Corcovadoko Parke Nazionala

Corcovadoko Parke Nazionala (gaztelaniaz: Parque nacional Corcovado) Costa Ricako hegoaldean, Ossako penintsulan, dagoen parke nazionala. Hedadurari dagokionez txikia bada ere (54.600 ha), Latinoamerikan babeserako helburuak ondoen bete dituen parkeetako bat izan da. Helburu horiek lortzeko garrantzi handikoa izan da bakartasuna, ez baitago lurrez bertara iristeko biderik.

Corcovadoko Parke Nazionala
II. maila: parke nazional
Datu orokorrak
Garaiera63 m
MotaParke nazional
Azalera425 km²
Geografia
Map
Koordenatuak8°33′00″N 83°35′00″W / 8.55°N 83.5833°W / 8.55; -83.5833
KokapenaOsa Peninsula (en) Itzuli
Estatu burujabe Costa Rica
ProbintziaPuntarenas probintzia
Leku geografikoaOsa Peninsula (en) Itzuli

Habitat ugari daude bertan, Ozeano Bareko ertzetik hasi eta barrualdeko inguru menditsuetara. Urteko 6 m baino gehiagoko prezipitazioak izaten dira, eta baso tropikalez estalita dago, bai ordokia bai mendialdea. Baina beste ekosistema-mota batzuk ere hartzen ditu bere baitan, batez ere tropikoko mangladiak, ur gezatako urmaelak eta baso zingiratsuak.

Bioaniztasuna apartekoa da, hedadura kontuan hartuta. 500 zuhaitz-mota inguru hazten dira bertan. Europan adibidez, bertako 120 zuhaitz-mota besterik ez dago 10 milioi km2-an. Zenbait zuhaitz-motak 50 m-ko garaiera hartzen du, eta beste batzuk hortik gorakoak izaten dira, esate baterako Ceiba pentandra motakoak. Animaliei dagokienez, 367 hegazti-mota zenbatu dira, 140 ugaztun, 117 anfibio eta narrasti. Parke honek babesean ditu, besteak beste, ara purpura-kolorekoa (Ara macao). Desagertzeko zorian diren eta bertan bizi diren beste animalia-mota batzuei dagokienez, aipagarriak dira jaguarra (Panthera onca), kaiman-mota bat (Crocodylus acutus) eta Harpia harpia arrano-mota. Bestalde, era askotako ornogabeak daude, intsektuak batez ere. Horien artean nabarmenenak eguneko tximeletak dira (Morpho eta Calligo, adibidez). Bioaniztasun berezi horren ondorioz, Corcovadoko parke nazionala baso euritsu tropikalen ekologiari buruzko ikerketa-gune garrantzitsu bihurtu da.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu