Zarauzko balea (bertsoak)
Zarauzko balea bertso jarri batzuetarako motibo izan zen: 1878ko otsailaren 11n Zarauzko itsasertzean harrapatutako balearen auzia polemikoa izan zen (Donostiako Aquariumeko balea da animalia haren hezurdura zehatza), zarauztarren eta getariarren arteko enegarren tirabira eragiteagatik. Arrantzan parte hartu zuen protagonista nagusietako batek, Roke Etxabek, bertsotan jarri zuen gertaturikoa, Zarauzko arrantzaleen ikuspegia eskainiz.[1]
Gertakariak
aldatu1878ko otsailaren 11n Zarauzko itsasertzean azaldu zen balea. Bertara heldu ziren Zarauzko eta Getariako traineruak, baita Oriokoak ere. Getariarrek ez zuten lehen arpoia sartzen asmatu, bai ordea zarauztarrek, Roke Etxabek nonbait. Baina getariarren eta oriotarren artean errematatu zuten Moilarri parean, eta gero gorputza Getariara eramatea lortu zuten getariarrek.[2]
Epaitegietan auzia hasi zen berehala, eta hilabete batzuen buruan getariarrei eman zien epaiak arrazoia, baina ordurako balearen aprobetxamendua ezinezkoa zen, usteldua eta alferrik galdua zegoen. Hezurdura egoera bikainean zegoen, ordea, eta Donostiara joan zen, non Donostiako Aquariumean dagoen ikusgai 21. mendean.
Abestia
aldatuGetarian eta Zarautzen bada haurrek elkar zirikatzeko erabilitako kantutxo bat, honela dioena:[1]
« | Zarauztarrak / Getaiarrak txoruak balia hiltzera, arpoi amots-amotsa harriai sartzera. | » |
Bertso jarriak
aldatuRoke Etxabek 22 bertsoko sorta epikoa idatzi zuen, Zarauzko balearenak izenekoa, gertakariak adieraziz. Garaian idatziz argitaratu ez baziren ere, ahoz zabaldu ziren eta belaunaldiz belaunaldi pasatu ziren. Hori dela eta, bertsoen hamaika bertsio aurki daitezke Zarautzen.
Lehen bertsoa 1854an Donostian harrapatutako balearen bertsoen berdin-berdina da. Argi eta garbi ondoriozta daiteke Roke Etxabe bertso horietan oinarritu zela Zarauzkoak egiteko.[3]
Hogeitaka bertso dira hamarreko txikian, eta doinu berezkoarekin.[4] Andoni Egañak bildutako bertsio batekoak dira ahapaldi hauek:[5]
Milla zortzieun da/ setenta y otxuan
Zarauztik txaupa bat/ baletara juan;
Anton getariarra/ lagun artu zuan
gizon balientia / ori zalakuan
obe zuan Kaperok / ikusi ez bazuan.
Lenengo suertia/ zan Antonentzako
badira motibuak/ kantak jarritzeko.
Aguro pronto jarri/ ziran agintzeko
ori basta izan zan/ bazterrak nasteko,
an etzan korajerik/ arpoia sartzeko.
Lenengo estokada/ zarauztarrentzako
asko bildurtu gabe/ oriek zuten jo.
Baita esnatu ere/ bazeguen ere lo
kuadrilla ederra giñan/ eule ta errero
ongi portatua da/ Jabier Kapero.
Arpoia eskuan da/ korajez beterik
Roke Etxabe zegon/ aurrean zut zutik.
Ez al zaio azaltzen / balia urpetik…
ezarri zion firme / bizkarrezurretik
jendiak esan zuan/ “orrenak egin dik!”.
Ordubi t´erdietan/ arpoia sartuta
marru egiten zuan/ arek min artuta.
Getariar oriek/ danak bildurtuta
kanpuan egon ziran/ kobardiatuta
uste gendun zeudela/ denak erituta
Getari etorri zan/ baliaren galdez
ikusten zitulako/ txalupa aiek trabes
Baietz agindu giñon/ geure borondatez
Antonek albotikan/ ematerik nai ez,
naiz berak baliari/ batere sartu ez.
Ikusi duteneian/ balia ur-mintzian
bi arpoi sartu dizke/ gogor biotzian
indarrak aplakatu/ odol isurtzian
ez da geio esnatuko/ arnasa aitzian
derrepente il zaigu/ ia iluntzian.
Molla gainera ginduzten/ iru gizon iyo
gure konbeniyuak/ ez du asko baliyo;
Gizonak egitia / ainbeste traiziyo
egunen baten orrek/ igarriko diyo
zein dan jakin zazute/ Jose Gregoriyo.
Mediku eta apaiz/ bestia alkatia
bale-sokai tiraka/ bazan an jendia.
Gizon armatuakin/ garbitu bidia,
lapurrari bezela/ iriki atia
preso artu gaituzte/ gu eta balia.
Kontxan laga biarrian/ mollan dute sartu
aziyo orregatikan/ ez giñaren poztu;
Arrika ematia´re/ etzitzaien aztu,
tripulazio dana/ oso giñan nastu
orregatik Antonek/ balia erraz ostu.
Gau artan bota zuben/ gezurrez partia
argatik izandu zan/ guretzat kaltia
Sebastian du izena/ ez dakit lonbria
zume-punta batekin/ ango alkatia
oju egiten zuben: /“neu naiz erregia!”.
Elkanok bi seme orain/ errege baditu
gizon brontzezko orrek/ nola egin ditu?
Zume zar baten puntak/ ainbeste meritu!
Zarauzko alkatiak/ errekan baditu
pobriak serbitzeko/ irukitzen ditu.
Oiek zer egin duten/ eztiyou igerri
egiya esan biar/ errege jaunari;
arpoi asko tiratu/ guziak urari
ori jarri biar da/ txori-bildurgarri
kobardia dalako/ Anton Aranberri.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Alberdi, Xabier; Perez, Suso. (2012). «Getariarrak eta zarauztarrak balea-arrantzan haserre» Artzape 117.
- ↑ «Xabier Alberdi: "Euskal arpoilariak oso kotizatuak izan ziren"» EITB 2021-05-11 (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
- ↑ Zabala, Antonio. (1978). «Zarautz'ko balearenak» Arrantzaleen bizitza. Auspoa Liburutegia, 28-73 or. ISBN 8471580578..
- ↑ Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Zarauzko balearena - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).
- ↑ Egaña, Andoni. (2017-10-23). «bertsolarien zarautz» Bertsolari (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).