Ulises, ontziko mastara lotuta, sirenen kantuari aurre egiteko

Ulises (edo Odiseo) Homeroren Odisea poema epikoko heroia da. Mendebaldeko literaturan gehien agertu izan den pertsonaietako bat da. Troiako gerran 10 bat urtez borrokatu ostean, Ulises beste 10 urte ibili zen abenturaz abentura, familiakoengana etxera iritsi arte. Homerok gizon zuhur, azkar, ausart eta gogor baten gisan deskribatu zuen.

Homeroren arabera, Itakako erregea zen Ulises, Joniako uharteetako batekoa. Laertes eta Antikleak ziren haren gurasoak, Penelope emaztea eta Telemako euren semea. (Geroagoko testuen arabera, Ulises Sisiforen semea omen zen eta Zirtze, Kalipso eta beste hainbatekin izan zituen haurrak).

Homeroren Iliada epopeian ere agertzen da Ulises, Troiako gerra kontatzen duen lanean. Ulisesek paper garrantzitsua du Agamemnon eta Akiles greziar heroien adiskidetzean. Behin baino gehiagotan ageri zaizkigu Ulisesen balentria eta borrokarako trebetasunaren inguruko deskribapenak. Haren burugogorkeria nabarmen ageri da Diomedesekin troiarren aurka egin zuen gaueko espedizioan.

Odisean irakur dezakegu nola bururatu zitzaion Ulisesi Troiako hiria menderatzeko ideia, gerrari amaiera eman ziona. Greziar soldaduak gorde zituen egurrez egindako gezurrezko zaldi baten barruan (Troiako zaldia). Troiarrek zaldia harresitik pasatu eta hiri barrura sartu zutenean, greziar soldaduak tropelean irten ziren zaldiaren barrenetik.

Odiseako gai nagusia gerraren osteko Ulisesen bidaia eta haren etxe zein erreinuaren berreskurapena dira. Troiatik irten ondoren, Ulises lotofagoen lurraldeetara heldu zen, landare misteriotsu bat jaten zuen tribu batengana. Zailtasun handiz, baina azkenean Ulisesek haren kide batzuk salbatzea lortu zuen, landare misteriotsua jateagatik drogatuta baitzeuden. Ondoren, Ulisesek Polifemo ziklopearekin egingo du topo, Poseidonen semearekin, eta itsu utziko du. Azkenean, Ulisesek Polifemoren kobazulotik ihes egitea lortuko du ahari baten sabelari eutsita.

Ulises eta haren kideak lestrigoien uhartera heldu ziren gero, erraldoi kanibalen uhartera. Ulisesek zeuzkan 12 ontzietatik 11 puskatu zizkieten. Gelditzen zen ontzian heldu ziren Ulises eta oraindik bizirik zeuden haren kideak Zirtze sorginaren uhartera. Zirtze sorginak gizonetako batzuk txerri bihurtu zituen eta Ulisesek erreskatatu behar izan zituen. Ondoren, Ulises heriotzaren lurretara heldu zen eta bertan hitz egin zuen Agamemnonen izpirituarekin eta Tiresias igarle itsuarekin. Tiresiasek azaltzen dio Ulisesi Poseidonen haserrea nola ekidin, Poseidon haserre baitago Ulisesekin honek Polifemo hil zuelako.

Ulisesek bidaiatzen jarraitzen du eta Eszila zein Karibdis topatzen ditu, Ulises eta haren taldekideak hiltzen ahaleginduko diren izakiak. Eguzkiaren jainkoa den Heliosen uhartean jainkoaren ganaduarekin topo egiten dute, Eguzkiaren Ganaduarekin. Arazoak arazo, Ulisesen taldekideak ganadua hiltzea lortzen dute, baina Ulises bakarrik atera zen bizirik ekaitz gogorretik. Horren guztiaren ostean, Ulises Kalipso ninfaren uhartera heltzen da eta preso hartuko du honek. Bertan emango ditu Ulisesek zazpi urte preso, Atena eta Hermesek lagunduko dioten arte.

Ulises, beraz, azkenean Kalipsoren uhartea utzi eta Itakara heltzen da, etxera. Bitartean, Penelopek (emazteak) eta Telemakok (semeak) gorriak pasatu zituzten boterea mantentzeko Ulisesek etxetik kanpo igarotako hogei urteetan. Ehun gizon baino gehiago izan ziren Peneloperekin ezkondu nahi izan zutenak. Penelopek haietako bat aukeratzeko zain zeuden bitartean, Ulisesen etxean geratzen ziren, bertan jan, edan eta parranda eginez.

Ulises etxera heltzean, bere txakur leialak eta inude batek baino ez dute ezagutzen. Atenaren laguntzarekin lortzen du bera dela frogatzea. Benetan Ulises dela frogatzeko Penelopek haren arku zaharra erabilarazten dio. Ondoren, Telemako eta beste bi esklaboren laguntzarekin, Ulisesek Peneloperen ezkongai guztiak hiltzen ditu. Dena den, Penelopek ez du guztiz sinesten Ulises denik eta beste proba bat jartzen dio. Azkenean, sinesten dio Ulises dela, hainbeste urtez desagertuta egondako haren senarra eta Itakako erregea. (Ulisesen abenturak zehatz-mehatz jakiteko Homeroren Odisea liburura jo ezazu).

Homeroren obretan, Ulisesek aukera asko ditu amarru eta iruzurretarako talentua erakusteko. Aldi berean, kementsua, leiala eta eskuzabala izaten da beti. Beste zenbait greziar eta erromatar idazlek ere aipatu izan dute Ulises beren obretan. Batzuetan politikari printzipiorik gabekotzat aurkezten zuten, beste batzuetan gidari zuhur eta ohoregarritzat. Filosofoek haren adimena eta jakinduria miretsi ohi zituzten.

Horrez gain, zenbait idazle erromatarrek (Virgilio eta Estazio barne) Ulises gutxietsi nahi izan zuten, Troia, Erromaren ama hiria suntsitzeagatik. Beste erromatar idazle batzuek, aldiz, (hala nola Horazio eta Ovidiok) miretsi egin zuten. Irudi literario iraunkorra da Ulises, ondorengo beste idazle askok ere jorratu dute, William Shakespearek, Nikos Kazantzakisek eta James Joycek, metaforikoki bada ere, besteak beste.