Txikipedia:Sexu-karaktere

Nerabezaroko aldaketa anatomikoak.

Sexu-karaktereak gizon eta emakumeen arteko desberdintasun anatomiko eta fisiologikoak dira. Gizakion dauzkagun hormonen eraginez gertatzen dira eta gure sexu biologikoa eratzen dute. Izan ere, gizakiok –beste animalia batzuek bezala– dimorfismo sexuala dugu; hau da, emeek eta arrek ezaugarri fisiko eta psikiko desberdinak ditugu.

Kromosomek zehazten dute gizakion sexua. Dauzkagun 46 kromosometatik, pare bat kromosoma sexualak dira. Emakumeen kasuan, bi kromosoma horiek XX dira, eta gizonen kasuan XY.

Gizakiok bi eratako sexu-karaktereak ditugu:

Lehen mailako sexu-karaktereak aldatu

Ugalketarako dauzkagun organoak dira. Organo horiek desberdinak dira: badira ugaltze-organo maskulinoak eta femeninoak. Jaiotzatik bertatik dauzkagunak dira, eta ernalketa gertatzen den momentuan zehazten dira. Horien bitartez bakarrik bereizten dugu jaioberri bat neska ala mutila den. Urte batzuk igaro ondoren, ugaltze-organo horiek emankor bihurtzen dira, hau da, ugalketarako baliagarriak diren zelulak sor ditzakete.

Gonadak heldutasunera iristen direnean, zelula sexualak sortzeaz gain, hormona batzuk eragingo dituzte; eta hormona haiek eragingo dute bigarren mailako sexu-karaktereen agerpena.

Bigarren mailako sexu-karaktereak aldatu

Gizakiek 11 eta 15 urte bitartean dituztenean, ugal-aparatua heldutasunera iristen da. Aro horri nerabezaroa deitzen diogu. Aro horretan, aldaketa garrantzitsuak gertatzen dira neska-mutilen gorputzean; haietako batzuk bai neskengan eta bai mutilengan gertatzen dira: adibidez, altuagoak bilakatzen dira, ilea irteten zaie besapeetan eta pubisean, pisua irabazten dute…

Baina beste aldaketa batzuk sexu bakarrari gertatzen zaizkio, mutilei bakarrik eta neskei bakarrik. Bigarren mailako sexu-karaktereak dira. Ezaugarri fisiko horiek ez daude zuzenean loturik ugalketarekin, baina desberdinak dira gizonezkoengan eta emakumezkoengan.

Nesken bigarren mailako sexu-karaktereak aldatu

  • Nerabezaroa 10 eta 14 urte bitartean agertzen da, estrogenoen eta progesterona izeneko hormonaren ekoizpenarekin.
  • Mutilek baino altuera txikiagoa izaten dute.
  • Bularrak handitzen zaizkie.
  • Aldakak zabaltzen zaizkie.
  • Gantzak gehiago pilatzen zaizkie aldaketa eta izterretan.
  • Baginako lubrifikazioa agertzen da.

Mutilen bigarren mailako sexu-karaktereak aldatu

  • Nerabezaroa 12 eta 15 urte bitartean agertzen da, testosterona izeneko hormonaren eraginez.
  • Neskek baino altuera eta pisu handiagoa izaten dute.
  • Giharrak gehiago garatzen zaizkie.
  • Sorbaldak zabaltzen zaizkie.
  • Zintzur-sagarra nabarmentzen zaie (zintzurreko irtengune bat).
  • Ile gehiago izaten dute gorputzean eta aurpegian. Bizarra eta bibotea ateratzen zaizkie.
  • Zakila eta barrabilak handitu eta hazia isurtzen hasten dira, batzuetan oharkabean, lo bitartean.