giltzurrungaineko guruinek kortisolaren gehiegizko jariaketa egiten dutenean, guruin horietan agertzen diren tumoreen ondorioz.
hipofisiakACTH hormona kopuru handietan ekoizten duenean. Hormona horrek giltzurrungaineko guruinen gainean jarduten du, kortisolaren jariaketa bultzatuz. Hau da Cushingen sindromearen arrazoi nagusia, eta hipofisiaren adenoma batek sortzen du.