Shakespeareren erretratua.

William Shakespeare ingelesezko literaturako idazlerik ospetsuena da, baina baita munduko eta garai guztietako literaturgilerik handienetakoa ere. XVI. mendean jaio zen, 1564an zehazki, eta XVII. mendean hil, 1616an. Poesia eta antzerki-lanak idatzi zituen, haietako batzuk garai guztietako literaturak emandako lanik bikainenetakoak. Gainera, aktorea edo antzezlea ere izan zen, eta bere garaian ospe handia izan zuen.

Haren lanak hizkuntza askotara itzuli dira, baita euskarara ere haietako batzuk; duela 400 urte bizi izan zen arren, gaur egun ere antzezten dira Shakespeareren lanak eta hainbat film edo pelikula ere egin dira idazle honen literatura lanekin.

Zein dira haren lanik ospetsuenak?

aldatu

Antzerki-lanak dira ezagunenak, bai tragediak, bai komediak eta baita drama historikoak ere:

  • Tragediak: gai goibel edo latza dute eta, beti, zorigaiztoko amaiera izaten dute. Romeo eta Julieta, Hamlet, Macbeth eta Otelo dira ezagunenak.
  • Komediak: gai umoretsua eta dibertigarria dute eta ikuslea barrez jartzea bilatzen dute. Uda-gau bateko ametsa, Veneziako merkataria eta Zarata handia ezertarako ez dira ospetsuenak.
  • Drama historikoak: Historiako pertsonaiei buruzko gertakizunak kontatzen dituzte, tragedien antzeko moduan. Julio Zesar, Henrike VI.a, Rikardo III.a eta beste batzuk.
   Ba al dakizu    
Shakespeare 1616ko apirilaren 23an hil zen, Miguel de Cervantes espainiar idazlea hil zen egun berean.

Bizitza

aldatu

Idazle honen bizitzari buruzko gauza gutxi dakizkigu. Ez hori bakarrik, badago uste duenik inoiz ez zela existitu, hari buruzko dokumentu idatzi oso gutxi daudelako; ez dirudi uste hori egia denik, hala ere.

Badirudi aita merkatari aberats bat izan zuela. Gutxi gorabehera, 28 urte zituenean, Londresera joan zen eta han igaro zuen bere bizitza gehiena; antzerki-talde batean lan egin zuen, aktore-lanetan, baina baita lanak idazten ere eta apurka-apurka ospe handia lortzen hasi zen; irabazi zuen diruari esker, antzerki-konpainia baten jabe izatera iritsi zen. Haren konpainiak, The Globe izeneko antzoki bat ireki zuen Londresen, eta han antzeztu ziren haren antzerki-lanik ezagunenak.

Hil baino lehen, bere jaioterrira itzuli zen, eta bertan hil zen, 52 urte zituela. Haren antzerki-lanak ez ziren argitaratu bizirik zegoen bitartean, hil ondoren baizik.

Haren erretratu asko dauden arren, ezin da jakin benetan nolakoa zen: erretratu gehienak faltsuak dira edota bera hil ondoren egindakoak. Adituen ustez, argazkian dagoena da seguruenik erretraturik egiazkoena, gutxi gorabehera 40 urte zituenean egina.