Ardoaren leiho edo zulo bat, italieraz: buchetta del vino edo finestra del vino, leiho itxurako zulo bat da, eraikin batzuetako paretetan dagoena, garai batean ardoa saltzeko erabiltzen zena.

Ardoaren leihoa
Ardoaren leiho bat, egurrezko atearekin

Leiho hauek ohikoak dira Toscanan eta bereziki Florentzian, baina Italiako beste zenbait tokitan ere aurkitu daitezke (Liguria, Bolonia, Erroma, Sizilia…) eta are Frantzian ere. Dirudienez, Florentziakoak dira aitzindariak, eta besteak horiek imitatuz sortu ziren. Arku itxurakoak dira gehienak, baina Piemonten, adibidez, karratuak ere badira. Egurrezko ate batekin ixten ziren, eta erosleak bertan jo behar izaten zuen, eskuz edo batzuek izaten zuten aldaba edo ezkilarekin. Zenbaitetan ardoa saltzeko ordutegia ere ikus daiteke.

Historia pixka bat

aldatu
 
Ardoaren leiho bat, ordutegia eta guzti

XVII. mendeko ardo saltzaile eta minorista italiar gehienak nobleak ziren, XVI. mendean Europako merkataritzan gertatutako aldaketen ondorioz, Medicitarrek bultzatuta, beren jarduera dibertsifikatu eta lurrak nekazaritzara eta latifundioetara bideratu baitzituzten, batez ere ardogintzara. Mahastien jabeak izanik, beren mahatsekin egindako ardoaren soberakinak saltzen zituzten (kantitatea araututa egoten zen: 1,4 l pertsonako). Horregatik, “finestrini del vino” izenaz ere ezagutzen diren leihotxo hauek nobleen etxeetan edo palazioetan daude.

1629tik 1631ra, Italian, batez ere iparraldean, izurri bubonikoa jasan zuten zenbait aldiz. Milango izurrite handia izenaz ezagutu zen, hiri horretako bizilagunen erdiak hil zirelako (70.000 pertsona). Hiri horietako askotan neurri soziosanitarioak ezarri ziren, hala nola berrogeialdia edo distantzia soziala. Florentzian ere hala egin zen, eta, horrez gain, saltzaile guztiak behartu zituzten erosleekin harreman oro etetera; egoera horretan oso baliagarriak ziren “ardoaren zuloak”, baina ez dago argi horretarako propio sortu ziren; izan ere, distantzia gordetzeko aukera emateaz gain, beste abantaila asko zituzten: diskrezioa, bitartekariren beharrik eza edo ongintza, adibidez. Ordainketaren txanponak ere ezin ziren ukitu: erosleak metalezko burruntzali moduko batean utzi, eta saltzaileak, ukitu gabe, ozpinetan jartzen zituen desinfektatzeko. Ontziekin ere tentu handiz jokatzen zuten; izan ere, erosleak bere ontzia eraman bazuen, hura ukitu gabe betetzen zion saltzaileak, kanula batez baliatuz.

Gaur egun

aldatu
 
Ardoaren leihoa edo zuloa

Leihoei buruzko ikerketen ondorioz jakin da XIX. mendera arte eraiki zirela, eta zaharrena 1532koa dela. Denboraren poderioz erabiltzeari utzi, eta batzuk hormatu ziren, beste batzuk itxi, edo haien zeregina aldatu zen. Florentzian 150 buchette baino gehiago gorde dira gaur arte (hobekien kontserbatu direnak Via del Giglio eta Via del Sole karriketan daude), eta elkarte bat sortu da haien memoria berreskuratzeko eta erabilera bultzatzeko gaur egungo negozioetan. Hala bada, 2020an, COVID-19ak ekarri duen egoerarekin, leiho hauek hasierako zeregina berreskuratzen hasi dira, pertsonen arteko distantzia gordez tabernetako lana errazten dutelako.

Erreferentziak

aldatu

Artikulu honen zati bat Wikipediako italierazko « Buchette del vino a Firenze » izeneko artikuluaz baliatuz egina da.

Kanpo estekak

aldatu