Villard de Honnecourt bidaia koadernoa

Livre de portraiture, Villard de Honnecourt (Honnecourt-sur-Escaut, c. 1200 Frantzia, c. 1250) XIII. mendeko arkitekto ibiltariaren bidaia koadernoa da. 1220 eta 1240 urteen artean ekoiztua.

Villard de Honnecourt bidaia koadernoa
Jatorria
Ezaugarriak

Villard de Honnecourten bidaia koadernoan, bere bidaietan ezagututako monumentuen eraikitzean ikasitako hainbat datuen testigantza jasotzen dugu. Adibidez Notre-Dame, Reims edo Chartreseko katedralen eraikitzean. Garaiko arkitektura (geometriaren jakintza), eskulturagintza, aroztegi eta hargintzaren inguruko hobekuntza eta garapen teknikoak jasotzen zituen. Beraz, XIII. mende hasierako arte, ikonografia, arkitektura, zientzia eta teknikari buruzko testigantza zuzen paregabea da.  

Eskuizkribua aldatu

160 x 250 mm-ko dimentsioak ditu dokumentuak, pergaminoz egina dago. Eskuizkribua mutilatua iritsi da guganaino, izan ere, XV. mendeko ohar batean, J. Mancel izeneko pertsona batek, 41 orrialde zeuzkala aipatzen du, baina gaur egun 33 orrialde kontserbatzen ditugu soilik.  Beraz 8 orri falta direnez, eskuizkribuaren mezuaren osotasuna zalantzan jarri behar dugu. Horretaz gain, Hanhaloser ikerlariak jatorriz 62 orrialde zituela proposatzen du, beraz dokumentuari buruz dugun hutsartea handiagoa izan litekela kontuan izan behar dugu.

Edukia aldatu

Eskuizkribuan, Honnecourt berak eskuz egindako 250 marrazki daude. Hauengatik ezagutua eta mirestua izan da. Margolanetan garapen teknikoak irudikatzen zituen zenbait azalpen testu gehituta. Eraikuntza- eta ingeniaritza-teknikei buruzko datu ugari bildu zituen, printzipio geometrikoak aplikatuz arkitekturari eta gizakia irudikatzeko moduari buruzko irakaskuntzak, Vitrubion jada agertzen zirenak. Eraikuntzan parte hartzen zuten ofizio guztiei lana errazteko teknika eta trikimailuak ere biltzen ditu. Adibidez, osorik ikusten ez den zutabe baten lodiera nola kalkulatzen den zehazten du, uraren gainetik zubi bat nola eraiki, nola neurtu ur laster baten zabaldura hau igaro barik eta nola kalkulatu dorre baten altuera.

Bere kategoriak hauek dira: animalia eta gizak irudikatzeko azalpenak, aparatu militarrak, objektu liturgikoak, eraikinen bistak eta planoak, eraikuntzarako tresnak eta, azkenik, proiektu arkitektoniko baten diseinuari eta gauzatzeari buruzko argibideak. Aurpegi eta gorputz eskultorikoak eskema geometrikoen bidez eraiki behar zirela esan zuen, hauen lerroak armonia bermatzeko aurrera pausuak baitziren, honela, denak zilindro, kono edo esferatik landua izan behar zuen. Kubistek beranduago ezaugarri hau biziki mirestu eta bereganatu zuten.

Bere bidaien berri ere eman zuen, bertan gertatutakoak eta kuriositateak aipatuz. Hungariara bidali zuela dio, baina ez du zergatik bidaltzen duen zehazten. Hala ere, bere bidai nagusiak leku hurbilagoetara izan ziren: Laon-go katedraleko dorreen planoak margotu zituen adibidez, Reims-eko arrosa-leihoa, Laussan-go arrosa-leihoa, Saint Etienne de Meaux-eko oinplanta eta Notre Dame Sainte Marie de Cambrai-ko burualdearen oinplanta[1].

Reimsko katedralean eman zuen denbora gehien, bertan Pierre de Corbie maistruarekin batera, talde lanean eztabaidatuz “disputatio”, presbiterioa pentsatu zutela dio. Honen ondorioz, garaian eraikuntzak modu honetan egiten zirela uste dugu, maistru ezberdinen edo maistru eta diszipulu arteko eztabaiden bidez. Honela, girola bikoitzeko presbiterioa diseinatu zuten[2].   

Villard de Honnecourt aldatu

Villard de Honnecourt (Honnecourt-sur-Escaut, c. 1200 Frantzia, c. 1250). XIII. mendeko arkitekto ibiltari eta arte teorialaria izan zen.

