Bittori Etxeberria
Bittori Etxeberria (Elizondo, Nafarroa Garaia, 1908 – 1997ko maiatzaren 3a) baztandar abertzalea izan zen, EAJ-PNVko militantea. Baztango Emakume Abertzale Batza (EAB) taldeko presidentea 1932tik. Francoren kontrako euskal erresistentziaren Informazio-Zerbitzuan sartu zen 1937an. Haren lanari esker, bizitza asko salbatu ziren. 1940. urtean atxilotu egin zuten, 1947ra arte ez zuen berreskuratu askatasuna. [1]
Bittori Etxeberria | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Elizondo, 1908 |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Elizondo, 1997ko maiatzaren 3a (88/89 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta ekintzailea |
Kidetza | Emakume Abertzale Batza |
Biografia
aldatuBittori Etxeberria, frankismoaren aurkako espioitza sare bateko funtsezko emakumea izan zen.[2] Alava Sarearen giltzarri izatera iritsi zen, frankismoaren aurkako espioitza eta errepresaliatuekiko elkartasun erakundera.[3]
Alava sarea
aldatuLuis Alava Sautuaren omenez “Alava Sarea” deitu izan zaiona (hura izan zen kide nagusietako bat eta 1943an fusilatu egin zuten arrazoi hura zela eta) izan zen Euskadiko presoei babesa emateko eta orduan erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiren artean informazioa transmititzeko ekimen garrantzitsuenetako bat. Sareak preso nazionalistei laguntza eman zien. Besteak beste, espetxeen eta kanpoaldearen arteko komunikazio-lerroak irekita mantendu zituen eta informazioa eman zion erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzari zein enbaxada ugariri kartzelaratuek jasan behar zituzten egoeraren eta zigorren inguruan. Informazio hura funtsezkoa izan zen Europako herrialdeek kondenatuen zigorrak arintzeko (batez ere, heriotza-zigorra zutenen kasuan) eta espetxean bizi zituzten baldintzen berri emateko. Horrez gain, oinarrizkoa izan zen espetxe barruan zeudenei herrialdearen eta beren bizitzen bilakaeraren berri (horren inguruko informaziorik ez zutelako) edo kanpoko senideei buruzko albisteak emateko.[4]
Alava sareko emakumeak
Sare horren barruan 4 emakumek bete zuten oinarrizko rola: Bittori Etxeberria nafarrak, Itziar Mugika eta Delia Lauroba gipuzkoarrak eta Tere Verdes bizkaitarrak.[5] Elizondotarra Pepita Etxano izenaz ezaguna zen, eta "erakundea berarengandik sortu zela" esaten zen, eta espioitza sare zibil bat antolatzeko lehen urratsak eman zituela, lan handia egin zuela, bertako kideek mugitu behar zuten baldintzak gorabehera.
Izan ere, sarearen lana ez zen soilik frankismoaren aurkako presoekin elkartasunezko jarduerak egitera mugatu, baizik eta alderdi militarrei buruzko informazioa biltzen ere jardun zuen, hala nola, armada frankistaren dibisioen osaera zehatza, Condor Legioari buruzko informazio zehatza, mendebaldeko Pirinioetako gotorlekuei buruzko azterketa xehatuak, Kantauriko portuetan tropen mugimenduei, itsasontzien sarrerei eta irteerei, gerra-industriei eta erregimen frankistaren bilbe politikoari buruzkoak.[6]
Atxiloketa
aldatu1940an, Alemaniako Gestapok Eusko Jaurlaritzak Parisen, Marceau kalean, zuen egoitza okupatu zuen eta dokumentazio ugari konfiskatu zuen. Dokumentazio haien artean zeuden sareak eskaintzen zuen laguntza baliotsuari buruzko txostenak. Gestapok berehala eman zion informazioa gobernu frankistari eta, 1940ko abenduan, lehen atxiloketak egin zituzten. Bittori abenduaren 20an atxilotu zuten. Guztiak heriotzara zigortu zituzten 1941ean. Huraxe izan zen auzitegi militar batek heriotzara zigortu zituen euskal emakumeen historiako lehen kasua. Dena den, Vatikanoaren esku-hartzeari esker, haien zigorrak ordezkatu egin zituzten. Bittorik 1947ra arte ez zuen berreskuratu erabateko askatasuna.[3]
Omenaldiak eta aitortzak
aldatu- 1978an, baztandarrek, Baztandaren Biltzarra Elkartearen bitartez, Bittori Etxeberriari ta Felizitas Ariztia emakume ausartei merezi zuten omenaldia egin zioten.[7]
- 2018an Erakusketa ibiltari batek sare horren mugarri nagusiak oroitarazi zituen Iruñean.[2]
- 2020an Elizondoko Arizkunenera heldu zen erakusketa ibiltaria Bittori eta haren Alava sarekideen ibilbidea bistaratzeko [8]
- 2022ko azaroan Frankismoan euskal erresistentzian parte hartu zuten baztandarrak omendu zituzten Elizondon, eta 'Bittori Etxeberria' eskultura inauguratu zuten Pedro Axular karrikan.[9]
Erreferentziak
aldatu- ↑ www.noticiasdenavarra.com https://www.noticiasdenavarra.com/navarra/2020/05/11/bittori-etxeberria-referencia-fundamental/1045144.html(Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
- ↑ a b «Bittori Etxeberria y el grupo baztanés de la red Álava» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
- ↑ a b SL, Tai gabe digitala. (). «Bittori Etxeberria, mujer clave en una red de espionaje antifranquista que se recuerda en Iruñea» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
- ↑ «La red Alava» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-10-10).
- ↑ Ferreira, Maialen. (). «La 'Red Álava', el grupo de espías vascos creado por mujeres durante la dictadura franquista» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
- ↑ Bilbao, Begoña; Pérez, Gurutze Ezkurdia y Karmele. (2018-07-09). «Bittori Etxeberria y el grupo de la Red Álava» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
- ↑ «Bittori Etxeberria.» baztango haizegoa 2011-06-25 (Noiz kontsultatua: 2021-01-14).
- ↑ www.deia.eus https://www.deia.eus/actualidad/historias-de-los-vascos/2018/07/09/bittori-etxeberria-grupo-baztanes-red/659236.html(Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
- ↑ «'Bittori Etxeberria' eskultura oroigarriaren interpretazioa azaldu du Mikel Iriarte artistak - Baztan» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).