Victoria Anda Eskibel

eskoriatza-Eskibel jauregia

Victoria Anda Eskibel (Gasteiz, XV. mendearen bukaera - Madril, 1541) gasteiztar noblea izan zen.

Victoria Anda Eskibel
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakVictoria de Anda y Esquivel
JaiotzaGasteiz, XV. mendea
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaMadril, 1541 ( urte)
Hobiratze lekuaSanta Maria katedrala
Familia
Ezkontidea(k)Fernan López Eskoriatza
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakaristokrata

Biografia aldatu

Martin Perez Andako eta Osana Diaz Eskibelgoren alaba zen. Aitaren aldetik jatorria Gasteizko Anda dorretxean zeukan (Santa Maria elizaren ondoko igoeran)

Fernan López Eskoriatza medikuarekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten (Fortun, Maria, Henrike, Hernan eta Joan).

Victoriaren senar Fernan Lopez Eskoriatza humanista ezaguna zen eta Katalina Aragoikoak bere medikua izateko deitu zion Ingalaterrara joateko eta, ondoren, haren senar Henrike VIII.aren sendagile ere izan zen. Hori horrela, Victoria Anda Eskibel eta bere senarra 1517 eta 1523 artean Ingalaterran bizi ziren, non senarra mediku gisa aritu zen hango gortean. Han jaio zen haien seme zaharrena eta Henrike izena jarri zioten, Henrike VIII.a erregea aita ponteko izan zuenaren omenez.

1524an Victoria Anda Eskibel Gasteizen zegoen bizitzen eta bere etxean hartu zituen Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren bi enbaxadari, Gasteizen zegoen Karlos V.a enperadoreakin elkartzera etorritakoak. Agian horren ondorioz, 1520ko hamarkadaren bukaeran Karlos V.a enperadorearen gortera joan zen, protomediku gisa, Victoriaren senarra.

1539. urte bukaeran Eskoriatza Eskibel bikoteak, bere seme zen Eskoriatza komendadorearen bidez, Gasteizko Udalari orube bat eskatu zion etxea eraikitzeko, hiriaren goiko partean eta harresi zaharraren gainean. Eskaera onartu zitzaien eta gaur egun ezagutzen dugun Eskoriatza - Eskibel jauregiaren eraikitze lanak egiten hasi ziren. Ez zuten eraikina amaituta ikusi, biak hil baitziren 1541ean Madrilen, bata bestearengandik hilabete gutxira. 1541eko irailaren 18an egin zieten biei hileta Gasteizko San Bizente elizan eta abuztuaren 31n Eskoriatza doktoreak bere osaba Agirre lizentziatuari boterea eman zion senar-emazteen testamentua egiteko (1541eko abenduaren 21ean egin zena). Testamentuan Victoria Andak enkargua utzi zuen Santa Maria elizan egin nahi zuen kapera eta hilobia egin zezaten. Era berean, testamentuan adierazita utzi zuten beren gorpuak bi urtez lurperatzeko Atotxako Andra Maria domingotar komentuaren kapera nagusian eta, ondoren, Gasteizko Santa Maria elizako San Roke kaperara eraman behar zirela (eta hori ezinezkoa ez balitz, Gasteizko Santo Domingo komentuko kapera nagusian zegoen Lopez Eskoriatza doktorearen aita hilobiratua zegoen hilobira). Azkenik, 1548ko ekainaren 3an Madriletik ekarri zituzten bikotearen gorpuak eta haien seme Eskoriatza komendadorearen lehen emazte Maria Eskibelena (Valladoliden hil zena 1542an).[1][2][3]

Erreferentziak aldatu

  1. MARTÍN MIGUEL, Mª Ángeles. (1998). Arte y cultura en Vitoria durante el siglo XVI. Gasteiz, Gasteizko Udala.
  2. VIDAL-ABARCA, Juan. (1977). Linajes alaveses: Los Escoriaza. Boletín de la Institución Sancho el Sabio, 21. urtea, 21. tomoa, 277-370 or..
  3. MANZANOS ARREAL, P. eta VIVES CASAS, F.. (2001). Las Mujeres en Vitoria a lo largo de los siglos: recorridos y biografías. Gasteiz, Gasteizko Udala.


  Artikulu hau Arabako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.