Zirin-zakua hegazti batzuen txitoek sortzen dituzten zaku zurixka eta lirdingatsuak dira, non euren zirina biltzen eta kanporatzen duten[1]. Txitoak bere kaka habian bertan bota beharrean, zaku itxurako egitura horietan kanporatzen du, helduak batu eta habiatik kanpora eraman dezan. Gorotzak habiatik errazago kanporatzeko mekanismo bat da, beraz, batez ere paseriformeetan eta gertuko beste hegazti orden batzuetan agertzen dena.

Baeolophus inornatus espezieko gurasoa bere txiotoen zirin-zakua habiatik kanporatzen.

Eskuarki, gurasoak elikatu berri duen txitoak automatikoki sortzen eta kanporatzen du zirin-zakua, gurasoak hartu dezan. Zenbaitzutan, gurasoak zaku hori kanporatzea ere estimulatu dezake txitoaren kloaka ukituz [2] . Espezie batzuetako txitoek habiaren ertzean uzten dituzte zakuak, gurasoek habiatik kendu ditzaten.

Estrategia etologiko honen helburua bikoitza da. Batetik, habia garbi mantentzea, infekzioak gutxituz; bestetik, habia inguruan zirin-usaina izatea saihesten du, harraparientzat zailago bilakatuz habia bera aurkitzea[3] [4]. Kasu batzuetan helduek poltsa horiek jan egiten dituzte; beste askotan, habiatik urrun botatzen[5].

Espezie guztiek ez dute zaku fekalik sortzen. Gehienbat paseriformeak eta pizidoak dira estrategia hau erabiltzen dutenak. Habian denbora luzez irauten duten espezieekin ere lotuta dago. Normalean, hegazti gazteak lehenengo hegaldiak egiteko prest daudenerako, zirin-zakuak sortzeari uzten diote.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu