Vainica Doble pop musikako bikote espainiarra izan zen, eta modu irregularrean aritu zen jardunean 1971 eta 2000 artean, Gloria van Aerssenek (1932-2015) eta Carmen Santonjak (1934-2000) osatuta, eta eragin nabarmena izan zuen Espainiako pop independentean.[1][2]

Vainica Doble
Datuak
Musika motapop musika
Produkzioa
Diskoetxea(k)Columbia Records
Gloria van Aerssen
Carmen Santonja
Informazio gehigarria
Spotify: 2jbPowmJ5OQ9c4HxLjLkZZ iTunes: 35417742 Musicbrainz: bd70f31b-96c5-4bc5-8951-9a6a48478a94 Discogs: 1030429 Allmusic: mn0000431117 Deezer: 77941 Edit the value on Wikidata

Bere jarduera artistikoa beti diskoetxe handietatik kanpo garatu bazen ere, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, bere abestiek eta bere jarrerak hainbat musikari independenteren arreta erakarri zuten, denborarekin espainiar musikaren Olatu Berria deiturikoaren ernamuina osatu zutenak. Carlos Berlangak eta Fernando Marquezek, bereziki, indie musikako talde berriak gerturatu zizkioten gero Vainica Dobleri, hala nola Le Mans, La Buena Vida, Nosoträsh edo Family, eta horietako batzuk Elefant Recordsentzat ere grabatu zituzten,[3] bikotearen azken diskoa kaleratu zuen konpainiarentzat. Taldeak zortzi konpainia ezberdinen bidez argitaratu zituen diskoak.[4][5]

Bizitza

aldatu

Carmen Santonjak eta Gloria van Aerssenek kasualitatez ezagutu zuten elkar, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Carmen, autobusaren zain zegoela, distraiturik, Tannhäuser txistukatzen ari zen, eta,Gloriak, hara iristean, doinua ezagutu eta berarekin bat egin zuen. Hortxe hasi zen bion arteko adiskidetasuna. Gloriak Arte Ederrak ikasten zituen, eta Carmen kontserbatorioan zegoen piano karrera egiten. 1966an hasi ziren musikalki kolaboratzen. Benidormeko jaialdiaren ostean, Gloriak Carmeni konposatzen hastea proposatu zion, Benidormen aurkeztutako abestiak erdipurdikoak izan zirela-eta.[6]

Gero, Marisolen 1969ko film batean egin zuten debuta, anonimoki: Carola de día, Carola de noche. Enrique de las Casas Televisión Españolako zuzendaritzako kidearen bitartez, Music Son taldearekin harremanetan jarri ziren, eta abesti batzuk bereganatu zituzten euren errepertorioan; besteak beste, telebistaz ematen zen Lágrimas de cocodrilo.

Bikotearen hurrengo lana Jaime de Armiñanen Fábulas telesailerako sintonia bat eta hainbat abesti konposatzea izan zen. Hori zela eta, musikari eta moldatzaileekin lan egin zuten, eta lehen lan profesionalari forma eman zioten, abesten eta konposatzen zuen bikote gisa. Pepe Nietorekin harremanetan jarri ziren. Pepe Nieto Nuevos Horizontes izeneko talde bat ekoizten ari zen, eta Carmenek eta Gloriak lau abesti eskaini zizkieten: El afinador de cítaras, Las cuatro estaciones, Mi mosca favorita eta Mi churumbel. Taldearen single berrietarako abestiak osatzearekin batera, Ivan Zulueta zinema zuzendaria ezagutu zuten, eta hiru abesti prestatu zituzten Un, dos, tres, al escondite inglés filmerako.

Esperientzia horren ostean, Nietok beren izen propioarekin single bat grabatzea proposatu zien. Izen zerrenda luze batetik Vainica Doble izena aukeratu zuten azkenean. Columbia diskoetxearekin grabatutako singleak La bruja eta Un metro cuadrado abestiak bildu zituen, urte batzuk geroago Los Planetas taldeak moldatu zituztenak. Diskoa oharkabean pasatu zen publiko zabalarentzat, baina zale talde txiki batek gogotsu hartu zuen.

Gero, Fábulas telesailaren denboraldi berri batean kolaboratu zuten, Tickets izeneko talde batek lagunduta (handik sortu zen gero Asfalto taldea), zeinak bere lehen soilean Vainica Dobleren kantu bat sartu zuen, El rigor de las desdichas izenekoa.

Columbia etxearekin zuten kontratua amaitzean, Pepe Nietoren bitartez Manolo Diazekin jarri ziren harremanetan, Opalo zigilu sortu berria zuzentzen zuena. Tickets-ekin berriz ere, Refranes izeneko gai xume bat grabatu zuten, eta gai hori, berriz ere, telesail baten sintonia izan zen. 1971n, azkenik, iraupen luzeko Vainica Doble izenburudun lehen diskoa grabatu zuten eta Manolo Díaz izan zen ekoizlea. Guru Zakun Kin Kon bezalako gai harrigarriak bildu zituen, giza espeziearekin, modu traumatikoan, harremanetan sartzen zen herensuge estralurtar baten istorioa. Behin diskoa bukatuta, zentsurarekin arazoak izan zituen konpainiak, Quién le pone el cascabel al gato abestia zela eta —Francori buruzko alegoria bat zela ikusi nahi izan zuten, nahiz eta musikatutako fabula bat baino ez zen—.

