Ura nola lurruntzen den azaltzen duen eskema.
Itsas uraren lurrunketa.

Lurrunketa edo lurruntzea likido bat gas bihurtzea da. Likido bateko molekulak berotzen direnean, azkarrago mugitzen dira; energiaz beterik, partikulak elkar jotzen hasten dira, eta batzuk uretatik kanpora ateratzen dira, gas bihurtuta.

Horrela, adibidez, lapiko batean irakiten ari den ura poliki-poliki desagertu egiten da, lurrun bihurtuta, eta lurruna airearekin nahasi egiten da.

Materiaren egoera-aldaketa honetan, likido batzuk besteak baino azkarrago lurruntzen dira; hartara, irakite-puntu altuagoa duten likidoak (hots, irakiteko tenperatura oso altua behar dutenak) polikiago lurruntzen dira irakite-puntu baxuagoa dutenak baino. Urak, adibidez, 100 gradu behar ditu irakiteko (100°C-tan dago uraren irakite-puntua).

Lurrunketa ezinbestekoa da bizitzarako; esaterako, lurrunketaren bidez, itsasoetako ura hodei bihurtzen da, eta, ondoren, euri, elur, lanbro edo ihintz moduan itzultzen da berriro lurrera. Uraren zikloa deitzen zaio horri.

Lurrunketaren kontrako fenomenoa kondentsazioa da.

Lurrunketa-abiadura

aldatu

Zenbait likido beste batzuk baino azkarrago lurruntzen dira. Lurrunketa-abiaduran hainbat faktorek eragiten dute: Lurrunketa-abiadura likidoaren gainazalaren araberakoa da: zenbat eta handiago izan gainazala, orduan eta azkarrago lurruntzen da likidoa. Inguruko hezetasunaren araberakoa da: zenbat eta hezetasun gutxiago egon airean, orduan eta azkarrago lurruntzen da. Haizearen presentziaren araberakoa da: zenbat eta azkarrago ibili haizea, orduan eta azkarrago lurruntzen da. Tenperaturaren araberakoa da: zenbat eta handiago izan tenperatura, orduan eta azkarrago lurruntzen da. Irakite-tenperaturaren araberakoa da: zenbat eta baxuago izan likidoaren irakite-tenperatura, orduan eta lehenago hasten da irakiten.

Lurrunketa ere uraren zikloaren funtsezko zatia da.