Pastafarismoa (pasta eta rastafarismo hitzetatik eratorria) edo Espagetien Munstro Hegalariaren Eliza (ingelesez, Church of the Flying Spaghetti Monster) erlijio parodikoa da, protesta sozial gisa sortua AEBetan diseinu adimentsua salatzeko eta haren hedapenari kontra egiteko, bai eta hura eboluzio biologikoarekin parekatu nahi zuten iritziei ere. Pastafarianismoaren jarraitzaileei pastafarista edo pastafari deritze.[1]

Pastafarista bat koladore batez estalita.
Espageti hegalariaren panpina.

Bobby Henderson fisikan lizentziatuak taxutu zituen pastafarismoaren printzipioak, salatu nahi baitzuen Kansasko Hezkuntza Kontseiluak (Kansas State Board of Education) 2005ean baimena eman zuela diseinu adimentsua eboluzioarekin batera eskola publikoetan irakasteko (baimen hori 2006ko abuztuan gelditu zen bertan behera). Hendersonek gutun ireki bat igorri zion Kontseiluari, non, diseinu adimentsuaren parodia eginez, adierazi baitzuen bere fedean jainko sortzailea espageti haragi-boladuna zela (Espagetien Munstro Hegalaria), eta, horrenbestez, eskatzen zuen pastafarismoaren diseinu adimentsuaren teoria ere irakats zezatela zientzia klaseetan. Parodiak arrakasta erdietsi zuen komunikabideek zabaldu ondoren.

Espagetien Munstro Hegalariaren argudio hau Russellen teontziaren egokitzapen bat da.

Espagetientzako iragazki-txanoa buruan jartzea da erlijio horren jarraitzaileen sinbolo nagusia. Hain zuzen, Austrian gidabaimenen eta identifikazioen argazkietarako baimenduta dago, Niko Alm austriar politikariak egindako kanpainaren ondorioz; izan ere, Alm-ek ikusi zuen berari ez zitzaiola uzten bere jantzi berezia erabiltzea, baina bai beste erlijio batzuetako pertsonei, hala nola emakume musulmanei eta mojei.[2]

Sinesmenak aldatu

Hendersonek adierazi badu ere Espagetien Munstro Hegalariaren Elizan dogma bakarra dela dogmarik ez izatea, pastafaristek sinesmen orokor batzuk dauzkate. Hendersonek pastafari printzipio ugari proposatu ditu diseinu adimentsuaren aldeko argudioei erantzuteko.

Unibertsoaren sorrera aldatu

 
Espagetien Munstro Hegalari ikusezin eta hautemanezinaren irudia (eskuinetara) - HD

Espagetien Munstro Hegalari ikusezin eta hautemanezinak sortu zuen unibertsoa, zurrutean ibili zen egun batean. Sinesmen horrekin bat, Munstroaren intoxikazioa dela-eta da mundua akastuna. Are gehiago, Espagetien Munstro Hegalariak eboluzioaren zantzu guztiak barreiatu zituen pastafarien fedea proban jartzeko (Biblian hitzez hitz sinesten duten batzuen adierazpenak parodiatuz). Datak neurtzen direnean, erradiokarbonoa erabiliz esaterako, Espagetien Munstro Hegalariak emaitzak aldatzen ditu “bere fideo-apendizearekin”.

Piratak eta berotze globala aldatu

 
Piraten kopurua berotze globalarekin lotzen duen koadroa.

Sinesmen pastafarien arabera, piratak jainkoen pareko izakiak dira, jatorrizko pastafariak. Egun, piratak lapurtzat eta gaizkiletzat hartzen dira Erdi Aroan teologo kristauek eta Hare Krishnek zabaldutako manipulazioengatik.

Hendersonek piratak sartu zituen Kansasko Kontseiluari igorritako lehendabiziko gutun irekian, ilustratu nahian bi gauza batera gertatzeak ez dakarrela kausa-ondorioaren lotura. Hartara, argudiatu zuen berotze globalak, lurrikarek, urakanek eta beste hondamendi natural batzuek gora egin dutela pirata kopuruak 1800etik aurrera behera egitearen ondorioz. Hala, parodiatu zuen munduko gosete, hondamendi eta gerra ugari gertatzen direla jainkoari ez errespetatzeagatik eta gur ez egiteagatik dioen ideia, hainbat talde erlijiosok iradokitzen dutena. Halaber, 2008an, Hendersonek, Adengo Golkoan izandako jarduera piraten gorakadaz baliatuta, adierazi zuen ez zela kasualitate bat Somalia izatea mundu osoan pirata gehien eta karbono emisio gutxien zeukan herrialdea.[3]

Espageti Hegalariaren munstroaren argumentu kosmologikoa aldatu

Kalam teologiaren estiloa imitatzen:

  • 1. premisa: gertatzen hasten den guztiaren existentziak arrazoi bat du.
  • 2. premisa: unibertsoa existitzen hasi zen.
  • 1. ondorioa: beraz, unibertsoaren existentziak kausa bat du.
  • 3. premisa: unibertsoaren jatorriaren kausa saihestu dezakeen azalpen zientifikorik ez dagoenez, kausa horrek naturaz gaindikoa izan behar du, hau da, unibertsoa jainko batek sortu zuen.
  • 2. ondorioa: beraz, jainko bat dago.
  • 4. premisa: jainkoek beti sortu dituzte gizakiak beren irudi eta antzekotasunean.
  • 5. premisa: gizakien garunak espageti-erretilu baten antza du.
  • 3. ondorioa: beraz, Espagetien Munstro Hegalaria da benetako Jainko bakarra.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu