Ura arraroa da.
Uraren indarra.

Ura oinarrizko likidoa da, gure planetan dagoen likido ugariena. Koloregabeko, usaingabeko eta zaporegabeko likidoa da.

Urak hidrogeno eta oxigenoa du. Ur molekula bi atomo hidrogenoz eta oxigeno atomo batez osatuta dago.

Ura hiru egoeretan egon daiteke Lurrean: likidoa (adibidez, itsasoetan edo ibaietan), solidoa (izotz edo elur moduan, glaziarretan eta toki oso hotzetan) eta gas moduan (ur-lurruna, adibidez hodeietan eta atmosferan). Uraren izozte puntua 0º C-koa da (ur likidoa tenperatura horretatik behera izotz bihurtzen da) eta irakite puntua 100º C-koa da (tenperatura horretatik gora ur likidoa ur-lurrun bihurtzen da).

Gure planetako azaleraren %70 urez beteta dago (itsasoak eta ozeanoak).

   Ba al dakizu   
Ura ezinbestekoa da bizitzarako. Urik gabe ez dago bizirik. Guk ura behar dugu (gure gorputzaren %65 ura da), baita animaliek eta landareek ere. Ur gabeko tokietan (basamortuetan, adibidez) bizia oso urria da, landare eta animalia gutxi daude.

Uraren zikloa

aldatu

Hidrosfera da Lurraren ur-eremua, itsasoz eta ozeanoz osatuta dagoena. Itsasoetako ura lurruntzen denean, ur-lurruna sortzen da, eta atmosferara igotzen da (atmosferako ur-lurrunak hodeiak sortzen ditu). Hodeietako ura kondentsatzen denean euri moduan jaisten da, edo elur moduan tenperatura oso hotza baldin bada. Beraz, uraren zikloan ura lurretik (ozeanoetatik, lakuetatik...) atmosferara pasatzen da, eta gero atmosferatik berriz lurrera euriaren bidez.

Uraren zikloari esker, ura baliabide berriztagarria da. Baina, hala eta guztiz ere, gizakiaren jarduera askok eragin kaltegarria dute, ura kutsatzen dutelako.

Gizakia eta ura

aldatu
 
Ur zikinak garbitzeko araztegia

Gizakiak edateko ura behar du (egunero gutxi gorabehera 1,5 litro ur edaten dugu). Herri eta hirietako biztanleok edateko ona den ura etxean bertan eskura dugu, kanilan. Herrialde pobreetan, aldiz, edateko ona den ura lortzea askoz zailagoa da. Edateko urak ez du inongo mikrobio gaiztorik eduki behar, eta horretarako araztegi izeneko tokietan ura garbitzen da gure etxeetara iritsi baino lehen. Herrialde pobreetan, ordea, sarritan ez dago araztegirik, eta jendeak garbitu gabeko ura edan behar du. Horregatik, askotan mikrobioz kutsatutako ura edaterakoan gaixotasun larri batzuk harrapatzen dituzte herrialde horietako biztanleek, kolera edo sukar tifoidea, adibidez.

Bestalde, gizakiak ura zikintzen du. Ura etxean edo lantegietan erabili ondoren, ur zikina edo kutsatua sortzen dugu. Ur zikin horiek garbitu behar dira ibaietara edo itsasora isuri aurretik, ingurumena babesteko eta ez zikintzeko. Araztegietan ere herri eta hirietatik datozen ur zikinak garbitzen dira. Ur garbiak izango dira gero ibaietara edo itsasora pasatuko direnak.