Zibilizazio sumertarraren kokapena

Sumer munduko lehen zibilizazio aurreratuetako bat izan zen, antzinako Egipto baino oraindik ere lehenagokoa. Zibilizazio hau Mesopotamia hegoaldean garatu zen, Tigris eta Eufrates ibaien artean, hau da, gaur egungo Iraken, gutxi gorabehera K.a. 5500 eta 2000 urteen artean. Dirudienez, sumertar zibilizazioa desagertzearen arrazoiak kanpoko inbasioak, barne-gatazkak eta klimaren eta ingurumenaren aldaketak izan ziren.

Ez dugu sumertarren jatorria ezagutzen. Haien hizkuntzak ez du inongo zerikusirik gaur egun ezagutzen ditugun hizkuntzekin. Sumer izena akadtarrek, iparralderago bizi zen herri batek, eman zieten. Azkenean, herri honek konkistatu zuen Sumer.

Eufrates eta Tigris ibaiei esker, sumertarrek lur emankorrak zituzten, eta nekazaritza eta merkataritza garatu ahal izan zituzten. Komunitate sumertarrak hiri-estatuetan zeuden antolatua, eta hauetako bakoitzean apaiz edo errege batek agintzen zuen.

Sumertarrek beste zibilizazioek baino askoz lehenago eraiki zituzten hiri handiak. Sumertarren lehen hiri handia Uruk izan zen, K.a. 5500. urte aldera existitu zena aztarna arkeologikoen arabera. Badirudi sumertarrek idazkera kuneiformea ere asmatu zutela, historiako idazkera mota zaharrenetako bat, ondoren beste herriek erabili zutena. Testu zaharrenak K.a. 3000. urte ingurukoak dira.

Eguna 24 ordutan eta ordu bakoitza 60 minututan zatitzea ere sumertarrek asmatu zutela ematen du. Gurpila ere sumertarrek asmatu zutela uste izan zen denbora luzean; gurpila, ordea, askoz ere lehenagokoa da.