Idazkera kuneiformea duen buztinezko taulatxo bat

Idazkera kuneiformea aurkitu den idazkera mota zaharrena da. Duela 5.000 urte inguru hasi zen erabiltzen Mesopotamian eta Ekialde Hurbileko beste lurralde batzuetan; hau da, Egiptoko hieroglifikoen garai berean. Idazkera mota honek 3000 urte iraun zuen, gure aroaren hasierara arte, gutxi gorabehera.

Buztinezko taulatxoetan idazten zuten, garai hartan papiroak edo papera asmatu gabe baitzegoen, eta erraz garraiatzeko egokiak zirelako. Garai hartan, jende gutxik zekien idazten, eta, berez, lanbide bat zen: eskriba deitzen zaie aspaldiko garaietan idazteko ogibidea zutenei. Eskribek marka edo zulotxo lerrozuzenak egiten zituzten ziri edo zizel zorrotz batez; hain zuzen ere, kuneiforme hitzak "ziri itxurakoa" esan nahi du (latinez, ziria "cuneus" esaten zen).

Horrelako taulatxoak 18. mendearen erdialde inguruan aurkitu ziren, baina inork ez zuen ulertzen idazkera kuneiformea. Persiako Behistungo inskripzioa 1835ean aurkitu zenean, berriz, posible izan zen aspaldiko testu horiek ulertzea, edo, bestela esanda, idazkera kuneiformea deszifratzea. Izan ere, inskripzio horretan, testu berbera hiru hizkuntza desberdinetan agertzen zen, eta haietako batean idazkera mota hau erabiltzen zen; beste hizkuntzak ezagunagoak zirenez, Henry Rawlinson izeneko aditu batek azkenik lortu ahal izan zuen idazkera kuneiformea ulertzea.