1946ko Irango krisialdia edo Irano-azeriar krisialdia (persieraz: غائله آذربایجان Qaʾilih Âzarbâyjân, "Azerbaijango krisialdia") Bigarren Mundu Gerra osteko gatazka izan zen, Sobietar Batasunak Iranen okupaturiko lurraldeak utzi ez zuelako sortua.
1941ean, Estatu Batuak oraindik neutrala zela, 'aliatuek' pahlaviar Iran inbaditu zuten: Armada Gorriak iparraldea eta britainiarrek erdialdea eta hegoaldea.[1] Gerran zehar, estatubatuarrek eta britainiarrek bertatik bidali zituzten Sobietar Batasunarentzako hornidurak.[1]
Baina, gerra bukatu eta sei hilabetera, herrialdea uztea adostu zuten.[1] Hala ere, atzerako kontaketa amaitu zenean, Iosif Stalinek Iranen geratzea erabaki eta sobietarren aldeko irandarrek Azerbaijango Herri Errepublika aldarrikatu zuten.[2] 1946ko hasieran, kurduek Mahabadeko Errepublika aldarrikatu zuten.[3] Gerra zibila piztu eta 2.000 hildako izan ziren baina, Ahmad Qavam irandarren ahaleginei eta estatubatuar presio diplomatikoari esker, sobietarrek bere laguntza eten zuten eta azeriar-kurdu aliantza menderatua izan zen. Gatazka hau Gerra Hotzaren lehendabiziko "guduetako" bat hartzen dute.