Diseinu adimentsua (Intelligent Design ingelesez) hautespen naturala kontuan izan gabe unibertsoaren sorrera azaltzeko proposamen bat da, horren ezaugarri batzuk hobeki esplikatzen direlakoan eragile adimentsu bat(zu)ek zuzendutako prozesu baten bidez.[1]

Teoria hau Discovery Institute izeneko talde kontserbatzaile kristauak garatu du AEBetan. Sustatzaileek teoria zientifikotzat aurkezten badute ere, zientzialariak aho batez bat datoz zientzia ez dela esaterakoan.[2] Esate baterako, AEBetako Zientzien Akademia Nazionalak adierazi du "kreazionismoa, diseinu adimentsua edo bizitzaren sorreran naturaz gaindiko edozein bestelako esku-hartze ez dira zientzia, zientziaren metodoen bidez aztertu ezin direlako." [3]

Kontzeptuak aldatu

Konplexutasun murriztezina aldatu

 
Michael Behe

Michale Behe biokimikoak garatu zuen kontzeptu hori 1993-96 bitartean. Kontzeptu horren arabera, zenbait sistematan, osagaiak elkarri egokituta daudenean oinarrizko eginkizun bat betetzeko, zati bat kentzeak ekartzen du sistema horrek behar bezala ez funtzionatzea. Saguentzako tranpa erabiltzen du Behek analogia moduan. Halako tranpetan, osagaiek (oinarria, jakia, malgukia eta harrapagailua) beren tokian egon behar dute tranpak ongi funtziona dezan. Haietako edozein kenduta, tranpak ez du bere eginkizuna beteko.

Diseinu adimentsuaren aldekoek argudiatzen dute hautespen naturalaren bidez ezin dela halako sistemarik sortu, eginkizuna soilik betetzen baita zati guztiak modu jakin batean antolatzen direnean. Behek adierazi du konplexutasun murriztezineko sistemak atzeman dituela, hala nola E. coli bakterioaren flageloan edo immunitate sisteman.

Kritikoek argudiatu dute konplexutasun murriztezinean kontsideratzen dela sistema batek behar dituen zatiak beti izan direla beharrezkoak, eta, horrenbestez, ezin direla aldatu edo erantsi. Adierazten dute ezen, hasieran soilik abantaila bat ematen zuena, gero beharrezko bilakatu daitekeela, beste osagai batzuk aldatuta. Are gehiago, haien esanetan, eboluzioan aurretik existitzen diren zatiak aldatu edo kendu egiten dira, erantsi baino gehiagotan.

Konplexutasun bideratua aldatu

 
William Dembski

1986an, Charles Thaxton kimikoak konplexutasun bideratuaren kontzeptua erabili zuen lehendabiziko aldiz, kontzeptua informazio teoriatik hartuta, aldarrikatzeko inteligentzia batek bideratzen dituela zelula batean DNAren bidez igortzen diren mezuak. Geroago, 1990eko hamarkadan, William Dembski matematiko eta filosofoak garatu zuen kontzeptu hau. Dembskik adierazi zuen ezen, zerbaitek konplexutasun bideratua daukala hautematen denean (hau da, konplexua eta "bideratua" batera denean), ondorioztatzen ahal dela eragile adimendun batek sortu zuela (hau da, diseinatu egin zutela).

Ondoko adibide hau eman zuen: alfabetoko hizki bat bideratua da, baina ez konplexua. Hizkiak aliritzian jarrita dauzkan esaldi luze bat konplexua da, baina ez bideratua. Shakespeareren soneto bat konplexua eta bideratua da aldi berean. Haren ustez, gauza bera esan daiteke bizia duten gauzei buruz, batez ere DNA gisako sekuentzien txantiloiei buruz.

Kritikoek adierazi dute hautespen naturalean gauza konplexuak gauza sinpleetatik sortzen direla, eta bide hori egokiagoa dela konplesutasuna esplikatzeko. Izan ere, Richard Dawkinsek adierazi duen bezala, diseinatzaile adimenduna tartean sartzen denean, konplexutasunaren arazoa atzeratu egiten da, diseinatzaile horren konplexutasuna ez baita kontuan hartzen.

Unibertsoko konstanteak aldatu

Diseinu adimentsuaren aldekoek biologiaz kanpoko argudioak ere baliatzen dituzte. Haien ustez, unibertsoko konstante batzuk bizitza ahalbidetzeko daude egokituta, eta hori ezin liteke kasualitate bat. Fisikako konstante horien artean honako hauek daude: funtsezko partikulen arteko grabitatea, elektromagnetismoa edo argiaren abiadura, besteak beste. Proposatu dute balore horietako bat ere pixka bat desberdina izatera, unibertsoa arras bestelakoa zatekeen, eta elementu kimiko ugari nahiz unibertsoko osagai batzuk (galaxiak esaterako) ezin izanen ziren sortu. Hartara, diseinatzaile adimendun bat behar zen, ezaugarri horiek behar bezala doitzeko, unibertsoa eta bizitza diren bezalakoak izan zitezen.

Kritikoek adierazi dute bestelako bizitzak posible liratekeela bestelako unibertso batean. Egun ezagutzen dugun bizitza akaso ez, baina beste bizitza mota sor zitekeen konstante horiek desberdinak izatera.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

  1. Ikus ezazu Discovery Institute-ren webgunea, Questions About Intelligent Design
  2. Ikus ezazu: Kitzmiller v. Dover page 83.
  3. Ikus ezazu: [1]