Alto Douroko mahastiak

Alto Douroko mahastiak1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Douro ibaiertzeko mahastiak terrazatan.

Mota Kulturala
Irizpideak iii, iv, v
Erreferentzia 1046
Kokalekua  Portugal
Eskualdea2 Europa / Ipar Amerika
Izen ematea 2001 (XXV. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Alto Douroko mahastiak (portugesez: Região Vinhateira do Alto Douro), Portugalgo Trás-os-Montes Garaia eskualdean kokaturik dagoen lurraldea da, herrialdeko ardo eremu ezagunena dena eta horregatik 2001 urtean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuena.

Historia aldatu

Erromatar Inperioaren amaieran jadanik ardoa egiten zen eskualde honetan, baina mahatsen arrasto zaharragoak ere aurkitu dira indusketa arkeologikoetan. XII mendean Salzedas, São João de Tarouca eta São Pedro das Águias monasterio zistertarrek ekoiztu zuten ardoa.

XVII mendean mahastiak hedatu egin ziren eta 1675ean dugu "Portoko ardoaren" lehen aipamena. 1703an Methuen ituna sinatu zuten Portugalek eta Ingalaterrak eta britainiarrak Portoko kaian ezarri ziren. Hauen eraginez ardoa bihurtu zen eskualdeko merkatal gai nagusia eta 1756an Portugalek Portoko ardo eskualdea definitzeko araudia atera zuen.

XIX mendean penintsuako beste eremu batzuetan bezala bi izurrite handiri aurre egin behar izan zion, zurinari (1852) eta Phylloxerari (1863).

Fernando Nicolau de Almeida enologoak Bordeleko mahastiak bisitatu zituen Bigarren Mundu Gerra garaian eta handik kalitate goreneko ardoa egiteko ideia ekarri zuen. 1952an Barca Velha ardoa ekoiztu zuen.

Geografia eta klima aldatu

Douro ibaia da lurraldeko bizkarrezurra eta honi Varosa, Corgo, Távora, Torto eta Pinhão ibaiadarretako haranak gehitzen zaizkio. Marão eta Montemuro mendietatik Atlantiar ozeanoko haizeak iristen zaizkio baina klima mediterranearra dauka, uda bero eta lehorrak eta negu hotzak. Ohikoak dira mendi maldetako terrazatan landaturiko mahastiak.

Hiru azpieskualde bereizten dira:

  • Baixo Corgo (Corgo azpian): Eremu epel eta hezeena da. Mahastiek 14.000 hektarea hartzen dituzte. Lehenengo landaketak bertan egiten dira baina beste eremuak baino ardo apalagoak lortzen dira.
  • Cima Corgo (Corgo gainean): Eremurik zabalena da, 19.000 hektarea ditu. Pinhão herriaren inguruan zabaltzen da.
  • Douro Superior (Douro garaia): Eremu beroena eta lehorrena da. 8.700 hektarea hartzen ditu eta Espainiarekin muga egiten du. Eskualde berriena da eta oso kalitate oneko ardoak egiten dira bertan.

Erreferentziak aldatu

41°06′06″N 7°47′56″W / 41.10167°N 7.79889°W / 41.10167; -7.79889


Kanpo estekak aldatu