Nerabe batzuk.

Nerabezaroa gizakion bizitzako garai bat da, haurtzaroaren ondoren datorrena.
Nerabezaroan, gizakiok aldaketa handiak izaten ditugu arlo biologiko, psikologiko eta sexualean.
Gutxi gorabehera 10-12 urterekin sartzen gara nerabezaroan, eta 19-24 urterekin ateratzen.
Nerabezaroan dagoenari nerabea deitzen zaio.

Aldaketa fisikoak aldatu

Nerabezaroa gerturatzen pubertaroadenean, umeen gorputza azkar hasten da bere tamaina handitzen eta forma aldatzen. Aldaketa horiek pubertaroa baino lehen hasten dira, eta desberdin gertatzen dira neskengan, mutilengan eta, oro har, pertsonengan.

Neskak 10 eta 12 urteen artean hasten dira azkar hazten, mutilak baino urte bat edo bi lehenago. Neska gehienak 14 urterekin iristen dira heldutan izango duten garaiera edo altuera izatera. Gutxi gorabehera 12 eta 13 urteen artean, neskak hilekoa edukitzen hasten dira eta haurdun gera daitezke. Bularrak eta gorputzeko ileak lehen hilekoa jaitsi eta urtebetera hasten dira hazten, gutxi gora behera.

Mutilen garapen fisikoak beste egutegi bat du, eta asko aldatzen da pertsona batetik bestera. Normalean, 12 urterekin hasten dira luzatzen, 16 urte izan arte. Epe horretan hazten dira gorputzeko ileak, baita ahotsa gutxika loditzen ere.

Bi sexuetan, erreprodukzio-organoak apurka-apurka haien tamaina eta funtzio helduak izatera iristen dira 14 eta 16 urteen artean. Sexu-hormonen eraginez gertatzen dira aldaketa horiek. Heldutasun sexualarekin batera areagotu ohi da sexuarekiko interesa. Nerabeak lotsatu egin ohi dira, euren garapen-prozesua ez bada lagunenaren antzekoa, baina nerabezaroaren bukaeran gazte gehienak eroso sentitzen dira euren garapenarekin.

Aldaketa psikologikoak aldatu

 
Nerabeen arteko harremanak.

Nerabeak batzuetan barrutik nahasturik bezala sentitzen dira, egonezinik, helduen mundura sartzen ari direlako. Izan ere, puntu horretatik aurrera, harremanak eta erantzukizunak umetakoen oso desberdinak dira. Nerabe bakoitzak bere modura jasaten ditu aldaketa horiek, hainbat arrazoirengatik. Nerabearen inguruak eta haren familiaren jarrerak eragin handia izaten dute haren jokamoldean, bizitzako hainbat alorretan zer jarrera den onargarria eta zer ez zehazterakoan, adibidez. Nerabeak gero eta askatasun handiagoa eduki nahi du, eta horrek desadostasunak sortzen ditu familiaren barruan, batzuetan. Izan ere, askotan, gurasoek pentsatzen dute nerabea ez dela behar bezain heldua desio duen askatasuna izateko. Nerabe asko mintzen dira haurrak balira bezala tratatzen dituztenean, eta sarri haserrearekin erantzuten diete gurasoen arauei, batzuetan baita jokamolde okerrekin ere. Gazteen eta gurasoen kezkak antzekoak izan arren, bakoitzak era batera pentsatzen du horien inguruan.

Nerabeek nahiago izaten dituzte lagunen interesak eta konpainia, familiarenak baino. Jarduerak, musika eta kirola esaterako, askoz atseginagoak izan ohi dira lagunekin familiarekin baino, kasu gehienetan. Guraso gehienek ulertzen badute ere, zaila egiten zaie sarritan seme-alaben bizitzan ez sartzea. Oreka-falta hori urteekin hobetzen da, eta belaunaldien arteko bestelako harremanak garatzen dira.

Gazte askori zaila egiten zaie urte horietako nahasmena ondo eramatea. Batzuek alkohola, marihuana edo bestelako sustantziak kontsumitzen dituzte. Drogak ordu batzuetarako ihesbide egokia direla ematen badu ere, drogak kontsumitzeak konponbide baino arazo gehiago ekartzen ditu. Drogak eta alkoholak eragin kaltegarriak dituzte gorputzean eta arazo emozionalak eragiten dituzte; familia-arazoak eta arazo sozialak larriak izan daitezke. Nerabeen heriotza-arrazoi nagusiak istripuak eta suizidioak dira, eta drogen eta alkoholaren kontsumoaren emaitza izan ohi dira sarri.

Sexualitatea ere nahasgarria izan daiteke nerabeentzat. Gazte asko ez dira seguru sentitzen haien erakargarritasunarekin, eta ez dute jakiten haien sexualitatearekiko sentimenduak nola kudeatu. Nesken eta mutilen garapenaren arteko alde handiak egoten direnez, ondo garatutako neskak eta oso helduak ez diren mutilak egon ohi dira ikasgela berean. Nerabe batzuk kezkatzen dituzten arazo ohikoenetako batzuk dira Sexu-transmisiozko gaixotasunak eta jaiotza-kontrola.

Nerabe askok etsia hartzen dute helduen instituzioekin; erlijioarekin, politikarekin, eskola-sistemarekin eta familia-harremanekin, esaterako. Ona eta zintzoa zela erakutsi zietena ez da pentsatzen zuten bezain erraza. Gutxinaka, nerabea heltzen doan heinean, hobeto ulertzen ditu balio-sistemak eta pertsona guztien ahuldadeak.