1972an Gabonetako disko bat grabatu zuten, eta bertan bi kantu bildu zituzten, zigilu bereko Aguaviva bandaren kolaborazioarekin: Oh Jesús eta Evangelio según San Lucas. Vainica Doblek Opalorentzat egindako azken lana izan zen. Konpainia itxi ostean, Ariola diskoetxearekin sinatu zuten, eta zigilu horretarako Heliotropo lana kaleratu zuten, ekoizpen landuagoa zuen diskoa, orkestra moldaketak eta Pepe Nietoren zuzendaritza artistikoa zituena. Album horretan Habanera del primer amor eta Elegía al jardín de mi abuela klasikoak zeuden. Album horrekin Madrilgo Morocco aretoan eta Bourbon St. Tres eran tres telesailaren sintonia osatu zuten, eta haurrentzako Hoy también es fiesta saioan parte hartu zuten.

1975ean, Jose Luis Borauk Furtivos filmaren soinu-banda eskatu zien. Gong diskoetxearekin sinatu zuten, eta 1976ko udan grabatu zuten hurrengo diskoa: Contracorriente. Bere gairik ezagunena Déjame vivir con alegría, sitar musika tresnarekin egindako moldaketa harrigarri batekin armatua. Behin betiko ekoizpenarekin konforme ez, eta eszenatik desagertu egin ziren.

1980an itzuli ziren berriz grabazio estudiora. Saio horietatik sortu zen El eslabón perdido diskoa, non telebistako hainbat kantu eta ahaztutako gaiak berreskuratu eta doinu berri batzuk gehitu zituzten. 1981ean, El tigre del Guadarrama argitaratu zuten, giro ilun eta kritikoarekin. Crónica madrileña eta antzeko abestietan, sortzen ari zen Movida madrileña ikuspegi rokeroa erakutsi zuten. 1984an, Taquicardia izeneko disko bikoitza kaleratu zuten, intrigazko itzulera oso esperimentala. Urte berean, Joaquin Sabinarekin batera, Con las manos en la masa TVEko programarako musika sortu eta interpretatu zuten. Saio hori Elena Santonjak, Carmenen ahizpak, aurkezten zuen.

1997an kaleratu zuten Carbono 14 lana, eta publiko zabal batengana bideratzen saiatu zen diskoetxea. Moldaketak oztopatu zituen eta Alejandro Sanz, Miguel Bosé eta Ismael Serrano kolaboratzaileak inposatu zizkien, arrakasta komertzialarekin, baina bikotearen estetikarekin harreman gutxi edo bat ere ez zutenak. Vainica Doble bikotearen gehien saldu zen diskoa izan zen, baina jarraitzaileek gutxien estimatu zutena ere bai.

2000. urtean, Vainica Doblek behin betiko agur esan zuen En familia lanarekin, Elefant zigilu independentean grabatuta eta inolako presio komertzialik gabe. Dices que soy balada da abestietako bat. Prentsa espezializatuak urteko onenetakotzat jo zuen. Abeslarien seme-alabek eta bilobek parte hartu zuten lan horretan.

Urte horietako telebista sintoniarik ezagunenetako batzuk ere konposatu zituzten, hala nola Juncal (Jaime de Armiñánena) eta Celia (José Luis Boraurena) telesailena, eta hainbat abesti sortu zituzten beste abeslari batzuentzat, hala nola, Luz Casal, Sergio y Estíbaliz edo Paco Clavelentzat.

Carmen Santonja 2000ko uztailaren 23an hil zen Madril hirian, 66 urte zituela, eta hamabost urte geroago, 2015eko urriaren 22an, Gloria van Aerssenek, Cercedilla herriko ospitalean (Madrilgo Erkidegoa), 83 urte zituela.[7]

Diskografia

aldatu
  • Vainica Doble (1971)
  • Heliotropo (1973)
  • Contracorriente (1976)
  • El eslabón perdido (1980)
  • El tigre del Guadarrama (1981)
  • Taquicardia (1984)
  • 1970 (1991),taldeak 70eko hamarkadan Ópalo eta Columbia diskoetxeentzat argitaratutako kantu batzuen bertsioak
  • Carbono 14 (1997)
  • Miss labores (1999)
  • En familia (2000)
Bilduma diskoak
  • Coser y cantar (1997)
  • Vainica Doble. Grandes éxitos(2007)
  • A la manera de Vainica Doble (2017), hainbat artistak abagunerako interpretatu nahi izan zituzten edo bere garaian grabatu zituzten kantu ikonikoen bitxikeriak, duetoak eta bertsioak bildu zituen omenezko diskoa.

Erreferentziak

aldatu
  1. López, Carmen. (6/1/2019). Vainica Doble, esas señoras tan modernas. .
  2. (Gaztelaniaz) Semanal, Ahora. «Vainica doble, la modernidad que llegó sin avisar» www.ahorasemanal.es (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  3. «Elefant Records» Elefant Records (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  4. (Gaztelaniaz) Neira, Fernando. (2020-09-28). «Las 10 de… Vainica Doble» El País (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  5. (Gaztelaniaz) Medina, Marta. (2019-01-03). «Viejas, elitistas y con pánico escénico: el éxito inesperado de Vainica Doble» elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  6. «Biografía de Vainica Doble - La Fonoteca» lafonoteca.net.
  7. (Gaztelaniaz) Román, Manuel. (2014-11-23). «Vainica Doble, las visionarias de la Movida» Libertad Digital - Cultura (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).

Kanpo estekak

aldatu