Artikulu hau gatza lortzen den tokiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gatzaga (argipena)».

Gatzaga bat, gatza lortzeko, ur gazia lurruntzen uzten den tokiari deritzo. Gatz depositu naturalak alde batera utzita, gatza lortzeko gizakiak topatu duen metodo nagusia da.

Senegaleko gatzaga bat.

Garrantzi ekonomiko handiko tokiak ziren, gatza material baliotsua izaki. Bi gatzaga mota daude: kostaldekoak eta barnealdekoak.

Historia aldatu

Gizakiak betidanik erabili du gatza substantzia gisa, ahal izan duenean. Balio nabaria zuen gatzak, eta askotan erabiltzen zen trukeetan. Gatzagak, beraz, oso aspaldikoak dira, baina aitzinaroan, gatza elikagaiak kontserbatzeko metodo moduan garatu zelarik, hasi ziren gatzagen ustiapen masiboak gertatzen. Gatzak garrantzi ekonomiko handia hartu zuen garai hartatik aurrera, eta gizartean zuen presentzia nabarmen igo zen. Erromatar legionarioek, adibidez, soldataren zati bat gatzetan jasotzen zuten (salarium argentum deiturikoa, "gatzezko dirua"), eta merkatu batzuetan diruaren ordezkotzat onartzen zuten[1]. Merkatal bideetan faktore garrantzitsua zen, estatuek ustiapenen gaineko kontrola eskuratzen saiatzen ziren eta hori dela eta gatazkak ere sortzen ziren[1].

XX. mendean elikagaiak kontserbatzeko metodo berriak agertu ziren, eta gatzagek garrantzia galdu zuten, batez ere barnekaldekoek. Izan ere, kostaldekoek errentagarritasuna atxiki dute, barnekaldekoek ez bezala azpiegitura murritzagoa behar dutelako.

Kostaldeko gatzaga ugari dira ekonomikoki ustiatuak gaur egun, aldiz barnekaldekoek tokiko behar txikiak asetzen dituzte edo gehiagotan arrazoi etnografiko eta kulturalengatik mantentzen dira.

Ustiaketa aldatu

Gatza lortzeko, ur gazia erabiltzen da lehengai gisa gatzagetan. Kostaldeko gatzagetan itsasoko ura erabiltzen da, eta barnealdekoetan berriz ur gazizko iturburuak. Bi kasuetan, ur gazia gainazal lau eta zabal batean hedatzen da, gero eguzkiak ura lurrunarazi eta geratzen den gatza biltzeko.

Kostaldeko gatzagak aldatu

 
Ré uharteko gatzagak kostaldetik hurbil kokatuak dira eta itsas urez betetzen dira.

Kostaldeko gatzagetan, esan bezala, itsasoko ur gazitik erauzten da gatza. Itsasertzean eraikitako ezpondetara pasarazten da ura, normalean marea gora dela probestuz. Ezponda horiek azalera handia eta sakonera txikia izaten dute, ura azkar lurruntzea errazteko. Askotan paduren ingurumarietan eraikitzen dira ezponda horiek, ingurune lauean, marea gorak ezpondak betetzea errazteko.

Eguzkiak ura lurrundurik, geratzen den gatza biltzen du gizakiak. Laku gazien hertzetan ere eraiki daitezke.

Barnealdeko gatzagak aldatu

 
Añanako gatzaga barnealdekoa da, terrazen bidez orografia malkartsuan ezponda lauak lortu ditu gizakiak.

Gizakiak ur gazizko iturburuak profitatzen ditu ur gazia, eta hortik gatza, lortzeko. Ur gazizko iturburuak lurpeko ur depositu bat gatz solido geruza batekin kontaktuan delako gertatzen dira. Kostaldeko gatzagetan bezala, ura ezponda artifizialetara pasarazten da, lurrun dadin, eta ondoren gatza eskuz biltzen da.

Kostaldeko gatzagetan ez bezala, zailagoa da ingurune lauak topatzea, eta askotan terraza moduan eraikitzen dira ezpondak, mendiaren magalean.

Gatzagak munduan zehar aldatu

Munduko handiena Uyuniko gatzaga da, barnealdekoa dena eta Bolivian kokatua dagoena.

Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian, hiru barnealdeko gatzaga daude: Leintz-Gatzaga (Gipuzkoa), Añana (Araba) eta Urgazietan (Beskoitze, Lapurdi).

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Malkoak ere gaziak dira» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).

Kanpo estekak aldatu