Eskuizkribuan zehar, ez da Villard de Honnecourten ofizioari buruz aipamen zuzenik egiten, beraz ezin dugu ziurtasunez arkitektoa zenik jakin. Kontuan izan behar dugu baita, garaian arkitekto lana ez zela existitzen, trazatzaile ofizioa baizik eta ez zuen, gaur egun betetzen duen zentzua modu zehatzean jaso beharrik. Hala ere, bere zenbait marrazkien analisia eginda, argia da, diseinuaren arazo teknikoei eta eraikitzean ematen ahal ziren zailtasunei aurre egitean interesaturiko teknikoa zela. Bere krokisak begiratuz, errazki ondorioztatzen ahal dugu, artista eta marrazkilari benetan trebea eta fina zela. Garaian, eraikin santuen produkzio handia eman zen, herri txikienetatik hiri handienetara, ehundaka ermita eta katedral eraiki ziren, ondorioz Europa osoan zehar artisau ibiltari taldeak, lana zegoen lekuetara mugitzen ziren. Honela, jakintza egunerokotasunean jaso zuela pentsa genezake baina bere jaioterria ezaguturik, prestaketa intelektuala izan zuela ondorioztatzen ahal dugu eta obra idatzi ezberdinak kontsultatu ahal izan zituela.

Honnecourt, Pikardia eskualdean zegoen, garaiko zentro sortzailea ezarri zen lekuan. Eragin ezberdin asko jasotzeko kokapen geografiko apartan zegoen, izan ere, bertan Ile de France eta Herbehereak, Normandia eta Ipar Alemania, zein Ingalaterra, Champagne eta Borgoña-rekin, konektatzen zituzten bidegurutzeak zeuden. Hots, Karolingiar Pizkundetik aurrera bertako abadia handiak kultur zentro garrantzitsuak izan ziren, liburutegi aberatsak mantenduz. Villard-ek bertan jakintza anitza bildu ahal izan zuen. Gaur egunean maiz, Villard de Honnecourten obra, Errenazimenduko gizonen lanaren aurrekaritzat jo izan da.

Eskuizkribuaren historia aldatu

Gaur egun, dokumentua Pariseko Museo Nazionalean gorderik dago, eskuizkribuen sailean (Frantzes Fondoak, 19093). Iraultza Frantsesaren aurretik, Historia jakintza zentru izateagatik famatua zen, Saint Germain de Prés-eko liburutegian ezarrita zegoen.  Haren lehen orrialdeko ohar batean, nahiz eta beranduago erdi ezabatzen saiatua izan, jabeen nortasuna ezagutzen ahal dugu, Félibien familia, arkitekturagintzan izandako interes biziagatik ezagunak direnak.

Jules Quicherat izan zen, 1849an eskuizkribuan arreta jartzearen arduradun. Horren ondotik, Saint Chapelle eta Notre Dameko eraberritze proiektuetan parte hartu zuen Jean Baptiste Lassus arkitektoak, dokumentuaren argitaratzea bideratu zuen. Bertako lamina guztiak kopiatu zituen, honen erreprodukzio litografiatua errazteko asmoz. Proiektua bukatu barik hil zenez, Alfred Darcel-ek bukatu zuen, 1858an aragitara emanez. Arrakasta bizia lortu zuen, ondorioz Willis apaizak, urte bat beranduago, ingelesezko edizioa argitaratu zuen. Honela Ingalaterra eta Frantzian ospe handia lortuz, hurrengo akademiko belaunaldiek haren inguruan ikerketa jarraiak eginez. 1906an Pariseko Museo Nazionalak faksimil edizio bat kaleratu zuen Henri Omont-en buruzagitzapean. Azkenik, 1934an Hans Hanhloserrek lehen edizio kritikoa kaleratu zuen[3].

Eskuizkribua XV. menderaino erabilia izan zela jakina dugu, ordura arteko jabeek bertan oharrak eta berridazketak egin baitzituzten. Honnecout-en ostean, XIII. mendean bertan, “II Maistrua” moduan izendatzea erabaki dugun autore baten eskutik pasa zen. Honek Villarden idazkera ezberdinez, oharrak gehitu zituen, eta haren zenbait marrazki zilarrezko minaz birpasatu zituen. Honela, hasieran ohar koaderno funtzioa izan zuela uste da, ondoren, segituan tailerreko liburuan bihurtuz. Baina Honnecourt-ek berak, eskuizkribuan jakintza teknikoa garatzeko informazioa eskaintzen duela dio. Beraz, agian bere argitalpenerako pentsatua izan zen gidaliburu tekniko moduan idatzi zuen Villardek. Horrela izango balitz, egileak kapituluetan bereizitako lan egituraketa bat egin behar izan zukeen, baina hau ezin dugu ziurtasunez jakin, orriak osatu gabe egoten ahal baitira.

Erreferentziak aldatu

  1. Keller, A. G.. (1995-12). «Roland Bechmann, Villard de Honnecourt: La pensée technique au XIIIe siècle et sa communication. Paris: Picard, 1991. Pp. 383, ISBN 2-7084-0367-2. 420 FF.» The British Journal for the History of Science 28 (04): 461.  doi:10.1017/s0007087400033513. ISSN 0007-0874. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  2. Heyman, Jacques; Erlande-Brandenburg, Alain; Pernoud, Regine; Gimpel, Jean; Bechmann, Roland. (2001). «Carnet de Villard de Honnecourt» Technology and Culture 29 (1): 142.  doi:10.2307/3105240. ISSN 0040-165X. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  3. Barnes,, Carl F.. (1960-05). «The Sketchbook of Villard de Honnecourt Theodore Bowie Villard de Honnecourt» Journal of the Society of Architectural Historians 19 (2): 85–85.  doi:10.2307/988015. ISSN 0037-9808. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).