Sisifo greziar mitologiako pertsonaia bat da, Eoloren semea eta Korintoko erregea. Haren istorioa antzinako greziar zein latindar testuetan agertzen da, Homeroren testuetan, besteak beste. Homeroren poemen arabera, Sisifo gizaki guztien artean zuhurrena da. Hala ere, beste testu batzuetan gizon tranpatitzat jotzen da.

Sisifo, XVII. mendeko margolan batean

Elezaharraren arabera, Sisifok Zeus jainkoa ikusi zuen Egina izeneko ninfa bahitzen. Ez zuen txintik esan harik eta Asopo, erreken jainko eta Eginaren aita, bere alabarengatik galdezka Korintora heldu zen arte. Sisifok pentsatu zuen aukera bikaina zela truke bat proposatzeko: Eginari pasatutakoa kontatuko zion, Korinton ur gezako iturri baten truke. Asopok ontzat jo zuentrukea.

Gertatutakoa jakin zuenean, Zeus haserre bizian jarri zen eta Tanatos, heriotzaren jainkoa, bidali zuen Sisifo hiltzera. Tanatosen itxura beldurgarria bazen ere, Sisifok ez zuen zirkinik ere egin. Atsegin handiz jaso zuen berria eta ziega batean bazkaltzeko gonbita egin zion. Tanatos konturatu baino lehen, Sisifok ziega barruan giltzaperatu zuen.

Tanatos preso zegoen bitartean, ez zen inor hiltzen eta Hades, azpimunduko erregea, guztiz sututa zegoen. Zeus (anaia) behartu zuen konponbidea lortzera. Zeusek Ares, gerren jainkoa, bidali zuen Tanatos salbatzera eta Sisifo azpimundura bidaltzera. Dena den, Sisifok jada igarri zuen gerta zitekeena eta bere emazteari eskatu zion hiltzen zenean inolako hiletarik ez egiteko. Emazteak hala egin zuen.  

Behin azpimunduan zegoela, Hadesi kexaka hasi zitzaion, emazteak ez zuela bete hileta egiteko betebehar sakratua. Hadesek hasieran ez zion jaramonik egin, baina behin eta berriz tematu zenez, berriro bizitzearen mesedea egin zion, emazteari irain horregatik errieta egiteko. Noski, Sisifok pentsatuta zuen azpimundura berriro ez itzultzea: bere hirira itzuli eta luzaro bizi izan zen bertan, azkenerako hilen azpimundura itzuli zen arte.

Behin bertan zegoela, Zeusek eta Hadesek, Sisiforen amarruengatik haserre, zigortzea erabaki zuten: pisu handiko harri bat igo beharko zuen mendi aldapatsu baten hegaletik, eta tontorrera heltzerakoan, harria berriro ere beheraino eroriko zen. Sisifok behin eta berriz igo beharko zuen harria mendiaren hegaletik, eta horrela betiko.

Zein da mito honen zentzua? aldatu

Modu askotan interpretatu izan dute antzinako mito honen esanahia. Batzuek eguzkiak egunero egiten duen zikloarekin lotzen dute, goizero-goizero irteten baita eta gero zeruertzean ezkutatzen. Beste interpretazio baten arabera, gizakion bizitzak inolako zentzurik ez duela esan nahi digu, gauza asko egiten ditugula behin eta berriro nahiz eta zentzurik ez izan, eta beste era batera bizi beharko genukeela, benetan garrantzitsua dena eginez.

Horrez gain, badugu “Sisiforen lana” esaera, zigor bat bailitzan beti gauza bera errepikatzen den lan gogorra izendatzeko.