Claudio Coello
Claudio Coello (Madril, 1642ko martxoaren 2a - Madril, 1693ko apirilaren 20a) espainiar margolari barrokoa izan zen, jatorriz Portugalgoa. Espainian konposizio barroko handiak egin zituen lehenetakoa, eta Espainiako Urrezko Mendeko azken pintore handia izan zen. Bere obra aipagarriena Escorialen dagoen Adoración de la Sagrada Forma izeneko lan bikaina da. Horrezaz gainera, erretratugile bikaina izan zen. Hil ondoren, pintura-tradizio horrek mende bateko etenaldia izan zuen, harik eta Francisco de Goya jeinuak berpiztu zuen arte.
Claudio Coello | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Madril, 1642ko martxoaren 2a | ||
Herrialdea | Espainia | ||
Heriotza | Madril, 1693ko apirilaren 20a (51 urte) | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | margolaria | ||
Mugimendua | Barrokoa |
Bizitza
aldatuAita, Faustino Coello, portugaldar eskultorea zen. Oso gazte zela Francisco Riziren lantegian hasi zen lanean. Haren bidez, Madrilgo Alcazarreko pintura bilduma ezagutu, eta Tiziano, Veronese, Luca Giordano, Antoon van Dyck eta Rubensen pinturak kopiatzen jardun zuen. 1666an Madrilgo Santa Cruz elizako aldare nagusiko margoak egitea agindu zioten. 1668an San Plácido elizako margolan batzuk egin zituen. Ordutik 1683 arte, Madrilgo zenbait elizetako aginduak izan zituen. Urte horretatik aurrera Karlos II.a erregearen pintorea izan zen, eta 1686an ganbera pintore izendatu zuen[1].
Margogintza
aldatuClaudio Coelloren lanak dinamismo handikoak dira; atzealdean paisaia eta arkitektura-egiturak erakusten ditu, eta aurrealdean, berriz, tapizak eta errezelak. Pintzelkada trinkoa eta gozoa du eta kolore biziekin inguratzen ditu irudiak. Freskoak ere egin zituen, eta horiei esker trebatu zen gainera. Madrilgo Gurutze Santuaren elizaren presbiterioan, José Jiménez Donosorekin batera lan egin zuen, eta harekin egin zuen, adibidez, Toledoko Santa Maria Katedraleko sakristia. Madrilgo Inperio Eskolan Ignazio Loiolakoaren bizitzako eszenak marraztu zituen, eta bertako sakristian lau horma-irudi; bestalde, El Paular Etxeko Errege-aretoko sabaia marraztu zuen.
Freskoez gainera, lehenengo urteetan erlijiozko koadroak margotu zituen, besteak beste, San Agustinen Garaipena (1664, Prado, Madril)[2], San Joan Ebanjelaria (1674) eta Magdalena (1682, Ciempozuelosko eliza). Azken lan horretan, José de Riberak egin zuen bezalaxe, Andre Maria aingeruek daramatela erakutsi zuen Coellok, eta atzealdean paisaia izugarri bat ikusten da.
Bere eskolako kideek bezalaxe, behin baino gehiagotan marraztu zuen Sortzez Garbia. Gai horretako lanen artean, Lazaro Galdiano museoan gordetzen den lanean, argi eta garbi ikus daiteke Coellorentzat zein garrantzitsua zen koloreen behaketa eta azterketa. Sortzez Garbia-ren beste aldaera bat Madrilgo San Jeronimo elizan dago.
Dena dela, Coelloren bi koadro nagusiak Santa Teresaren azken jaunartzea (Lazaro Galdiano museoa) eta Forma Sakratuaren gurtzea (1685-1690, Escorial)[3] dira. Lehenengoan San Pedro Alcantarakoa ikus daiteke meza ematen, San Jose Calasanzekoa laguntzaile duela, eta Santa Teresa, berriz, estasian; atzealdean arkitektura-osagaiak eta errezelak daude apaingarri. Forma Sakratuaren gurtzea koadroa garai hartako pertsonaien galeria bat dela esan daiteke: Medinacelliko eta Pastranako dukeak, Bañoko kondea, Pueblako markesa, Albako dukearen semea, eta Coelloren beraren erretratua.
Irudi galeria
aldatu-
Juan Francisco de la Cerda, Medinacelliko dukea, 1670 aldean, Kataluniako Arte Museo Nazionala, Bartzelona
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Claudio Coello. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-16).
- ↑ El triunfo de san Agustín. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-16).
- ↑ La Sagrada Forma. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-17).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Claudio Coello |