Zaldibobo
Zaldibobo Mixel Ducauk 1991n sorturiko Rock eta Folk taldea da. Berarekin batera, Joseba Tapia, Mikel Artieda, Frederic Gallardet eta Beñat Amorena batu ziren proiektu honetan.
Zaldibobo | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Gipuzkoa |
Musika mota | rock Folk |
Urteak | 1991 - 1996 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Elkar |
Taldekideak | |
Mixel Ducau Joseba Tapia Mikel Artieda Beñat Amorena Frederic Gallardet | |
Informazio gehigarria | |
Taldeak, Rock, Funk, Folk eta erritmo afrikarrak Tapiaren trikitiarekin nahastu zituen, dantzarako abesti hobezinak sortuz.
Lehen diska, 1992an kaleratu zuten Basajaun izenpean. 1996an berriz, beraien bigarren eta azken diska plazaratu zuten, Aio! izenekoa. Diska hau kaleratu ostean taldea desegin egin zen.
Taldea
aldatu1991n gitarran eta soinu txikian oinarritutako talde bat sortzeko asmoari ekin zion Ducauk. Joseba Tapia ekarri zuen egitasmora, eta bi musikarien arteko "ezkontzatik" jaio zen Zaldibobo. Ameriketako Crazy Horse indio buruzagiaren euskarazko izena hartu zuen taldeak. Mikel Artiedak (baxua), Frederic Gaillardet (teklatuak) eta Beñat Amorenak (bateria) osatu zuten hasierako boskotea, Basajaun (Elkar, 1992) estreinako diskoa grabatu zuena. Estilo nahasketa handia zekarren lan hark. "Musika beltz amerikarra, jazza, Europan egiten den rocka, Euskal Herriko folk musika, denok landu ditugun estiloak dira. Neri betidanik gustatu izan zait soinu ezberdinak nahastea. Nahiz eta zaila izan nahasketa ona lortzea, askoz ere naturalagoa da musika modu honetan egitea", azaldu zuen Ducauk. "Gure folklore edo tradizioak beste zenbait folklorerekin zerikusirik duenez, bata bestearen ondoan jartzea baino, gure helburua amankomuntasunik badutela adieraztea izan da. Zaldibobo ez da erritmo bat, ezta estilo bat ere. Nahiz eta ezer berririk ez asmatu, berezko estiloa daukagula uste dugu".
Kantuak egin, entseatu eta zuzenean estudiora jo zuen taldeak, aurretik zuzenekorik eman gabe. Tapia eta Ducau talde batean elkartuta ikusteak jakin-mina piztu zuen, eta kritikak oso ondo hartu zuen diskoa, baina jendearen harrera ez zen taldekideek espero zutena izan. Nahi baino kontzertu gutxiago eman zituen taldeak, eta, gainera, taldekide bakoitza beste proiektu batzuetan murgilduta baitzebilen, zaila zen egitasmoa sendotzea. Ondorioz, taldeko kide batzuk joan eta beste batzuk etorri, lau urte igaro ziren hurrengo diskoa egin arte.
Eraberriturik eta gazteturik itzuli zen Zaldibobo Aio! bigarren diskoan (Elkar, 1996), honako musikari hauekin: Joxan Goikoetxea (akordeoia; Alboka), Ritxi Salaberria (baxua; Sorotan Bele), Michel Longaron (bateria; Klabelin Komik), Igor Telletxea (tronboia), Ricardo Abril (tronpeta) eta Luis Camino (perkusioak). Haize tresnak eta perkusioak erabiltzea izan zen diskoko nobedadea. Dantzatzeko moduko diskoa, irri egitekoa eta erritmo askokoa egite aldera, estilo hauek batu zituen Ducauk disko horretan: rai musika, euskal musika tradizionala, rhythm&blues doinuak eta "fandango heavya". "Rockaren eta euskal kantu tradizionalaren artean falta zen katebegia" iritzi zion Ducauk lan horri. "Kolore kolore" kantuak oihartzun handia izan arren, zuzeneko emanaldi kopuruak behetik jo zuen, eta taldeak ez zuen jarraipenik izan.
Taldekideak
aldatu- Mixel Ducau: ahotsa eta gitarra
- Joseba Tapia: ahotsa eta trikitia
- Mikel Artieda: baxua
- Beñat Amorena: bateria
- Frederic Gallardet: teklatuak
Diskografia
aldatuErreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Zaldibobo» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.