Kosovoko gudua (1389)

Artikulu hau XIV. mendeko guduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kosovoko guda (argipena)».

Kosovoko gudua (serbieraz: Косовска битка Kosovska bitka; turkieraz: Kosova Meydan Muharebesi) 1389. urteko ekainaren 15ean izan zen, San Vito egunean (historialari batzuek diotenez, egutegi gregoriotarrean ekainaren 28an izango litzateke, edo 23an).

Kosovoko gudua
Otomandar-serbiar gerrak
Kosovoko guduaren irudia, 1870koa
Data1389ko ekainaren 15a
LekuaKosovo, Moraviar Serbia
Koordenatuak42°38′N 21°07′E / 42.63°N 21.12°E / 42.63; 21.12
EmaitzaEzezaguna (taktikoa)
Gudulariak
Moraviar Serbia Otomandar Inperioa
Buruzagiak
Lazar printzea
Vuk Branković
Vlatko Vuković
Murad I.a
Beyazid I.a
Yakub Celebi
Indarra
~ 12.000-30.000 ~ 27.000-40.000

Alde batetik, Serbiako Printzerriko armada zegoen, Lazar Hrebeljanović printzearen esanetara, Vuk Branković jauntxo serbiarrak eta Vlatko Vuković jauntxo bosniarrak lagunduta; beste aldetik, Otomandar Inperioko armada, Murad I.a sultanaren esanetara, Beyazid I.a eta Yakub Celebi semeek lagunduta.

Bataila gaur egungo Pristinatik 5 km ipar-mendebaldera izan zen, Kosovo Polje inguruan. Edozein modutan ere, guduaren zehaztasunak ez ziren inon argi jaso, eta beste gudu batzuekin alderatuta berreraiki izan dituzte gertakariak.

Serbiarren nortasunarentzat garrantzi handiko gudua izan zen, historian, tradizioan eta identitatean eragina izan duelako.

Praktikan, talde biek galera handiak izan zituzten, baina otomandarrak hartu izan dira garailetzat estrategikoki, Serbia Otomandar Inperioaren menpeko Estatu bihurtu zelako, basailua. Ondorioz, agintari serbiarrak otomandarrekin ezkontza estrategikoak egiten hasi ziren; besteak beste, Lazar printze zenaren alaba Beyazid I.arekin ezkondu zen, aliantza berriak eratuz.



Kanpo estekak aldatu